Birziklatzera dei eginez, birziklapen bira eskualdean

  • May
    6

     

    Tolosaldeko mankomunitateak, zero zabor norabideari eutsi zion eta bide
    horretan ari da lanean. Ahalik eta hondakin gutxiena sortzea eta sortzen dena
    ondo sailkatua izatea da filosofia honen helburua, eta beraz baita
    mankomunitatearena ere.
     
    Zero zabor lurralde izateko bide horretan, hiru dira oinarrizko pausoak:
    Hondakinak ahalik eta gehien murriztea, berrerabiltzea eta ongi sailkatu
    ondoren, birziklatzea. Azken hau da, gaurkoan hona ekarri gaituen arrazoia.
     
    Tolosaldeko mankomunitateak helburu nagusi gisa birziklatzea jartzen baitu.
     
    Gaur egun, hondakinen kudeaketan dagoen soluzio argiena da birziklapena
    ahalik eta kopuru altuenetara eramatea.
     
    Eskualdeko etxeetan %25 inguru bakarrik birziklatzen da zoritxarrez, eta hori
    irauli eta bide egokian jartzera dator honako kanpaina hau. Europatik datorren
    legeak ere hala dio: 2014 urterako, zabortegiak itxi behar dira eta 2016rako
    hondakinen %60 birziklatu behar da.
     
    Mankomunitatearen izenean, Amaia Azkuek adierazi duenez, “ez da erronka
    makala izango, baina denon artean lortuko dugu”.
     
    Tolosaldeko mankomunitateak birziklapena bultzatzen du, “arrazoi ekonomiko
    eta ingurugiroaren errespetuaz gain, gure ondorengo belaunaldiei utziko diegun
    munduak arduratzen gaituelako” .
     
    Herritarrak arazoaren jabe egin daitezen eta benetan birziklapenaren
    garrantziaz ohartzeko ekin zaio gaur birziklapen bira honi. Gaika sailkatzea,
    etxe barruan egin beharreko lana da eta beraz, herritar guztien ardura.
     
    Egunerokoan egiten diren aldaketa txikiek, pauso handiak markatzen dituzte
    eta honek ere hala izan behar du.
     
    Mankomunitateko ordezkariak esan bezala, “Mundu garbiago eta juxtuago
    batean bizitzeko aukera dugu birziklapenaren bidez, beraz, dudarik egin gabe
    birziklatu dezagun!”
     
    Birziklapen bira honen nondik norakoak azaltzeko, Mankomunitateko teknikari
    den Gemma Eceizak hartu du hitza. Kanpainaren helburua, “eskualdeko
    etxeetan gaika sailkatzen den kopuru hori handitzea” dela adierazi du berak.
    Bira honetan, birziklatzearen garrantzia eta ez birziklatzearen kaltea zabaldu
    nahi du mankomunitateak, berau osatzen duten 28 herrietan zehar. Eceizak
    azaldu moduan, “birziklatzearen inguruko kezka, beldur edo zalantzak denok
    izan ditzakegu. Eta horregatik, datozen egun hauetan guztion artean gaika ongi
    sailkatzen ikasiko dugu eta kezka guztiak baztertuko ditugu”.
     
    Eskualdeko herri guztietara iritsiko den birziklapen bira honetan, informazio
    guztiarekin erakusketa bat ibiliko da herriak bisitatzen. Herriko plazetan,
    herritarrei irekita egongo da eta ikastetxeetako ikasleen bixitak ere jasoko ditu.
    Bestetik, iluntzeetan herrietako teknikariek emango dituzten tailerrak ere
    izango dira.
     
    Biran, birziklatzearen inguruko hainbat informazio banatuko da, hezitzaile eta
    teknikarien azalpenak jasotzeko aukera izango da eta berrerabilpenarekin
    erlazionatutako opari bat ere banatuko da. Izan ere, jogurtak, lore haziak eta
    ongarria banatuko dira, horrela, jogurt poto bat lore bat landatzeko berrerabiliz.
     
    Gemma Eceizak azaldu duenez, birziklatzera animatzeko bira honetan ez daude
    bakarrik. Izan ere, Pello Zabala, Nerea Alias eta Iker Karrera eskualdeko
    pertsonaiak ere euren atxikimendua erakutsi dute, eta mezua zabaltzen
    lagunduko diote Tolosaldeko Mankomunitateari.
     
    Herritarrei, birziklapen bira euren herrietara iristen denean parte hartzera dei
    egin die mankomunitatetik eta ikastera eta birziklatzera animatu dituzte
    herritarrak.
Ver todas las noticias »