Maiatzak 17 Birziklapenaren Mundu Eguna

  • Mai
    19

    Maiatzaren 17a, Birziklapenaren Mundu Eguna, hondakinen kudeaketaren garrantziaz eta gure ekintzek ingurumenean duten eraginaz hausnartzeko eguna da. Aukera ezin hobea da denon artean birziklapenari eta iraunkortasunari dagokionez egiten ditugun ahaleginak eta lorpenak nabarmentzeko.

    Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei etxeko hondakinak bereizteko eta birziklatzeko egiten duten lanagatik. 2024ko datuek erakusten dute konpromiso hori fruituak ematen ari dela.

    Hainbat frakziotan hobekuntza lortu da, batez ere:

    • Ontzi arinak: %2,4ko igoera iazko datuekin alderatuta.
    • Papera: hazkundea mantendu da, 2 milioi kilo baino gehiago bildu dira.
    • Arropa: %10etik gorako igoera bilketan.
    • Kafe kapsulak: datuak goraka jarraitzen dute.
    • Landare-olio erabilia: 40 tonara gerturatzen da, igoera nabarmena.

    Gainera, birziklapena herritarrentzat errazagoa izan dadin, hainbat minigarbigune berri jarri dira martxan udalerri desberdinetan. Gune hauek hondakin espezifikoak botatzeko aukera eskaintzen dute (brotxak, pilak, aparatu elektroniko txikiak…), Tolosa edo Andoaineko garbigunera joan beharrik gabe.

    Guztira, 18,9 milioi kilo hondakin baino gehiago bildu dira 2024an, eta horietatik %65 inguru bilketa selektibo bidez kudeatu dira. Datu hauek herritarren inplikazioa islatzen dute. 2024 urtean, 301,84 kilo hondakin sortu dira batez beste biztanle bakoitzeko.

    Hala ere, dena ez da positiboa. 2024an hondakin gehiago sortu dira 2023arekin alderatuta: guztira 519.000 kilo gehiago, eta biztanleko sortze-tasa ere igo da. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak batez beste 7 kilo gehiago sortu dituela 2024 urtean.

    Gainera, bilketa selektiboa apur bat jaitsi da, %66tik %64,8ra, nahiz eta kantitate handiagoa birziklatu den frakzio jakinetan. Datu hauek erakusten dute oraindik badagoela zer hobetu. %65eko bilketa selektiboa datu positiboa bada ere, gure helburua, birziklapen-tasa handitzea eta hondakin gutxiago sortzea da. Horretarako, herritar guztien laguntza funtsezkoa da.

    Mankomunitatetik gogorarazi nahi dugu egunero egiten den ahalegin txiki bakoitzak garrantzia duela. Etxean zaborra ondo bereiztea, edukiontzi egokiak erabiltzea eta hondakinak gutxitzea ezinbesteko pausoak dira gure ingurunea babesteko.

     

    Eskerrik asko birziklatzeagatik! Eskerrik asko Tolosaldea zaintzeagatik!

Albiste guztiak ikusi »