Birziklapen bira honekin eta aurrerantzean emango diren pausoekin, Tolosaldeako birziklapen datuak irauliko ditugu

  • Eka
    6

    Amaiera, kanpainari bakarrik emango diogula diogu, lanean jarraituko baitugu bira honetan zabaltzen saiatu garen mezua geroz eta jende gehiagorengana iristeko.

    Izan ere, eskualdea Zero zabor izateko bidean jarrita goaz, eta egiten ditugun ekintza guztiak horren inguruan kokatzen ditugu. Birziklapen birarena, beste pauso bat gehiago da eskualdean ematen ari garen asko bezala. Egindako eta egingo den guztia, Mankomunitate honek margotu nahi duen eskualdeko maparen osotasunean kokatzen dugu. Esan bezala, helburua, beti bera da, eta argi dugu zein den: ahalik eta hondakin gutxien sortzea, murriztea, berrerabiltzea eta ahal den guztia gaika
    sailkatzea.
     
    Helburu horiekin, eta batez ere birziklapenaren sentsibilizazioan oinarrituz, birziklapen bira egin dugu Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietan zehar. Guztira, 28 herri bisitatu ditugu Birziklapen gunea eta hitzaldi tailerren bidez, 8.500 herritarrenagana gure mezua helaraziz. Herriak bezala, ikastetxeak ere bisitatu ditugu hilabete honetan eta guztira, 20 ikastetxetako 1600 ikaslek
    birziklapen gunean parte hartu dute. Ezin aipatu gabe utzi, guztira 7000 jogurt banatu ditugula, loretxoa landatzeko hazi-orriarekin batera.
     
    Aipatu moduan, 20 ikastetxetako 1600 ikaslerekin egoteko aukera izan dugu eta hemendik eskertu nahi diegu, ikasturte amaiera izanik ere ikastetxeetatik jaso dugun harrera ona. Birziklatzea, heziketaren parte dela ikusi dugu eskualdeko ikastetxeetan, eta hori oso pozgarria da. Etorkizuneko Tolosaldearen giltzarri izango den belaunaldiak oso barneratuta du birziklatzearen garrantzia eta balore hori
    ezinbestekoa da eskualdearen etorkizunarentzat.
     
    Birziklapen gunearen bueltan eta hitzaldi-tailerretan topatu ditugun 8.500 herritarren erantzuna oso positiboa izan da. Gustoz hartu dituzte teknikari eta hezitzaileen azalpenak birziklapen gunean, eta ikusi denez, herritarrak birziklapenarekin geroz eta kontzientziatuagoak daude. Hitzaldi tailerrek ere
    harrera oso ona izan dute, herritar asko bertaratu baita. Tailer hauen praktikotasunari esker, herritarrek eduki zitzaketen zalantzak argitzen saiatu gara.
     
    Gerturatuek, esker hitzak izan dituzte aldi oro, eta poztekoa izan da herritarrek gauzak ongi egin eta beraz, hondakinak ongi sailkatzeko duten gogoa. Birziklapen bira honetan, herritarrek birziklapenaren inguruan duten kontzientziazio eta gogoarekin argi ikusi dugu Tolosaldea garbiago eta jasangarriago
    bat egingo dugula denon artean. Tolosaldea hobeagoa.
     
    Bira honetan, aipatu moduan, herritarrek birziklatzearen inguruan interes handia dutela ikusi dugu. Eta kanpainan zehar ikusitako beharrei eta eskaerei erantzunez, bira borobilduz, gida hauek banatuko ditugu etxez etxe datozen egunetan. Honela, gida eta eskuorri hauekin, birziklapen birak eskualdeko etxeetan bizirik jarraitzea lortu nahi dugu, birziklapenari denboran eutsiz.
     
    Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta egoki sailkatzea, etxe barnean egin beharreko ekarpen txikiak dira. Eta zihur gaude, guztion artean, eskualdean ditugun birziklatze datuak iraultzea lortuko dugula. Gaur amaitzen dugun birziklapen bira honen bidez eta aurrerantzean ere emango diren pausoei esker, denon artean, Tolosaldean alde ederra egingo dugu.
Albiste guztiak ikusi »