Murriztea

Saltoki handietan erosten dugunean plastiko eta hondakin ugari etxeratzen dugula kexatzen gara maiz. Baina gure esku ere badago zaborra erosi beharrean produktuak erostea.

Eko-erosleak, erosketa egiten du ahalik eta kalte ekologiko gutxien eraginez. San Marko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Ekoshopper” kanpaina jarri zuten martxan eta 100 familiak guztira 15,34 kilo hondakin murriztu zuten eko-erosketa bana eginez.

Hemen dituzu erosketa zentzuz egiteko gomendio batzuk:

MURRIZTEKO HAMAR AHULKU

Zenbait aholku jarraituz gero hondakinak erraztasunez murriztu daitezkeela jabetuko zara. Gipuzkoako Aldundiak 21 familiarekin egindako froga-pilotu batean %15 hondakin gutxiago sortu zuten eguneroko ohituretan neurri soil batzuk hartuta

Hemen dituzu gomendio batzuk:

  1. Erosketak egitean poltsa berrerabilgarriak edota etxeko orga erabili. Plastikozko poltsa gehiegi sortzea saihestu dezakezu gisa horretan.
  2. Iturriko ura edan pitxarretik edo botila berrerabilgarrietatik. Botila gutxiago sortzea eta energia aurreztea lortuko duzu.
  3. Erosi sasoiko produktuak, solteak eta bertokoak. Bilduki eta zorro gutxiago izan ohi dute. Ba al dakizu eko-erosle izatea zer den?
  4. Eraman etxeko tupperra arrandegira eta harategira. Garbiagoa da eta ez duzu paper plastifikaturik bota behar izango zakarretara.
  5. Haurrentzako oihalezko pardelak erabili. Haur batek 1.000 kilogramo hondakin inguru sortzen du erabili eta botatzeko pardelekin.
  6. Postontzian jarri ezazu eranskailua, propagandarik ez duzula nahi adieraziz. Paperezko iragarkirik ez dizu inork sartuko eta postontzia txukunago izango duzu beti.
  7. Opariak egiterakoan, hondakin gutxiago sortzen duten produktuekin gogoratu. Opariak biltzean papera berrerabili, ahal den neurrian. Etxeko txikiak ingurumenaren alde hezteko modu aproposa da.
  8. Ontzi berrerabilgarriekin funtzionatzen duen esne makina erabili edo erosi esnea esnezaleari zuzenean. Esne goxo eta nutritiboa edan dezakezu etxetik eramandako botilan.
  9. Zerbait erosi aurretik, ahal bada alokatu ezazu edo eskatu lagunari. Aldi baterako soilik erabili behar baduzu, merkeago aterako zaizu, eta ekologikoagoa da
  10. Ordainagiriak korreo elektronikoz bidaltzeko eskatu. Internetek dituen abantailak aprobetxatuko ditzakezu eta papera murriztu.

EROSKETAK ZENTZUZ EGIN

  1. Erosketak egitera joan aurretik zerrenda egitea komeni da, benetan behar ez duzun ezer saskian ez sartzeko.
  2. Produktu ontziratua erosi aurretik, saiatu zaitez etxean egiten (tomatea, yogurthak…)
  3. Produktua inguratzen duen ontzia edo estalkia zertarako berrerabili dezakegun pentsatu aurrena.
  4. Zenbait elikagai saltoki txikietan erosiz plastiko ugari aurrez dezakegu (ogia, berdurak…)
  5. Frutak eta berdurak bananduta pisatu, baina ondoren sartu zorro berean; nahi adina etiketa itsatsi diezaiokegu.
  6. Ahal bada erosi tamaina handiko zorroak (familiarrak) eta xaboi kontzentratuak.

Ikusi Ekogunea TB saileko bideo honetan “ekoshopping” nola egiten den:

AZKEN MINUTUKO MERKATUA

Herritarrok elikagaietan kontsumitzen dugunaren erdiak zakarretan amaitzen du. Araudi zorrotzak eta kontsumitzaileon ohitura desegokiek eragiten dute halako galera, oraindik kontsumitu daitezkeen produktuak alferrik galtzen dira.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hori saihesteko ekimena jarri zuen habian: Azken Minutuko Merkatua (Last minute marquet). Ekimen horren bidez, hainbat saltokitan alferrik galduko liratekeen ehunka tona elikagai berreskatzen ditu urtero, 2016an 835.222 kg bildu zituen modu horretan. Ondoren, irabazi gabeko elkarteei ematen dizkie, elikagai horiek behar dituzten herritarren artean bana ditzaten.

Elikagaien bankuak egoitza bi ditu, bata Oiartzunen eta bestea Bergaran. Informazio gehiago nahi izanez gero, bere webgunera jo dezakezu.

Elikagaiak aprobetxatzeko ardura norberarena ere bada. Hauek dira har daitezkeen zenbait jokabide:

  • Jatetxean:
    Jatetxera joan aurretik deitu ezazu zenbat lagun joango zareten esanez, sukaldariak jakin dezan zenbat lagunentzako jakiak behar dituen. Sobratutakoa tupper batean etxera eramateko lotsarik ez izan.
  • Etxean:
    Hozkailuan dituzun jaki freskoak galdu aurretik, izozkailuan sartu. Egunerokoan sobratzen zaizkigun jakiekin plater goxoak prestatu ditzakegu.

ESNE-MAKINAK

Esne-makinak erabilita ontzi-arinen hondakin kopurua asko murriztu dezakegu, esne-makina gehienetan ontzi berrerabilgarrien sistema erabiltzen baita. Egunean 150 litro esne modu horretan erosiz gero, hilabeteren buruan 4.200 Tetra-brik gutxiago izango genuke gure hondakinen artean.

Esne-makinek eskaintzen duten esnea egunekoa eta kalitate onekoa da. Salmenta zuzenean oinarriturik dagoenez, merkeagoa ere bada.

AUTOKONTSUMORAKO BARATZAK

Norberak lantzen eta produzitzen duena, arduraz kontsumitzen du, eta hondakin gutxiago sortzen da horrela.

Autokontsumorako baratzezaintzak premisa horri erantzuteko balio du. Izan ere, baratzeko lana eskerronekoa da, ingurumenari eta gizarteari egiten diogun mesedeaz jabetzen baikara lurra gure kabuz lantzen dugunean, eta naturarekiko lotura sendotzen dugu.

Baratzezaintzak gero eta interes handiagoa du herri guneetan, lur zati edo lorategi bat duenak hortxe jartzen du baratza; eraikinetako terrazak ere tomate eta bestelako landarez ikusten ohitu gara. Baina lurrik ez duenarentzat ere bada alternatibarik.

Udalak herritarren eskueran jartzen hasi dira lur publikoak, autokontsumorako landu ditzaten. 50-70 metro koadroko lur sailak izaten dira normalean, alokairuan edo/eta baldintza batzuekin emanak.

Euskal Herrian Gasteiz izan zen udal baratzak sustatzen lehengotakoa, horren ondoren etorri dira Zarautz, Legorreta, Sarriguren… Gipuzkoan, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean Gipuzkoako Baratze Parke Sarea sortu dute hainbat udalek.

  • Gasteizko baratzen proiektua azaltzen duen bideoa (A pie de mata taldea)
  • Legorretako esperientzia jasotzen duen bideoa (Goierri Telebista)
  • Sarrigurengo herri baratzen inguruko bideoa (Eitb)

Gure esku

Gaika sailkatzearen aurretik, MURRIZTEA eta BERRERABILTZEA ere kontuan hartu behar ditugu.

konpostajea

murriztea

birziklatzea

berrerabiltzea

Zer non?

Kontsultatu hondakinak egoki sailkatzeko gida.

Zer non?