mankomunitatea
EKIN! kanpainaren 7. edizioa martxan da
Proiektuari buruz informazio gehiago ekintolosaldea bisitatuz
Abian da berriro ere mankomunitateko ikastetxeetara zuzenduriko hiri hondakinei buruzko EKIN! kanpaina.
LHko 5. edota 6. mailetako eta DBHko 3. mailetako ikasleei zuzenduriko hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpaina dugu. Programa Tolosaldeko Mankomunitateak sustatua dago eta urritik abendu bitarte, eskualdeko 30 ikastetxe bainoa gehiagotan garatuko da.
Tolosako hondakin arriskutsuen etxola berritu da material birziklatuekin
Hondakin arriskutsuen etxolak oso erabiliak izan dira azken urteotan kaleko edukiontzietara bota ezin diren hondakinak kudeatzeko, garbigunera joan behar izanik gabe. Etxola hauek behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa da bertan egokiak diren materialak soilik uztea. Ohikoenak aparatu elektriko eta elektroniko txikiak (patrikako telefonoak, teklatuak…), pilak eta bateriak, erradiografiak, tinta eta toner kartutxoak, margoak, brotxak, eta fluoreszenteak dira.
Urteetako erabileraren ondorioz, mantenu lan batzuk egin behar izan dira etxoletan, funtzionamendu egokia bermatzeko. Gaur izango da berriz erabilgarri Tolosan ohiko tokian, Emeterio Arrese kalean, eta berrikuntza berezi batekin gainera. Oraingoan, birziklatutako kafe kapsulekin egindako estaldura bat erabiliz konpondu da etxola. Estaldura hau herrian bertan kapsulak biltzeko dauden edukiontzietan jasotako materialarekin egin da.
Ekimen honi esker, ekonomia zirkularraren aldeko konpromisoa indartzen da, birziklapenaren bidez jasotako materialak berriro sisteman integratzen baitira. Jarduera honek erakusten du soluzio jasangarriak aplika daitezkeela hondakinen kudeaketaren fase guztietan.
Zuen laguntzari esker, gero eta herri garbiago eta jasangarriago bat eraikitzen ari gara. Eskerrik asko!

Maiatzak 17 Birziklapenaren Mundu Eguna
Maiatzaren 17a, Birziklapenaren Mundu Eguna, hondakinen kudeaketaren garrantziaz eta gure ekintzek ingurumenean duten eraginaz hausnartzeko eguna da. Aukera ezin hobea da denon artean birziklapenari eta iraunkortasunari dagokionez egiten ditugun ahaleginak eta lorpenak nabarmentzeko.
Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei etxeko hondakinak bereizteko eta birziklatzeko egiten duten lanagatik. 2024ko datuek erakusten dute konpromiso hori fruituak ematen ari dela.
Hainbat frakziotan hobekuntza lortu da, batez ere:
- Ontzi arinak: %2,4ko igoera iazko datuekin alderatuta.
- Papera: hazkundea mantendu da, 2 milioi kilo baino gehiago bildu dira.
- Arropa: %10etik gorako igoera bilketan.
- Kafe kapsulak: datuak goraka jarraitzen dute.
- Landare-olio erabilia: 40 tonara gerturatzen da, igoera nabarmena.
Gainera, birziklapena herritarrentzat errazagoa izan dadin, hainbat minigarbigune berri jarri dira martxan udalerri desberdinetan. Gune hauek hondakin espezifikoak botatzeko aukera eskaintzen dute (brotxak, pilak, aparatu elektroniko txikiak…), Tolosa edo Andoaineko garbigunera joan beharrik gabe.
Guztira, 18,9 milioi kilo hondakin baino gehiago bildu dira 2024an, eta horietatik %65 inguru bilketa selektibo bidez kudeatu dira. Datu hauek herritarren inplikazioa islatzen dute. 2024 urtean, 301,84 kilo hondakin sortu dira batez beste biztanle bakoitzeko.
Hala ere, dena ez da positiboa. 2024an hondakin gehiago sortu dira 2023arekin alderatuta: guztira 519.000 kilo gehiago, eta biztanleko sortze-tasa ere igo da. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak batez beste 7 kilo gehiago sortu dituela 2024 urtean.

Gainera, bilketa selektiboa apur bat jaitsi da, %66tik %64,8ra, nahiz eta kantitate handiagoa birziklatu den frakzio jakinetan. Datu hauek erakusten dute oraindik badagoela zer hobetu. %65eko bilketa selektiboa datu positiboa bada ere, gure helburua, birziklapen-tasa handitzea eta hondakin gutxiago sortzea da. Horretarako, herritar guztien laguntza funtsezkoa da.
Mankomunitatetik gogorarazi nahi dugu egunero egiten den ahalegin txiki bakoitzak garrantzia duela. Etxean zaborra ondo bereiztea, edukiontzi egokiak erabiltzea eta hondakinak gutxitzea ezinbesteko pausoak dira gure ingurunea babesteko.
Eskerrik asko birziklatzeagatik! Eskerrik asko Tolosaldea zaintzeagatik!
ECOVIDRIO. Euskara
ECOEMBES euskara
EGOKITZE LANAK AMAITUTA BERRIRO ZABALIK DA TOLOSAKO SAN BLAS GARBIGUNEA
Datorren astelehenean, otsailaren 10ean, zabalduko ditu berriro Tolosaldeko Mankomunitateak San Blas Garbiguneko ateak, egokitzapen obrak egin eta gero. Hori horrela, Andoaingo garbigunea ohiko ordutegira itzuliko da.
Ohiko bilketa zerbitzuetan jasotzen ez diren zenbait hondakin eraman daitezke garbigunera. Bertan, gaika sailkatzen dira dagokion edukiontzian, eta ondoren baimendutako kudeatzaileen bitartez birziklatu edota balorizatu egiten dira.
ZER ERAMAN DAITEKE?
1) Kimaketa eta lorezaintzako hondakinak: belarra, hostoak, adarrak (gehienez 15 cm-ko diametrokoak).
2) Etxebizitzetako obra txikietako obra-hondakinak (uralita eta fibrozementuzko osagairik gabe)
3) Sofa, koltxoiak, somierrak, toldoak
4) Plastiko gogorra: fruta kaxak, lorontziak, jostailuak, pertsianak, hamakak, palanganak eta antzekoak.
5) Plastiko filma: bilgarrietarako erabiltzen den plastikoa.
6) Egurra: egurrezko altzariak (armairuak, aulkiak, mahaiak,…), ateak, lehioak, paletak, kajak,…
7) Kartoia: kartoizko kajak eta bilgarriak.
8) Burnikiak: aulkiak, fregaderoak, griferia, zartagiak, kubiertoak,…
9) Aparatu elektriko eta elektroniko haundiak: hozgailuak, garbigailuak, estufak, labeak, aire egokituaren aparatuak,…
10) Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: xurgagailuak, mikrouhin-labeak, plantxak, txigorgailuak, frijigailuak, kafe-makinak, ile-lehorgailuak, josteko makinak, irratiak, bideokamerak, soinu-ekipoak, bideo-ekipoak, musika-tresnak, etab.
11) Telebista, monitore eta pantailak
12) Autoetako gurpilak
13) Etxeko hondakin bereziak: pinturak, motorreko olioa, pilak, erradiografiak, aerosolak, toner kartutxoak, etab.
ERABILTZAILEAK ETA MUGAK
– Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarrak, komertzioak eta gremioak izan daitezke erabiltzaileak.
– Erabilera mugak astean 2m3 edota 750 kilo bitartekoak dira, erabiltzaile bakoitzeko.
– Obra hondakinak uzteko obra-baimena agiria eraman behar da.
TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEKO GARBIGUNEEN ORDUTEGIA
– SAN BLAS GARBIGUNEA (San Blas auzoa 9B – TOLOSA)
▪ Astelehenetik ostiralera: 9:00-14:00 / 15:00-17:30
▪Larunbatetan: 9:00-13:30
– ANDOAINGO GARBIGUNEA (Aranaztegi industrigunea – ANDOAIN)
▪ Astelehenetik ostiralera: 9:00-12:30 / 16:00-19:00
▪ Larunbatetan: 9:00-13:30
Alegian, 2025eko otsailaren 4ean
2024 GABONETAKO HONDAKINEN BILKETAKO ALDAKETAK
- IKAZTEGIETA: abenduak 24 eta 31ean EZ DA ORGANIKOAREN BILKETA ZERBITZUA EGONGO. Horren ordez abenduak 25 eta urtarrilak 1ean jasoko da, iluntzeko 22:00tatik aurrera.
- ANOETA eta ZIZURKIL: abenduak 25 eta urtarrilak 1ean EZ DA ERREFUSAREN BILKETA ZERBITZUA EGONGO. Horren ordez abenduak 26 eta urtarrilak 2an jasoko da, 8:00tatik aurrera
- ANDOAIN eta VILLABONAKO KOMERTZIOAK: abenduaren 25 eta urtarrilaren 1eko ORGANIKOAREN BILKETA PERTSONALIZATUA EZ DA EGINGO.
- TOLOSA TRASTE ZAHARRAK: abenduaren 24 eta 31ean EZIN DIRA TRASTE ZAHARRAK ATERA. Egun horietan izan beharrean altzariak abenduaren 25 eta urtarrilaren 1ean atera behar dira 20:00-22:00 ordutegian.
ETXETAKO HONDAKIN ARRISKUTSUEN BILKETARAKO ETXOLEN BERRITZEA
Tolosaldeko Mankomunitatea hondakin arriskutsuen bilketarako etxolak berritzen hasiko da. Datorren astetik aurrera, eta hilabete batez, Ibarrako San Inazio auzoko eta Alegiko Kultur Etxearen ondoko etxolak erretiratu egingo dira beharrezkoak diren mantenu eta konponketa lanak egiteko.
Hurrengo hilabeteetan, mankomunitateko beste 8 herritan (Tolosa, Andoain, Villabona, Anoeta, Asteasu, Irura, Zizurkil eta Berastegi) kokatuak daudenak konpontzen hasiko da ere. Etxola hauek etxeetan sortutako hondakin bereziak biltzeko erabiltzen dira, hala nola, tonerrak, pinturak, autoetako bateriak, pilak, fluoreszenteak eta aparatu elektriko eta elektroniko txikiak,…
Berritze lanak irauten duten bitartean hondakin arriskutsuak Andoaingo Garbigunera edota Mankomunitateak beste herritan ezarrita dituen etxoletara eraman daitezke.
Alegian, 2024ko maiatzaren 10

TOLOSAKO SAN BLAS GARBIGUNEA ALDI BATERAKO ITXIKO DA
Tolosako San Blas Garbigunean egingo diren egokitzapen-lanak direla eta, apirilaren 15etik aurrera, astelehena, itxita egongo da aldi baterako. Lanek 4 eta 6 hilabete arteko iraupena izango dutela aurreikusten da.
Instalazio alternatiboa (Andoaingo Garbigunea)
Tolosaldeko Mankomunitateko 28 udalerrietako erabiltzaile guztiek, hondakinen bat utzi behar badute, Andoaingo Garbigunean egin ahal izango dute. Garbigune horrek, obrek dirauten bitartean, jendeari irekitzeko ordutegia luzatuko du.
Tolosaldeko Mankomunitateak kudeatzen duen Andoaingo garbigunea Aranaztegi industriguneko 1 zenbakian dago, eta ordutegia honako hau izango da:
– Astelehenetik ostiralera: 09:00-14:00 eta 15:00-19: 00
– Larunbatetan eta abuztuan: 09:00-13:30
Andoaingo garbigunean utz daitezke herritarrek, saltokiek eta eraikuntzako gremio txikiek sortutako hondakinak. Erabiltzaile bakoitzak 750 kg eta 2m3-ko gehieneko bolumena garraia dezake astean.
Hondakin onargarriak
- Sailkatutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak
- Kartoia
- Zura
- Txatarra
- Plastikoak
- Inausketa eta lorezaintzako hondakinak
- Tamaina handikoak
- Etxetresna elektrikoak
- Arropa, ehunak eta osagarriak
- Gurpilak (partikularrenak bakarrik)
- Etxeko hondakin arriskutsuak: pinturak, pilak, fluoreszenteak, bateriak, tonerrak, aerosolak…
San Blas Garbiguneko obren xehetasuna
Egingo diren obretan, estalpeko gune bat prestatuko da tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak biltzeko, bai eta instalazioa hobetzeko eta egokitzeko obrak ere (saneamendua, seinaleztapena, edukiontzi berriak…).
Obraren kostua 427.503,09 €-koa da, eta Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren – NextGenerationEU – esparruan gauzatuko da.
Alegian, 2024ko apirilaren 12an.
