Amasa-Villabonan ere atez ateko bilketa martxan

  • Uzt
    8

    Uztailaren 7 gauean atera dute Villabonako herritarrek organikoarekin euren lehen kuboa. Hurrengo goizean, bilketako langileek, kuboak jaso dituzte, eta gustora agertu dira guztiak ere, jasotakoarekin.

    Eskualdean atez ateko bilketarekin batera hasi da organikoaren bilketa zerbitzua, eta honen garrantzia azpimarratzekoa da, etxeetan sortzen dugunaren %40a osatzen baitu materia honek. Herri askotan, eta Villabonan ere bai, asko dira konpostajearen bidez euren organikoa kudeatzen dutenak, eta beraz zabortegira ez dutenak bidaltzen. Atez atekoarekin, hori lortzen ari gara eskualdean, horrela, Amasa-Villabonatarren materia organikoak, beharrezko tratamentua jasoko duelarik eta ez zabortegira eramanda. Ondorioz, kostuak ere jaitsi egingo direlarik gainera.

    Amasa-Villabonako atez ateko bilketa eredua, orainarte eskualdean izan ditugun ereduetatik desberdindu egin da. Izan ere, gizarteratze prozesuan jasotako ekarpenei kasu eginez, papera eta kartoiaren edukiontzia kalean mantenduko da, arropa, beira eta pilena bezala. Horrela, larunbatetan ez da hondakinik aterako zintzilikarioetara.

    Tolosaldeko Mankomunitateak, eskerrak eman nahi dizkie Villabonatar guztiei, bai gizarteratze prozesuan izandako parte hartzearengatik, bai kubo banaketan izandako arrakastagatik eta baita erakutsitako jarrera baikorrarengatik.

    Eskualde hobe baten bidean, Villabonak egiten duen aurrerapausoak ere eragin handia izan dezake, eta hori zoriontzekoa da.

    Zero zabor norabidea hartu genuen, eta horretan pausoak ematen goaz herriz herri. Eskualde jasangarriago baten helburua gertuago dugu, eta hori, guztion artean lortu dezakegu. Hasieran aipatu moduan, dagoneneko 8 herri dira zero zabor norabidean jarrita daudenak. Eta hurrengo hilabeteetan, geroz eta gehiago batzen joango dira, etorkizuna den honetara.

Albiste guztiak ikusi »