Minigarbigune berriak instalatuko dira landa eremuko beste sei udalerrietan

Aste honetan 6 minigarbigune jarriko dira Abaltzisketa, Alkiza, Albiztur, Belauntza, Hernialde eta Leaburun. Minigarbigune horietan hondakin espezifikoak bota ahal izango dira, Tolosan eta Andoainen herritarrei zerbitzua ematen dieten 2 garbiguneetako edozeinetara joan beharrik gabe.

Ekimen hau Tolosaldeko Mankomunitateak sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren laguntzarekin. Zerbitzu berri honekin, udalerri horietako herritarren irisgarritasuna hobetzen da 10 hondakin mota modu egokian bereizteko, hondakin horiek errefusarekin nahastu edo kalean utzi ez daitezen. Helburu nagusia hondakinen kudeaketa hobetzea eta gaikako bilketa indartzea da.

 

Zer hondakin bota daitezke?

Minigarbiguneetan zer hondakin mota utzi ahal izango diren argiago izateko, informazio-liburuxkak inprimatu dira, eta jarriko diren 6 udalerrietako etxe guztietara helaraziko dira. Oro har, hondakin hauek utzi ahal izango ditugu:

  • Informatika- eta telekomunikazio-aparatuak.
  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak.
  • Brotxak.
  • Tinta- eta toner-kartutxoak.
  • Kazolak, zartaginak eta mahai-tresnak.
  • Pilak.
  • Pinturak, barnizak eta disolbatzaileak.
  • Bonbillak eta fluoreszenteak.
  • Erradiografiak.

Tolosaldeko Mankomunitatetik pertsona guztiak animatzen ditugu zerbitzu berri hau zuzen erabiltzera, ingurumena babesten eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko. Gogoratu behar da erreferentziazko bi garbiguneen zerbitzuak indarrean jarraitzen dutela minigarbiguneetako ahoetan sartu ezin diren hondakin guztiak biltzeko.

MINIGARBIGUNE_2026

ALDAKETAK GABONETAKO BILKETA ZERBITZUAN

Gabonak direla eta, aldaketa batzuk izango dira Tolosaldeko Mankomunitateko udalerrietako hondakinen bilketa zerbitzuan.
Jarraian, hurrengo egunetan aurreikusitako aldaketak zehazten dira:

  • KOMERTZIOTAKO BILKETAK: abenduak 25 eta urtarrilak 1ean EZ da Tolosako komertzioen organikoaren bilketa egingo.
  • INDUSTRIAGUNETAKO BILKETAK: abenduak 25 eta urtarrilak 1ean EZ dira egingo.
  • TRASTE ZAHARREN BILKETA: Villabona eta Ibarran egun bat atzeratzen dira. Traste zaharrak, abenduak 25 eta urtarrilak 1ean, 20:00-22:00 bitartean atera behar dira.
  • GARBIGUNEAK: abenduak 24 eta 31ean irekita egongo dira ordutegi honetan: 9:00-13:30

Zalantzarik izanez gero deitu Mankomunitatera.

EKIN! kanpainaren 7. edizioa martxan da

Proiektuari buruz informazio gehiago ekintolosaldea bisitatuz

Abian da berriro ere mankomunitateko ikastetxeetara zuzenduriko hiri hondakinei buruzko EKIN! kanpaina.

LHko 5. edota 6. mailetako eta DBHko 3. mailetako ikasleei zuzenduriko hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpaina dugu. Programa Tolosaldeko Mankomunitateak sustatua dago eta urritik abendu bitarte, eskualdeko 30 ikastetxe bainoa gehiagotan garatuko da.

 

Tolosako hondakin arriskutsuen etxola berritu da material birziklatuekin

Hondakin arriskutsuen etxolak oso erabiliak izan dira azken urteotan kaleko edukiontzietara bota ezin diren hondakinak kudeatzeko, garbigunera joan behar izanik gabe. Etxola hauek behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa da bertan egokiak diren materialak soilik uztea. Ohikoenak aparatu elektriko eta elektroniko txikiak (patrikako telefonoak, teklatuak…), pilak eta bateriak, erradiografiak, tinta eta toner kartutxoak, margoak, brotxak, eta fluoreszenteak dira.

Urteetako erabileraren ondorioz, mantenu lan batzuk egin behar izan dira etxoletan, funtzionamendu egokia bermatzeko. Gaur izango da berriz erabilgarri Tolosan ohiko tokian, Emeterio Arrese kalean, eta berrikuntza berezi batekin gainera. Oraingoan, birziklatutako kafe kapsulekin egindako estaldura bat erabiliz konpondu da etxola. Estaldura hau herrian bertan kapsulak biltzeko dauden edukiontzietan jasotako materialarekin egin da.

Ekimen honi esker, ekonomia zirkularraren aldeko konpromisoa indartzen da, birziklapenaren bidez jasotako materialak berriro sisteman integratzen baitira. Jarduera honek erakusten du soluzio jasangarriak aplika daitezkeela hondakinen kudeaketaren fase guztietan.

Zuen laguntzari esker, gero eta herri garbiago eta jasangarriago bat eraikitzen ari gara. Eskerrik asko!

Maiatzak 17 Birziklapenaren Mundu Eguna

Maiatzaren 17a, Birziklapenaren Mundu Eguna, hondakinen kudeaketaren garrantziaz eta gure ekintzek ingurumenean duten eraginaz hausnartzeko eguna da. Aukera ezin hobea da denon artean birziklapenari eta iraunkortasunari dagokionez egiten ditugun ahaleginak eta lorpenak nabarmentzeko.

Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei etxeko hondakinak bereizteko eta birziklatzeko egiten duten lanagatik. 2024ko datuek erakusten dute konpromiso hori fruituak ematen ari dela.

Hainbat frakziotan hobekuntza lortu da, batez ere:

  • Ontzi arinak: %2,4ko igoera iazko datuekin alderatuta.
  • Papera: hazkundea mantendu da, 2 milioi kilo baino gehiago bildu dira.
  • Arropa: %10etik gorako igoera bilketan.
  • Kafe kapsulak: datuak goraka jarraitzen dute.
  • Landare-olio erabilia: 40 tonara gerturatzen da, igoera nabarmena.

Gainera, birziklapena herritarrentzat errazagoa izan dadin, hainbat minigarbigune berri jarri dira martxan udalerri desberdinetan. Gune hauek hondakin espezifikoak botatzeko aukera eskaintzen dute (brotxak, pilak, aparatu elektroniko txikiak…), Tolosa edo Andoaineko garbigunera joan beharrik gabe.

Guztira, 18,9 milioi kilo hondakin baino gehiago bildu dira 2024an, eta horietatik %65 inguru bilketa selektibo bidez kudeatu dira. Datu hauek herritarren inplikazioa islatzen dute. 2024 urtean, 301,84 kilo hondakin sortu dira batez beste biztanle bakoitzeko.

Hala ere, dena ez da positiboa. 2024an hondakin gehiago sortu dira 2023arekin alderatuta: guztira 519.000 kilo gehiago, eta biztanleko sortze-tasa ere igo da. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak batez beste 7 kilo gehiago sortu dituela 2024 urtean.

Gainera, bilketa selektiboa apur bat jaitsi da, %66tik %64,8ra, nahiz eta kantitate handiagoa birziklatu den frakzio jakinetan. Datu hauek erakusten dute oraindik badagoela zer hobetu. %65eko bilketa selektiboa datu positiboa bada ere, gure helburua, birziklapen-tasa handitzea eta hondakin gutxiago sortzea da. Horretarako, herritar guztien laguntza funtsezkoa da.

Mankomunitatetik gogorarazi nahi dugu egunero egiten den ahalegin txiki bakoitzak garrantzia duela. Etxean zaborra ondo bereiztea, edukiontzi egokiak erabiltzea eta hondakinak gutxitzea ezinbesteko pausoak dira gure ingurunea babesteko.

 

Eskerrik asko birziklatzeagatik! Eskerrik asko Tolosaldea zaintzeagatik!

EGOKITZE LANAK AMAITUTA BERRIRO ZABALIK DA TOLOSAKO SAN BLAS GARBIGUNEA

Datorren astelehenean, otsailaren 10ean, zabalduko ditu berriro Tolosaldeko Mankomunitateak San Blas Garbiguneko ateak, egokitzapen obrak egin eta gero. Hori horrela, Andoaingo garbigunea ohiko ordutegira itzuliko da.

Ohiko bilketa zerbitzuetan jasotzen ez diren zenbait hondakin eraman daitezke garbigunera. Bertan, gaika sailkatzen dira dagokion edukiontzian, eta ondoren baimendutako kudeatzaileen bitartez birziklatu edota balorizatu egiten dira.

ZER ERAMAN DAITEKE?

1) Kimaketa eta lorezaintzako hondakinak: belarra, hostoak, adarrak (gehienez 15 cm-ko diametrokoak).

2) Etxebizitzetako obra txikietako obra-hondakinak (uralita eta fibrozementuzko osagairik gabe)

3) Sofa, koltxoiak, somierrak, toldoak

4) Plastiko gogorra: fruta kaxak, lorontziak, jostailuak, pertsianak, hamakak, palanganak eta antzekoak.

5) Plastiko filma: bilgarrietarako erabiltzen den plastikoa.

6) Egurra: egurrezko altzariak (armairuak, aulkiak, mahaiak,…), ateak, lehioak, paletak, kajak,…

7) Kartoia: kartoizko kajak eta bilgarriak.

8) Burnikiak: aulkiak, fregaderoak, griferia, zartagiak, kubiertoak,…

9) Aparatu elektriko eta elektroniko haundiak: hozgailuak, garbigailuak, estufak, labeak, aire egokituaren aparatuak,…

10) Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: xurgagailuak, mikrouhin-labeak, plantxak, txigorgailuak, frijigailuak, kafe-makinak, ile-lehorgailuak, josteko makinak, irratiak, bideokamerak, soinu-ekipoak, bideo-ekipoak, musika-tresnak, etab.

11) Telebista, monitore eta pantailak

12) Autoetako gurpilak

13) Etxeko hondakin bereziak: pinturak, motorreko olioa, pilak, erradiografiak, aerosolak, toner kartutxoak, etab.

ERABILTZAILEAK ETA MUGAK

– Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarrak, komertzioak eta gremioak izan daitezke erabiltzaileak.

– Erabilera mugak astean 2m3 edota 750 kilo bitartekoak dira, erabiltzaile bakoitzeko.

– Obra hondakinak uzteko obra-baimena agiria eraman behar da.

TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEKO GARBIGUNEEN ORDUTEGIA

– SAN BLAS GARBIGUNEA (San Blas auzoa 9B – TOLOSA)

▪ Astelehenetik ostiralera: 9:00-14:00 / 15:00-17:30
▪Larunbatetan: 9:00-13:30

– ANDOAINGO GARBIGUNEA (Aranaztegi industrigunea – ANDOAIN)

▪ Astelehenetik ostiralera: 9:00-12:30 / 16:00-19:00
▪ Larunbatetan: 9:00-13:30

Alegian, 2025eko otsailaren 4ean