Eskualdeko eredu desberdinak azaldu dituzte Madrilgo eskualdean Tolosaldeko ordezkariek

  • Jun
    12
    Madrilgo eskualdean, Guadarrama mendilerroan kokatuta, El Boalo, Cerceda eta Mataelpino herriek osatzen duten Udaletxean izan ziren eskualdeko ordezkaritza. Amaia Azkue Berastegiko zinegotzia eta Mankomunitateko ordezkaria, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Jexux Peñagarikano, Ibarrako alkatea.
     
    7100 biztanle inguru osatzen dituzte hiru herrixkek, eta euren udaletxea, El Boalo herrian kokatzen da. Bertan izan ziren, eskualdeko hondakinen sistema desberdinak azaltzen. Ingurugiro azoka bat ospatu zuten asteburuan zehar herritarrek, eta Tolosaldeko hondakinen esperientzia ezagutu nahi izan zuten, antolatuta zituzten ekimenen artean.
     
    Adunako herriak Conama saria irabazi zuenean Granadan, Josu Amilibia alkateak hainbat pertsona ezagutu zituen, eta horietako bat, El Boalo, Cerceda eta Mataepinoko alkatea izan zen. Honi oso interesgarria iruditu zitzaion eskualdean aurrera eramaten ari garen proiektua, eta beraz, honen berri euren herritarrei ere emateko asmoz, gonbita luzatu zuen.
     
    Egitarauaren barruan, larunbat goizean, hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia antolatu zen beraz, eta bertan, Amaia Azkuek, Jexux Peñagarikanok eta Josu Amilibiak hartu zuten parte.
     
    Bertan, udal ordezkaritza, teknikoak, batzorde buruak eta herritarrak izan ziren Tolosaldekoek esateko zutena. Hala, Amaia Azkuek Mankomunitatearen lan jardueraz azaldu zuen, eta Berastegiko eredua ere bai. Bilketa eredu desberdinak azaldu asmoz, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak atez ateko bilketaren berri eman zuen eta azkenik Josu Amilibiak, Azkuek Berastegiko kasuarekin egin bezala, landa eremuko herrien ereduetako bat azaldu zuen.
     
    Bertaratuek, interes handia erakutsi zuten eskualdean aurrera eramandako lanaren inguruan eta eskualdeko ordezkaritzak haien egoera ezagutu eta iritzi eta ideiak trukatzeko aukera izan zuten.
     
    Eskualdean herritarrekin batera egiten ari garen lanak geroz eta interes gehiago zabaltzen ari da, izan ere, azken urtean emandako aldaketei esker izaten ari garen
    emaitzen iraultzak, merezi du.
Ver todas las noticias »