PSCko Hector Gonzalezek Villabonan ematekoa zuen hitzaldia bertan behera geratzeaz
-
Mar21
Gure herrietarako sistema egokiena nahi dugunez, beste herrialde askotako ereduak ezagutzeko ahalegina egiten ari gara, eredu eraginkorrena bilatzeko asmoz. Helburua, ahalik eta gehien birziklatzea eta eredu ekonomikoena topatzea dugu.
“Hondakinen kudeaketa Katalunian” hitzaldiak antolatzearen arrazoia, ezagutza lortzea izan da, beste toki askotan aurrera eramandako proiektuetatik elikatzea. Kataluniako kasua bereziki interesgarria iruditzen zaigu, jada urte askotako esperientzia baitute bilketa eredu berritzaileagoekin. Gainera, kulturalki ere antzekotasun handiak ditugu eta ekonomikoki ere kezka berdinak, egungo sistemaren gastua geroz eta altuagoa baita.
Martxoaren 1ean Tolosan egin zen hitzaldian, CIUko Lluis Verdaguer izan zen, La Plana Mankomunitateko lehendakaria, eta bertako bilketa ereduaren berri eman zuen. Larunbateko hitzaldira berriz, Hector Gonzalez PSCko kidea zen etortzekoa, Tianako Ingurumen zinegotzia bera. Kasu hau bereziki interesgarria izango zen, Tiana izan baitzen Katalunia osoan lehen herria atez atekoa ezarri zuena. Jada 13 urteko esperientzia dute eredu honekin bertan, eta beraz, kasu honen ezagutza jasotzea oso esperientzia polita izango zelakoan gaude.
Hitzaldi hauen bidez, informazioa jaso eta ematea lortu nahi genuen, bai eskualdeko Udal desberdinei eta baita bertaratuko ziren herritarrei ere. Esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera izanez antolatu genituen hitzaldi hauek. Bertan entzundakoetatik gure herrietarako gehien birziklatzen duen eta eraginkorrena den ereduak garatu ahal izateko.
Horregatik, ez dugu ulertzen zergatik jarri nahi izan zaion ezagutzari oztopoa. Arduratu egiten gaitu herritarrei eta Mankomunitateari eredu desberdinen inguruan ikasteko aukera ukatzearen arrazoia zein ote den.