Ekin diote atez ateko bilketari Ibarran

  • Abr
    5

    Herritarrek organikoaren lehen kuboak atera dituzte eta ordezkari politikoek, euren poza erakutsi dute Ibarrak atez ateko bilketa hasten den egunean. Jesus Peñagarikano alkateak, esker hitzak izan ditu herritarrenganako. Herritarren jarrera ireki eta baikorra aipatzeaz gain, euren parte hartzea ere eskertu du, bai aurrez egindako bileretan eta baita kubo banaketan izandako jarrera aktiboarengatik. Izan ere, kuboen %95etik gora banatu da, hainbat etxe hutsen faltan.

    Alkateak adierazi duen bezala, eskualdean dagoeneko eredu hau martxan duten herrien bidez frogatu ahal izan du, hondakinak maila altuagoan sailkatzeko gai dela, eta beraz, birziklapen datuak iraultzera doala Ibarra ere esan du.

    Ohitura aldaketak hasieran zailak izaten direla onartu du, baina herritarrengan konfidantza osoa agertu du: “Konfidantza osoa dut, ibartarrok, gure ardurekin koerentzian, gauzak ondo egingo ditugula”.

    Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkari den Amaia Azkueri eman dio hitza, eta honek, eskualdearentzat zein garrantzitsua izango den Ibarraren parte hartzea azaldu du. Eskualdean 7. herria da Ibarra atez ateko bilketari ekin diona, eta horrela, 19.000 lagunek parte hartzen dute eskualdean sistema honetan. Kudeaketa egoki baten alde egiteagatik txalotu behar dela adierazi du.

    Eskualdean, orainarte martxan dauden beste 6 herriekin nabaritu den moduan, Ibarrak duen herritar kopuruari esker, aldea nabaria izango dela adierazi du Azkuek. Eta gehitu du: “Eskualde jasangarri eta osasuntsu batean bizitzeko hautua egin genuen, eta Ibarra ere bide horretan doa“.

    Azken hilabeteetan, %43a bideratu da eskualdean birziklatzera, eta zenbateko hori Ibarrari esker hazi egingo dugula baieztatu du. “%60a dugu helburu eskualdean, eta herri bakoitza egiten ari den lanketei esker, geroz eta gertuago dugu”.  Bide horretan, garrantzi berezia eman dio, oraindik kudeaketa egoki baten lanketari ekin ez dioten herriei eskua luzatzean. Tolosa eta Andoain bezelako bi herri handik, eskualdeko biztanleriaren erdia baina gehiago osatzen dutenez, horiek ere kudeaketa egoki bati heltzeko ahalegina egin behar dela adierazi du, eta Mankomunitatetik, orain artean bezala, beharrezko baliabide guztiak jarri ditu euren eskura.

    Baina aldaketa guzti hauek, herritarren parte hartzearekin lotuta daude guztiz. Herritarrak dira euren etxeetan arduraz jokatzen dutenak, eta beraz, herritarrak dira eskualdean ematen ari garen aurrerapenaren protagonistak. Euren ardurari esker, helburuetara iristen ari garela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie herritar guztiei.

     “Eskualde jasangarriago, osasuntsuago eta arduratsuago bateruntz goaz, eta poz handia da ibartarrak ere aldaketaren parte izatea” hitz baikorrak esan ditu Amaia Azkuek, bere hitzartzearen amaieran.

    Hitzartzeekin amaitzeko, Iñaki Errazkin, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Diputatuak hitz egin du. Honek, Ibarra zoriondu du, Gipuzkoan %60aren helburuarekin hartutako bidean beste pauso garrantzitxu bat izango delako herri hau ere, eta dagoeneko Gipuzkoan dauden 22 herriekin batera, eragin handia egiten joango baita. 23 herri beraz, birziklatzea betebehar dutenak eta Gipuzkoan beste 17 herri (Tolosaldean 14) organikoa herrian kudeatuz. %70atik goruntz birizklatzen kokatzen dira herri guzti horiek, eta horrek, Gipuzkoa erreferente bihutzen du Europan.

    Tolosaldeko eskualdea goraipatu du ere, lanean ondo ari dela adieraziz, eta aurrera begira, eredu izango dela esan duelarik. Gipuzkoako birziklatzen rankinean goiko postuetan kokatu du eskualdea, eta txalotzekoak direla adierazi du, ditugun eredu desberdinak.

    Ibarra bezalako herriengatik, Gipuzkoako birziklapen tasa bikoiztea lortu dela adierazi du, eta garrantzitsua dela adierazi du, egin den modu lasai eta paketsua. Herritarrak, naturalki atez atekoarekin bizitzen ariko dira Ibarran ere, eta hori poztekoa dela adierazi du.

    Amaitzeko, ingurumenari egiten ari diren onuraz gain, atez atekoak ekonomikoki ere onurak dituela azpimarratu du Errazkinek. Lanpostu berdeak sortzen baitira. Herritarren esfortzu txiki batekin, ingurumena errespetatu eta lanpostuak sortzen dituen sistema da, eta beste herriak ere animatu egin nahi izan ditu euren hondakinak era arduratsu batean kudeatzera. 

Ver todas las noticias »