Apirilaren 4an hasiko da Ibarran atez ateko bilketa

  • Mar
    22

    Ezer esan aurretik, esker onak adierazi ditu Peñagarikanok. Eskerrak, Mankomunitatearei, kubo banaketan dabilen boluntario talde handiari eta batez ere, herritar guztiei. Eurek erakutsitako harrera eta jarrera azpimarratu nahi izan ditu alkateak, eta pozez adierazi du, herritarrak gogotsu datozela kubo bila.

    Asteazkenean hasi zen kubo banaketa, martxa onean doala adierazi du alkateak eta dagoeneko kuboen %85-a banatu dituztela informatu du. Herritarren gehiengoa beraz ia prest dago atez ateko bilketarekin hasteko, eta oraindik kuboak jaso ez dituztenek, hurrengo astean ere aukera izango dute. Goizez, kultur etxean banatuko dira, goizeko 10etatik 13etara. Eta arratsaldez, astearte eta ostegunean, udalean dagoen informazio bulegoan egingo da banaketa, 17etatik 19:30etara.

    Apirileko lehen astean berriz, informazio bulegoaren ohiko ordutegian banatuko dira kuboak: goizez astelehen, astearte eta ostiralean 10etatik 13etara eta arratsaldez, astearte eta ostegunetan 17etatik 19:30etara

    Gogorarazi nahi izan du ere, kuboak jasotzera joateko ezintasuna duten herritarrek, Udalera deitu eta etxeraino eramango dizkietela.

    Hurrengo astean komertzio, jatetxe, edaritegi eta bestelako sortzaile bereziei euren kuboen banaketa egingo zaie bertara joanez, eta dagoeneko herria prest izango denez, Apirilaren 4tik aurrera hondakinak atez ate jasotzen hasiko direla esan du Peñagarikanok.

    Eskualdean beste 6 herri daude atez ateko bilketa martxan dutenak eta horiek frogatzen duten bezala, gaikako bilketa %80ko emaitzetara iristeko gai den sistema bakarra da hau. “Gure helburua, hondakinak sortzen diren unean bertan bereiztea da, hala, ahalik eta kalitate onenekoak biltzeko eta zabortegietan pilatzen den errefusa (birziklatu ezin den gaia) ahalik eta txikiena izateko. Bilketa pertsonalizatu egoki baten bidez, eredu iraunkorragoa lortu nahi dugu, beti ere, ingurumen irizpideak nahiz irizpide sozial, tekniko eta ekonomikoak lehenetsiz.”

    Egun, Ibarrako birziklatze tasa %30aren bueltan kokatzen bada, 50 puntu inguruko aldea egitera doazela adierazi du, eta datuak iraultzeko garaia dela gehitu du. Urrats hori, herritarrei esker, irmo bezain gogotsu ematea posible izango dela adierazi du.

    Alkateak, herritarrengan konfiantza erakutsi du: “Atez atekoak gure ohituretan aldaketaren bat ekarriko du, baina erabateko konfiantza dugu herritarrengan eta ziur gaude, zailtasun handirik gabe, guztiok sistema berrira moldatuko garela. Atez Atekoa zuzen zuzenean benetan zer den egiaztatuko dugu, eta aldaketa hau hobera izango dela ikusiko dugu. Guztion esfortzuarekin, gure ondorengoei gurea baina mundu hobeagoa uzteko gure ekarpen txikia egingo dugu.”

    Jarraian, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak hartu du hitza, Ibarrari esker ona erakusteko.

    Gipuzkoan 20 herri inguruk atez ateko bilketa sistema dutela esan du, eta horietatik 6 eskualdean ditugula. Alegia, Anoeta, Ikaztegieta, Irura, Villabona eta Zizurkilen lortu dituzten emaitzak lortzera doa Ibarra ere adierazi du eta zoriontzeko arrazoia dela esan du, Ibarrak ere hondakinen kudeaketa egoki baten alde egitea.

    Apirilaren 4tik aurrera, Ibarran aro berri bati ekingo zaila esan du. Eta “Ibarrak duen biztanleria kopuru esanguratsuari esker, eskualdean eragin positiboa egingo duelakoan gaude.” Tolosaldean herri asko dira euren hondakinen kudeaketan aldaketak egin dituztenak eta gaur egun birziklapen tasa %43an kokatzen bada eskualdean, “2014 honetan emango diren pausoei esker, datuak irauli egingo ditugu. Eta hor, Ibarraren parte hartzea oso esanguratsua izango da. “

    Azkuek ere, herritarrengan konfiantza erakutsi du: “Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu ibartar guztiei, euren konpromisoa erakusteagatik kubo banaketa arrakastatsu honetan, eta konfiantza guztia dugu,ibartarrek ere ederki egingo dutela, eta guztion artean, emaitza paregabeak lortuko ditugula.”

    Eskualde jasangarriago, osasuntsuago eta arduratsuago bateruntz goazela esan du Amaia Azkuek, eta pozez amaitu du hitzartzea, “poz handia da ibartarrak ere aldaketaren parte izatea”.  

Ver todas las noticias »