Andoaingo garbigunea ireki dugu

Hilabeteak pasa ditugu lanean, eta azkenean, gaurkoan poz handiz, gune hau martxan jartzeko eguna iritsi zaigu.
 
Eskualdean bigarren Garbigunea dugu, eta Tolosakoak bezala, herritarren erabilera handia izatea espero dugu honek ere. Garbigune batek, hondakinak zabor bihurtu baino, hauei balioa ematean du funtsa. Hondakinak sailkatzean, beharrezko tratamentua egiteko aukera zabaltzen baita.

 
Hala, guztira 12 hondakin multzo sailkatzeko aukera ematen da bai edukiontzi handi hauen bidez, eta baita teilatupe horretako gunearen bidez ere. Bertan gainera, 14 hondakin arriskutsu sailkatu ahalko dira.
 
Tolosaldeko Mankomunitatearen helburua, ahalik eta aukera zabalena ematea da, horrela, gehiago sailkatzea eta beraz, zabortegietara gutxiago eramatea lortuko baita. Eskualdeko herritar guztientzat eskaini nahi den zerbitzu bat da, eta Tolosakoa bezalaxe, doakoa.
 
Garbigune honetan, Tolosakoan bezala, berrerabilgunearen zerbitzua ere emango da. Horrela, norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektriko etabar, ekarri daitezke gune honetara, eta bertan egongo diren antzeko gauzak ere hartzeko aukera izango da. Erabiltzen dugun edozerk izan dezake bizi berri bat, beste norbaiten eskuetan, eta asmo horrekin sortua dago berrerabilgunea.
 
Irekitze ekitaldi honetan, lankidetza bat ere azpimarratu nahi dugu. Izan ere, San Markoko mankomunitatearekin lankidetza bat martxan dugu, eta horri esker, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriez gain, Urnietako herritarrek ere erabili ahalko dute Andoaingo Garbigune hau.
 
Eskualdean helburu garbiak ditugu markatuta, eta gaurko honetan ere noranzko horretan kokatzen gaituen pauso bat ematen ari gara. Tolosakoarekin batera, Andoaingo garbigune honek, orduan eta gehiago sailkatzea bideratzen lagunduko digu eta beraz, zabortegietara ahalik eta gutxien eramatea lortuko dugu.
 
Lehengaien ustiaketa mugagabe baten aurrean, hondakinak errekurtso bezala kudeatzea da helburua. Ingurumenaren eta bideragarritasunaren alde batez ere, baina baita eskualde garbi, txukun eta osasuntsuago bat eraiki nahi dugulako ere. Herritarron ongizatea guztion esku dago; bide horretan gaude, eta ziur, denon artean eta garbigune hau bezalako aurrerapausoekin, bidea errazago egingo dugula.
 

Urriaren 8tik aurrera, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriek eta Urnietarrek ere erabili ahalko dute. Izan ere, San Markoko Mankomunitatearekin duen lankidetzari esker, Urnietaren gertutasun geografikoa izanik, bertako herritarrei ere doako zerbitzu hau eskaintzeko aukeran izango da Tolosaldeko Mankomunitatea.
 
Inaugurazio ekitaldian, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herriteako hainbat ordezkari izan dira, eta Andoaingo Udaleko hainbat politikari ere bertaratu dira.
 
Hitza hartzen, Ainhoa Ugalde Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakaria, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Diputatua den Iñaki Errazkin izan dira.
 
 
 
 
 
 

Hondakinen kudeaketa egoki baten alde, ordenantza bete dezagun

Mankomunitatetik, lanketa berezi bat egiten hasiko gara, hondakinak gaizki sailkatu eta leku desegokietan uzten dituzten  herritarrekin, benetan emaitza onak ematen dituela demostratzen duen sisteman parte hartu dezaten.

Mankomunitateak eskualdeko hondakinen kudeaketa egiteko eta arautzeko betebeharra duenez, Abuztuaren 26an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezala, hondakinen kudeaketaren inguruko ordenantza aplikatzen hasiko gara.  Horrela, ordenantza horretan Mankomunitatea zerbitzua ematera behartzen den moduan, herritarrei ere euren ardurak esleitzen zaizkie; bakoitzak bere hondakinak Mankomunitateak adierazitako ordutegi, egutegi eta baldintzetan ateratzeko zehazten delarik.

Mankomunitateak, arazoa konpontzeko asmoarekin hurrengo pausoak emango ditu: Lehenik eta behin, gaika sailkatu gabe eta ezlekuetan uzten diren zabor poltsa horiek identifikatuko dira (pegatina bidez) irailaren 26tik aurrera eta hurrengo pausoa, praktika txar hori egiten duten herritarrak identifikatzea izango da.

Ez sailkatzeak eta hondakinak kalean uzteak kalte egiten die herriei, herritarrei eta orohar, eskualde osoari. Horregatik, herritar guztiak gauzak ongi egitera gonbidatu nahi ditugu, denon ardura da eta guztion erantzunkizuna. 

Praktika desegokiek jarriatzen  badute, Ordenantzaren 40. artikuluan jasotzen den moduan, arau hausteak gertatuz gero 90 eurotik gorako zigorrak jarri beharko dira.

Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitatearen ordenantzak II. kapituluan jasotzen dituen hainbat arau hauste aipatuko ditugu: Hondakinak kontrolik gabe uztea, Mankomunitateko bilketa-bitartekoei zein hondakinen tratamenduari nahita kalte egitea edota uko egitea sortzen dituen hondakinak bilketa zerbitzuaren esku jartzeari.

Baina kasu honetan, batez ere 40.3.a artikuluan fokatu nahiko genuke: “hondakinak edukiontzietatik kanpo edo Mankomunitateak hondakinak uzteko adierazitako lekuetatik kanpo uztea, edo zerbitzuaren egutegitik edo ezarritako ordutegitik kanpo uztea”. Arau hauste hau da oraingoz herrietan jazotzen ari dena, eta ahal bezain pronto soluzio eman nahi dioguna.

Gainera, ordenantzak dioen moduan, dagozkien zigorrak kontuan izan gabe ere, arau-hausleak behartuta daude utzitako hondakinak kentzera eta zikindu duten ingurua garbitzera.

Hondakinen kudeaketari eta bilketa sistema berriari ez ezik, bizilagunei ere kalte egiten die kaleko poltsa horiek. Gainera, ongi sailkatu eta sisteman parte hartzen saiatzen ari diren herritarrenganako errespetu falta ere bada ezbairik gabe.

Beraz, herritarrei dei egiten diegu ordenantzako arauak bete ditzatela eta beraz, euren herrirako erabakitako bilketa ereduan parte hartu dezatela. Herriak txukun izatea guztien ardura da, eta ez dezagun axolagabetasunez jokatu. 

Hilabetean, birziklapen datuak irauli dira atez atekoaren bitartez

Hitz eman moduan, lau herri hauetan, atez atekoaren bitartez birziklapen datuak iraultzen ari gara lehen egunetik. Eta hori, argi dugu, herritarren parte hartzeari esker soilik lortu dela.
 
Alegia, Irura, Anoeta eta Zizurkil, Amasa-Villabona bezala, zero zabor norabidean martxan dira. Eta emaitzak jasotzen hasiak gara dagoeneko. Ahalik eta gehien birziklatzean, beraz, ahalik eta gutxien zabortegira eramatean jarri dugu helburua beti, eta dagoeneko lortzen ari gara.
 
Bilketa eredu berriarekin hilabete bete duten lau herri hauetan, datuak oso esanguratsuak izaten ari dira, hurrengo taulan ikus daitekeenez:
 
hilabeteko datuak atez ate
                                                                                                 *atez ate bildutakoa bakarrik hartzen du taulak
 
Azpimarratzekoa da, portzentaia altuena duen frakzioa, hau da, materia organikoa lehen aldiz orain hasi garela biltzen, eta ikus daitekeen moduan, sortzen dugunaren ia erdia da. Beraz, garbi dago, orain artean bezala, gai hau zabortegira eramatea, akats handia dela. Etxeetan sailkatu ondoren, ongarria egiteko erabiltzen da, eta ez da zabortegietan usteltzen uzten.
 
Bestetik, orokorrean birziklatze datuen iraultzea ikus daiteke datu hauetan. Eskualdeko datuetan, %30aren azpitik kokatu izan dugu birziklatze tasa, baina atez atekoa martxan den herri hauetan, irauli egin da guztiz, eta errefusa, kopuru oso txikia dela ikusi ahal da.
 
Atez ateko bilketak, benetan etxeetan sortzen duguna sailkatuarazten digu herritarroi, eta horregatik lortzen dira berehala halako datu esanguratsuak. Benetan sortzen duguna, atalka agertzen diren datu horietan islatzen baita.
 
Aurrera begira, parte hartzea handitzea eta beraz, datu horiek geroz eta altuagoak izatea dugu helburu. Ziur gaude, herritar guztion artean, ongi egiten jarraituko dugula. Herri hauen onerako zein eskualde guztiaren onerako.
 
Beraz, dei egiten diegu oraindik eredu berriari heldu ez dieten herritarrei, alde batetik, euren hondakinak kubo bidez eta sailkatuta ateratzeko, horrela, datu hauen arrakastan ere parte izanez. Eta bestetik, gure herriak txukun mantentzeko eskaera egin nahi dugu; herritar guztienganako errespetuan oinarrituz.
 
Amaitzeko, eta datu hauek hala eskatzen duten aitzakian, herritarrei eskerrak eman beharrean gara. Hartutako bidean, herritarrak sujetu garrantzitsuenak izan dira orain arte, eta izango dira aurrerantzean ere. Herritarrei esker, oso ondo egiten ari gara, eta jarrai dezagun horrela. Zorionak benetan guztioi!
 
* Taulako datuek, atez ate biltzen dena bakarrik barnebiltzen dute, beraz, beira hontatik kanpo geratuko da. Baita, eredu berriari uko egiten dioten herritarrek kalean uzten dituzten zabor poltsak ere. Beraz, atez ate biltzen diren kantitateak hartu dira kontutan, komertzioenak ere bai, eta ekarpen guneetara eramandakoak ere bai.
 
Kiloka, honakoak dira datuak:
Ontzi arinak: 11.830
Organikoa 34.180
Papera eta kartoia: 14.420
Errefusa:10.920
Guztira: 71.350

Amasa-Villabonan ere atez ateko bilketa martxan

Uztailaren 7 gauean atera dute Villabonako herritarrek organikoarekin euren lehen kuboa. Hurrengo goizean, bilketako langileek, kuboak jaso dituzte, eta gustora agertu dira guztiak ere, jasotakoarekin.

Eskualdean atez ateko bilketarekin batera hasi da organikoaren bilketa zerbitzua, eta honen garrantzia azpimarratzekoa da, etxeetan sortzen dugunaren %40a osatzen baitu materia honek. Herri askotan, eta Villabonan ere bai, asko dira konpostajearen bidez euren organikoa kudeatzen dutenak, eta beraz zabortegira ez dutenak bidaltzen. Atez atekoarekin, hori lortzen ari gara eskualdean, horrela, Amasa-Villabonatarren materia organikoak, beharrezko tratamentua jasoko duelarik eta ez zabortegira eramanda. Ondorioz, kostuak ere jaitsi egingo direlarik gainera.

Amasa-Villabonako atez ateko bilketa eredua, orainarte eskualdean izan ditugun ereduetatik desberdindu egin da. Izan ere, gizarteratze prozesuan jasotako ekarpenei kasu eginez, papera eta kartoiaren edukiontzia kalean mantenduko da, arropa, beira eta pilena bezala. Horrela, larunbatetan ez da hondakinik aterako zintzilikarioetara.

Tolosaldeko Mankomunitateak, eskerrak eman nahi dizkie Villabonatar guztiei, bai gizarteratze prozesuan izandako parte hartzearengatik, bai kubo banaketan izandako arrakastagatik eta baita erakutsitako jarrera baikorrarengatik.

Eskualde hobe baten bidean, Villabonak egiten duen aurrerapausoak ere eragin handia izan dezake, eta hori zoriontzekoa da.

Zero zabor norabidea hartu genuen, eta horretan pausoak ematen goaz herriz herri. Eskualde jasangarriago baten helburua gertuago dugu, eta hori, guztion artean lortu dezakegu. Hasieran aipatu moduan, dagoneneko 8 herri dira zero zabor norabidean jarrita daudenak. Eta hurrengo hilabeteetan, geroz eta gehiago batzen joango dira, etorkizuna den honetara.

Hasi gara atez ateko bilketarekin Anoeta, Irura, Alegia eta Zizurkilen

Pozik gaude, hainbat hilabetetako lanaren ondoren, azkenean atez ateko bilketarekin hasi baikara Anoeta, Alegia, Irura eta Zzirukilen. Atzokoa, egun handia izan zen. Orain arte, %25 inguru birziklatzen genuen gure etxeetan, eta hemendik aurrera, sistema berri honekin, %80 inguru birziklatzea izango da helburua. Eta emaitza hau noski, herritarren ahaleginari esker izango da.

Birziklatzearen inguruan ezin da izan intsumiso eta horregatik, orain arte herritarrek izandako parte hartze aktiboa eskertu eta berarekin jarraitzeko eskatzen diegu.

Atez atekoaren aldeko hautua egin dute herri hauek, birziklapenaren alde gaudelako, eta herritarrengan sinesten dugulako. Ohitura aldaketak zailak izaten dira beti hasieran, baina emaitzak azkar ikusiko ditugu eta guztion artean, eskualde jasangarriago bat egingo dugu ziur. Hasierako egunak, guztiontzat izango dira berriak, bai bilketako langileentzat eta baita herritarrontzat ere. Beraz, denok beharko dugu pazientzia pixka bat.

Aro berri bati ekin diote eskualdeko 4 herri hauek eta horregatik, Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie atez ateko bilketarekin hasi diren Zizurkil, Anoeta, Irura eta Alegiako udal eta herritarrei. Herri hauek egingo duten aurrerapausoarekin, birziklapen datuak iraultzeko bidean izugarrizko pausoa ematera baikoaz eskualdean.

Pozgarria da oso, ederra izango baita eskualdearen etorkizunean egingo dugun aldea. Harrotasunez diogu Zero zabor eskualdea geroz eta gertuago dugula, eta hori, herritarrei esker izango da.

Izan ere, Tolosaldean lehen aldiz ekingo zaio materia organikoaren bilketari. Herri asko dira organikoa konpostajearen bidez kudeatzen dutenak, baina gure hondakinen %40 den organikoa zabortegietatik atera eta beharrezko tratamendura eramatea, aurrerapauso handia da.

Eskualdearentzat aurrerapauso handia izango dela esaten dugu, lau herri hauen datuekin, birziklapen datuak iraultzera baigoaz. Horrela, herritarren ongizatea eta jasangarritasun ekonomikoa ere bermatze bidean.

Guztion artean, eskualdean alde ederra egingo dugu!

Tolosaldeko Mankomunitateak hartutako bidea eraginkorrena eta ekonomikoki bideragarriena da

Mankomunitateak bide “eraginkorra” hartu du from 28 Kanala on Vimeo.

Zero zabor eskualdea egiteko helburua du Mankomunitateak, eta horren gakoa, ahalik eta zabor gutxien sortzean dagoela azpimarratu dute. “Helburua, zabortegira ahalik eta hondakin gutxien eramatea da eta horretarako, hondakinak ongi sailkatzea da oinarria. Horrela, egungo ereduak mantentzen dituen zabortegietatik urrun egongo den eskenatokian kokatuz” adierazi du Eneko Maiozek.

Zero zabor bideari heldu diotela esan dute, ingurumenarekiko errespetua, oraingo eta etorkizuneko herritarren ongizatea, jasangarritasuna eta eredu merkeago baterantz kokatzek dutelako eskualde osoa.

Urteetan gaizki egin den kudeaketa ez arduratsuaren ondorioz, hainbat erabaki hartu behar izan dituztela azaldu du Maiozek.

Udalek orainarte Mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak ez du izan igoerarik, nahiz eta aurrekontua igo. Ondorioz, remanentetik hartzen da 2009az geroztik herriek Mankomunitateari ordaindu beharrekoaren zati bat. Honekin, ulertu daitekeena da, herriak euren posibilitateen gainetik bizi izan direla. Mankomunitatearen helburua, hau aldatu eta Udal bakoitzak jasotzen duen zerbitzua bere osotasunean ordaintzea izango da.

Norabide aldaketaren beste zergaiti batk herritarrei eragin ekonomiko ahalik eta txikiena egitea ere bada; izan ere, ia udal guztientzat defizitarioa den zerbitzu baten aurrean gaude.                              

Azken lau urteetan herriei ez zaie inongo igoerarik ezarri Mankomunitatetik, eta herri bakoitzaren gastua kubrituko ez bada ere, herriek Mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak %6 igoko dira. Hau ere, “orainarteko gestio desegokiaren ondorioa” dela argudiatu dute Mankomunitateko ordezkariek. Urte askoan zehar ez dira aplikatu igo beharreko kostuak, hala nola, GHK-koa, eta beraz, orain hau ere egin beharra dagokiela azaldu dute. “Igoera hau, ez da Mankomunitatearen  gastuak igo direlako edo bestelako arrazoiengatik. Azaldu bezala, herriek orainarte ordaindu duten kuota ez da erreala izan, eta horrek Mankomunitatean eragin zuzena izan du; remanentean zein aurrekontuetan”.

Mankomunitatea autofinantzatu behar den erakunde bat dela adierazi dute, eta helburu horrekin, herriei orain esfortzu hau eskatzen zaiela, kudeaketa desegoki hau errotik aldatu dadin.

Argi adierazi dute remanenteak, inbertsioetarako izan behar duela eta ez herrien kuotak ordaintzeko, hori ez baita gestio egokia. Herriek asumitutako gastua  baino zerbitzu  garestiagoa jasotzen baitute.

Horrela adierazita Udalei euren kostuak igoko zaizkiela esaten ari direla badirudi ere, ez duela hala izan beharrik adierazi dute. Izan ere, Mankomunitateak hartu duen ibilbidearekin, organikoa ahal den neurrian herrietan kudeatuz, eta bestetik, gaika ongi sailkatu ondoren birziklatze datuen biderkatzearekin lortuko diren emaitzek, orain arteko sistema baina jasangarriago eta merkeagoa izatea ekarriko dute. Herritarrek ahalik eta gastu gutxiena asumitzea lortu behar da, eta hori, guztion ahaleginarekin lortu daitekeela nabarmendu dute.

Amaia Azkuek adierazi moduan, “Mankomunitateak hartutako bide hau, eraginkorrena eta ekonomikoki bideragarriena da. Sistemen gainetik kokatzen gara, helburua, ahalik eta gutxien sortu, berrerabili eta ahal den guztia birziklatzea da, horrek kudeaketa kostuetan zuzeneko eragina duelako”. Herrien izaeraren arabera, eredu bat edo beste bat eramango dute aurrera:

Begi bistan ditugu orainarte eskualdean egiten ari diren aurrerapausoen guneak: Orendain, lehen zero zabor herria izan zen, horren ondoren, Elduain eta Orexa ere batu zirelarik izendapen horretara. Hauen atzetik, Altzo, Amezketa eta Berastegi ere euren pausoak ematen ari dira euren materia organikoa herrian kudeatu eta errefusa kontrolatuz, birziklapen tasak ahalik eta altuenak izan daitezen.

Bestetik, atez ateko bilketaren aldeko apustua egin duten herriak ditugu Alegia, Irura, Anoeta, Zizurkil eta Amasa-Villabona. Aste gutxiren buruan, herri hauen ahaleginak bere fruituak ematen dituela ikusiko dugu ziur.

Azkenik, Mankomunitatearen ibilbidean oinarrizko bihurtu den Konpostaje kanpaina dugu. Lehen aipatutakoek eta Aduna eta Lizartza bezelako herriek duten konpostajearen plangintzak eskualdeko gainerako herrietara zabaldu behar direla esan du Azkuek.

Herri guzti hauek, Tolosaldeko Mankomunitatearekin batera ibilbide baten lehen pausoak ematen ari dira, eta ziur agertu dira herritarrentzat fruitua emango duten pausoak izango direla.

Aurrera begira, Tolosaldeko Mankomunitateak ibilbide berean eskualdeko mapan puntu berde gehiago markatzeko lanean jarraituko duela adierazi dute ordezkariek. Hala, Garbigune berri bat irekitzeko lanak amaitzen ari dira Andoainen. Garbiguneek, birziklapena sustatzea dute helburu; ohiko birziklapen zirkuituetatik kanpo geratzen diren hondakinak birziklatzeko beharrezko guneak dira, eta honekin, eskualdean bigarrena osatuko dute, Tolosako San Blas garbigunearekin batera. Garbigunearena, esan bezala, beste pauso bat izango da, birziklapena, berrerabilpena eta murrizketaren helburuak betetzeko bidean.

 “Mankomunitateko kontuak orain arte ez bezala, gardentasunez eta arduraz” eramateko hartutako erabakien berri eman nahi izan dute, beti ere, herritarren interesak direlako benetan garrantzitsuenak. Herritarrei, konpromisoa eskatzen zaie aldi oro, hondakinen kudeaketan eurak direlako sujetu garrantzitsuenak, baina aldi berean, Tolosaldearentzako, herrientzako eta norbanakoentzat ere guztiok egiten ari garen ahalegina dela ikusi behar dugula azpimarratu dute.

Eskualdean dauden adibideekin ikusi ahal izan den moduan, guztien ahalegin txiki batekin, asko aurreratu daitekeela nabarmendu dute, eta horretara doazela adierazi.

Ekainaren 17an jarriko da martxan Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilen hondakinen atez ateko bilketa sistema

Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilek, gaurkoan, oraindela hilabete batzuk hasitako bidean beste pauso bat emango dute. Atez ateko bilketa martxan jartzearekin batera, euren herritarren ongizatean salto kualitatibo eder bat emango baitute.
Atez atekoa da birziklatzeko orduan arrakastarik handiena ematen duen sistema. Helburua zera dela dio Amaia Azkuek: Bilketa pertsonalizatu egoki baten bidez, eredu iraunkorragoa lortzea, beti ere, ingurumen irizpideak nahiz irizpide sozial, tekniko eta ekonomikoak lehenetsiz.
 
Mankomunitateko ordezkariak azaldu moduan, egun, Tolosaldeko herrietako birziklatze tasa %30aren bueltan badabil, 50 puntu inguruko aldea egitera doaz herri hauetan. Datuak iraultzeko garaia heldu dela ziurtatu du, eta urrats hori, herritarrei esker irmo bezain gogotsu emango dutela zihurtatu dute herriek..
 
Gipuzkoan jada 9 herri dira hondakinak atez ate biltzen dituztenak, eta honako herri hauek hastearekin, 13 izango gara dagoeneko eta etorkizunean, Villabonak bezalaxe, beste hainbat herrik ere hartuko dute herri hauek luzatzen dien lekukoa. Alegia, Anoeta, Irura, Zizurkil, Tolosaldea, ederragoa eta jasangarriagoa egitea dute helburu, eta denen artean, Gipuzkoa hobe, ederrago eta osasuntsuago
bat lortzeko nahia erakutsi dute.
 
Ekainaren 17tik aurrera hondakinak atez ate jasotzen hasiko dira lau herri hauetan. Frogatuta dagoelako gaikako bilketa %80etik gorako emaitzetara iristeko gai den sistema bakarra dela. Atez atekoak ohituretan aldaketaren bat ekarriko duela, baina adierazi dutenez, guztiengan erabateko konfiantza dute eta ziur daude, zailtasun handirik gabe, herritarrak sistema berrira moldatuko
direla. Atez Atekoa zuzen zuzenean benetan zer den egiaztatuko dela behingoz, eta aldaketa hau hoberako izango dela ziurtatu dute. Denen esfortzu txikiarekin, ondorengoei oraingoa baina mundu hobeagoa uzteko ekarpen txikia egingo dela azpimarratu dute.
 
Ingurumenarekiko errespetua, oraingo eta ondorengo herritarren ongizatea helburu izanda eta irizpide ekonomikoak oinarri hartuta, hondakinen kudeaketan aurrerapausoak ematen ari dira. Egin beharreko bidea hau dela ziur daudelako eta gaizki egiteko aukerak txikitu eta ongi egiten hasteko garaia
delako. Beraz, atez atekoari aukera bat emateko eskatu dute. Gainera, Amaia Azkuek azaldu duenez, hemendik 6 hilabetera, parte hartze prozesu baten bidez, emaitzak aztertu, herritarren asebetetzea ezagutu, eta beharrezko moldaketak egingo dituzte Udalek herritarrekin.
 
Tolosaldeko Mankomunitatetik argi dute herritarrekin eta herritarrentzat egin behar dela lurralde garbi, jasangarri eta iraunkorrak eraikitzeko bide hau. Honetarako, herritarrei dei egien die kubo sortak eta gidak jasotzera joateko.
 
Bilketa egiteko beharrezkoak diren edukiontzien banaketa egiten hasita daude dagoeneko: Alegian jada kuboen % 90 banatuta daude. Anoeta, Irura eta Zizurkilen asteburu honetan izango dira banaketa hitzorduak, eta seguru agertu dira, Alegian izandako arrakasta errepikatuko dela herri hauetan ere. Laur
herrien artean, 3000 etxebizitzetako kuboak banatuko dituzte. 
 
Azkuek adierazi moduan, “guztion parte hartzea beharrezkoa da atez ateko ereduak funtziona dezan, eta ziur gaude, orain artean bezala, herritarren gehiengoak euren sostengua emango diola. Atez atekoari aukera bat ematea eskatzen dugu, ezagutu dezagun“.
 
Mahaitik konfiantza guztia erakutsi dute denen artean ederki egingo dela. Gogotsu eta ilusioz, guztion artean eskualde ederrago bat margotzeko deia luzatu dute. 

 

Birziklapen bira honekin eta aurrerantzean emango diren pausoekin, Tolosaldeako birziklapen datuak irauliko ditugu

Amaiera, kanpainari bakarrik emango diogula diogu, lanean jarraituko baitugu bira honetan zabaltzen saiatu garen mezua geroz eta jende gehiagorengana iristeko.

Izan ere, eskualdea Zero zabor izateko bidean jarrita goaz, eta egiten ditugun ekintza guztiak horren inguruan kokatzen ditugu. Birziklapen birarena, beste pauso bat gehiago da eskualdean ematen ari garen asko bezala. Egindako eta egingo den guztia, Mankomunitate honek margotu nahi duen eskualdeko maparen osotasunean kokatzen dugu. Esan bezala, helburua, beti bera da, eta argi dugu zein den: ahalik eta hondakin gutxien sortzea, murriztea, berrerabiltzea eta ahal den guztia gaika
sailkatzea.
 
Helburu horiekin, eta batez ere birziklapenaren sentsibilizazioan oinarrituz, birziklapen bira egin dugu Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietan zehar. Guztira, 28 herri bisitatu ditugu Birziklapen gunea eta hitzaldi tailerren bidez, 8.500 herritarrenagana gure mezua helaraziz. Herriak bezala, ikastetxeak ere bisitatu ditugu hilabete honetan eta guztira, 20 ikastetxetako 1600 ikaslek
birziklapen gunean parte hartu dute. Ezin aipatu gabe utzi, guztira 7000 jogurt banatu ditugula, loretxoa landatzeko hazi-orriarekin batera.
 
Aipatu moduan, 20 ikastetxetako 1600 ikaslerekin egoteko aukera izan dugu eta hemendik eskertu nahi diegu, ikasturte amaiera izanik ere ikastetxeetatik jaso dugun harrera ona. Birziklatzea, heziketaren parte dela ikusi dugu eskualdeko ikastetxeetan, eta hori oso pozgarria da. Etorkizuneko Tolosaldearen giltzarri izango den belaunaldiak oso barneratuta du birziklatzearen garrantzia eta balore hori
ezinbestekoa da eskualdearen etorkizunarentzat.
 
Birziklapen gunearen bueltan eta hitzaldi-tailerretan topatu ditugun 8.500 herritarren erantzuna oso positiboa izan da. Gustoz hartu dituzte teknikari eta hezitzaileen azalpenak birziklapen gunean, eta ikusi denez, herritarrak birziklapenarekin geroz eta kontzientziatuagoak daude. Hitzaldi tailerrek ere
harrera oso ona izan dute, herritar asko bertaratu baita. Tailer hauen praktikotasunari esker, herritarrek eduki zitzaketen zalantzak argitzen saiatu gara.
 
Gerturatuek, esker hitzak izan dituzte aldi oro, eta poztekoa izan da herritarrek gauzak ongi egin eta beraz, hondakinak ongi sailkatzeko duten gogoa. Birziklapen bira honetan, herritarrek birziklapenaren inguruan duten kontzientziazio eta gogoarekin argi ikusi dugu Tolosaldea garbiago eta jasangarriago
bat egingo dugula denon artean. Tolosaldea hobeagoa.
 
Bira honetan, aipatu moduan, herritarrek birziklatzearen inguruan interes handia dutela ikusi dugu. Eta kanpainan zehar ikusitako beharrei eta eskaerei erantzunez, bira borobilduz, gida hauek banatuko ditugu etxez etxe datozen egunetan. Honela, gida eta eskuorri hauekin, birziklapen birak eskualdeko etxeetan bizirik jarraitzea lortu nahi dugu, birziklapenari denboran eutsiz.
 
Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta egoki sailkatzea, etxe barnean egin beharreko ekarpen txikiak dira. Eta zihur gaude, guztion artean, eskualdean ditugun birziklatze datuak iraultzea lortuko dugula. Gaur amaitzen dugun birziklapen bira honen bidez eta aurrerantzean ere emango diren pausoei esker, denon artean, Tolosaldean alde ederra egingo dugu.