Birziklapen bira honekin eta aurrerantzean emango diren pausoekin, Tolosaldeako birziklapen datuak irauliko ditugu
Amaiera, kanpainari bakarrik emango diogula diogu, lanean jarraituko baitugu bira honetan zabaltzen saiatu garen mezua geroz eta jende gehiagorengana iristeko.
Alegian gehiena banatuta, kubo banaketak asteburuan jaraituko du Anoeta, Irura eta Zizurkilen
Aurrez ere Udaletako ordezkariek azaldu dituzten moduan, atez ateko bilketa egitearen arrazoiak hauek dira:
-Hondakinen Bilketa Selektiboaren mailak maximizatu, birziklapen mailak ahalik eta altuenak izan daitezen.
-Errausgailuaren edo energia balorizaziorako planta ekidin, edo honen eraikuntzan zuzenean edo zeharka ez kolaboratzea.
-Gure herritarren, tolosaldeatarren eta gipuzkoarren osasuna babestea. -Ingurugiroa babesteko neurriak bultzatzea.
Frogatuta dagoenez gaikako bilketa %80etik gorako emaitzetara iristeko gai den sistema bakarra da atez atekoa. Arrazoi horrexegatik izan dute Udal hauek eta Mankomunitateak zenbateko hori helburutzat eta elkarlanean, hori lortzera goaz.
Alegian aurreko asteburuan ekin zioten lanari, eta dagoeneko 450 familiak jaso dituzte euren kubo sortak dira; hau da, kubo kopuru osoaren %75. Datozen egunetan, oraindik kuboak jasotzeko modurik izan ez duten herritarrek aukera izango dute horretarako. Hala, astearte goizean 10:00etatik 12:00etara eta asteazken arratsaldean 18:00etatik 20:00etara jarraituko du banaketak Frankoni etxean.
Datozen herrietan ere halako harrera izatea espero da, eta beraz, datorren asteburuan herritarrei dei egiten diegu, euren kubo sorta jasotzera.
Guztira 3000 kubo sorta banatuko dira lau herri hauetan eta etxebizitzetarako sortak 5 kubokoak izango dira Irura eta Alegian: bi kubo marroi (bat txikia eta aireztatua eta bestea handiagoa eta itxia), kubo gris bat, urdin bat eta kubo hori bat. Eta 4ko sortak Zizurkil eta Anoetan: bi kubo marroi (bat txikia eta aireztatua eta bestea handiagoa eta itxia), kubo gris bat eta kubo anbibalente urdin-hori bat.
Amasa-Villabonaren kasuan, herri handiagoa izanik, teknikoki konplexutasun gehiago izan ditu eta ekainaren amaieran egingo du kubo banaketa.
Anoeta:
Ostirala 7, 16:00 – 20:00
Larunbata 8, 10:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00 Pilotalekuan
*Asteburuan kuboak jaso ez dituztenek astean zehar (ostiralarte) Udaletxean jasotzeko aukera izango dute 9:00etatik 14:00etara.
Irura: kultur etxean
Ostirala 7, 9:00 – 13:00 / 16:00 – 20:00
Larunbata 8, 10:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00
*Asteburuan kuboak jaso ez dituztenek astean zehar (ostiralarte) kultur etxean jasotzeko aukera izango dute:Astelehena 9:30 – 13:30 / 16:00 – 20:00
Asteartea eta osteguna 16:00 – 20:00 Asteazkena eta ostirala 9:30 – 13:30
Kubo banaketak irauten duen bitartean, Udaletxeko informazio bulegoa banaketa egiten ari diren tokian egongo da (kultur etxean).
Zizurkil:
Herrigunea bitan egin dute banaketa lanak errazteko. Hurrengo bi tokietan egingo da banaketa: Aurrera Plaza eta Pedro Mari Otaño eskolan.
Ostirala 7, 16:00 – 20:00
Larunbata 8, 10:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00
*Asteburuan kuboak jaso ez dituztenek astean zehar (ostiralarte) Aurrera plazan jasotzeko aukera izango dute 15:00etatik 19:00etara.
Informazio bulegoa kubo banaketa egiten ari diren tokian egongo da, eta ez Atxulondon.
Banaketari buruzko oharrak:
– Komertzio, jatetxe eta edaritegien kasuan, edukiontzien banaketa pertsonalizatua egingo da, bertara joanez.
– Landa eremuan bizi diren biztanleei, euren hondakinak eramateko ekarpen guneetarako txartel elektronikoak aurrerago banatuko zaizkie; Udala jarriko da harremanetan eurekin.
Birziklapen birak bide erdia beteta, geroz eta herritar gehiagorengana iristen jarraituko du
Anoetan hasi genuen bira honek, dagoeneko 18 herri bisitatu ditu eta 14 ikastetxerekin egoteko aukera izan du. Hasieran markatutako helburuak betetzen ari da bira, izan ere, herritarrei birziklatzearen garrantzia helaraztea eta herritarrak izan ditzaketen zalantzak argitzen ari da bisita hauetan.
Birziklapen gunean herritar asko izan dira bertako informazioa jasotzen eta ikastetxeetako bisitak ere gune honen bidez egin dira. Ia 800 ikasleren bixita jaso du birziklapen guneak eta oraindik ere beste hainbeste ikaslerekin birziklapenaren gaia lantzeko tartea izango dugu.
Gerturatutako herritarrek gustoz hartu dute bertan emandako informazioa, eta guztiek ere orain arte jakin gabeko gauza asko ikasi dituztela onartu dute. Gainera, bisitaren esperientzia ahaztezin egiteko banatzen diren jogurt, hazi eta ongarriarekin guztiek irribarretsu ematen dute agurra.
Hilabete gutxiren buruan, Tolosaldeko etxeetan zurekin alde ederra adierazi nahiko duten loratxoak jaioko dira. Iluntzeetan herriz herri egiten ari diren hitzaldi-tailerretan ere partehartze nabaria izaten ari da birziklapen bira.
Hala, hona bertaratutakoek ere tailerraren amaieran asko ikasi dutela esaten dute, eta giro atseginean ikastea bezalakorik ez dagoenez, oraindik ere beste herrietan egingo diren hitzalditailerretara gonbita luzatzen du Mankomunitateak. Horrela bada, pozez esaten dugu, 4000 herritar baina gehiagorengana iritsi garela orain artean.
Birziklatzearen inguruko mitoak ezabatu, zalantzak argitu eta ikasteko aukera paregabea da birziklapen bira hau eta hurrena datozen herrietako biztanleei ere dei egiten diegu bertara gerturatzeko.
Birziklatzera dei eginez, birziklapen bira eskualdean
Tolosaldeko lehen auzo konpostaren emaitza Adunan
Euren etxeetan materia organikoa ere sailkatu eta auzo konposta egiteko gunera eramaten hasi ziren. 6 hilabete hauetan zehar, konposta egitearen prozesu guztia ezagutu dute eta oraingoan, azken pauso hau ere ezagutzeko aukera izan dute, emaitza: kalitatezko ongarria. Euren etxeetan sortutako hondakinetatik eratorritako ongarria.
Aukera hau eskaini aurretik, herritar guzti horiek, erabilera bat eman dakiokeen materia organiko guzti hori, zabortegira botatzen zuten. Baina orain, konpostari esker, familia hauetako bakoitzak, bere hondakinen %40-50 gutxitzen du. Adunatar hauek lortu duten ongarri hau, herriko lorategietan erabiliko da eta ongarri moduan erabiltzeko, nahi duenak ere hartu ahalko du auzo konpostako gunetik, bertan kaxa batean egongo baita.
Adunako alkate den Josu Amilibiak adierazi duenez, “auzo konposta egiten duten egungo 15 familia hauei, beste 60 familia gehituko zaizkie denbora gutxi barru”. Horrela, herrian sortzen duten materia organiko ahalik eta gehien herrian bertan kudeatuz.
Bide honetan, Adunatarrek sortzen duten ongarria herrian bertan tratatzea lortu nahi da, denon onurarako erabilera bat emanez eta ez zabortegira botaz. Era honetara, merkeagoa ere izango delarik hondakinen kudeaketa, izan ere, zabortegira ez da hainbeste hondakin eramango.
Aduna, Mankomunitatea osatzen duten herrietako lehen herria izan zen, baina beste herri askok ere martxan dituzte euren auzo konposta guneak. Geroz eta gehiago dira konposta bidez euren hondakin organikoak kudeatzen dituztenak, eta Mankomunitatetik, harrotasunez diogu, zero zabor lurralde izateko bidean, eman beharreko pausoak direla hauek. Herritarrok, gure bizitzetan egindako ahalegin txikiek, aldaketa handiak eragiten baitituzte.
Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietako edonork auto konposta zein auzo konposta egin nahi izango balu, konpostatu.tolosaldekomankomunitatea.eus helbidean topatu dezake beharrezko informazio guztia eta eskaera ere egin dezake bertan. Mankomunitatearekin edota Udalarekin harremanetan jarrita ere lortu dezakete informazio guztia.
Gizarteratze prozesu jendetsuak atez atekoa martxan jarriko den herrietan
Gizarteratze prozesu honetan, atez ateko bilketa eredua aukeratzearen arrazoiak azaldu dira; hala nola, ingurumenean duen garrantzia, etorkizunean zabortegiek orain arteko sistemekin jarraituz gero izango luketen eragina, egun Udalentzat defizitarioa den eredu honekin jarraitzeak suposatzen duena, baita hondakinak ongi sailkatu ezkero ekarriko lukeen onura bai ekonomiko eta baita ingurumenekoa ere, etab. Arrazoien ondoren, atez ateko bilketa ereduaren azalpenak eman dira eta amaitzeko, herritarren txanda izan da, euren kezka eta zalantzak argitzeko.
Bileretan izandako herritarren parte hartzeaz oso balorazio positiboa egiten da, herritarrek informatzeko nahia eta hondakinen gaiarekiko ardura erakutsi baitute.
Eredu berriak funtzionatzeko, herritarren parte hartzea eta inplikazioa behar dira eta hori ere argi ikusi da informazio bilera hauetan ere. Herritarrak birziklatzera bultzatzen ditu sistema honek, eta bileretan herritarrekin ondorioztatu den bezala, guztiok nahi dugu gehiago birziklatzea.
Herritarrek, eredu berriarekin euren kezka eta zalantzak argitzeko balio izan dute bilera hauek. Aspektu tekniko eta ekonomikoen azalpenak eman dira bileretan eta herritarrek, zein aldaketa suposatuko dien ere ikusi ahal izan dute. Oro har, herritarren partetik bilketa eredu berriarekiko ardura eta konpromisoa azpimarratzen dira. Alde eta aurkako ideiak egon badaude, baina herritarrak egungo egoerak suposatzen duen erronkari eutsi nahi diote, egungo eredua aldatu beharra baitago.
Herritarrek eduki dezaketen informazio faltagatik, atez ateko ereduaren inguruan herriz herri hainbat kezka errepikatu direnez, Mankomunitatetik, eta Udaletatik azpimarratu nahi da, alde batetik, ez dela multarik jarriko sailkapena gaizki egiten bada eta ondo egin ahal izateko bitarteko guztiak jarriko direla. Bestetik, arlo ekonomikoak ere kezkak sortzen ditu; esan behar da, atez ateko sistema merkeena delako jarri nahi dela. Egun Udalek hondakinen inguruan duten zama ekonomikoa murrizteko, bere bilketa emaitza onengatik, ezagutzen den sistemarik eraginkorrena eta sostengarriena delako aukeratu da atez ateko bilketa eredua.
Bileretan oro har, herritarrek gustura egon direla eta emandako informazioarekin asetu direla esan dute. Informazio guztia mahai gainean jartzearekin, herritarrek zituzten kezkak uxatu dira. Saioek aurrera egin ahala giroa baretzen joan dela ikusi izan da bileretan eta herritarren kezka eta ardurek erantzuna izan dute beti eta hori herritarrek oso ondo baloratu dute. Beraz, herritarrek bileren balorazio positiboa egiten duten moduan, Udalek eta Mankomunitateak ere hala egiten dute.
Gizarteratze Prozesua behin amaituta, bilera horietara joaterik izan ez dutenentzat eta informazio gehiago nahi dutenentzat informazio bulegoak ireki dira herritarrentzat. Bertan, herrien azterketak egiten aritu diren taldeko hezitzaileak egongo dira, beharrezko azalpenak emateko.
Informazio bulegoak ireki dira, herritarrek beharrezko informazioa jasotzeko
Behin gizarteratze prozesua amaituta, informazio bulegoak ireki ditugu Amasa-Villabona, Alegia, Irura, Anoeta eta Zizurkilen. Horrela, gizarteratze prozesuan argitu gabe geratu diren kezkak edota bertara joaterik izan ez zutenentzat pentsatuta daude bulego hauek. Bertan, herritarrek beharrezko informazioa jasoko dute eta euren kezkak argitzeko aukera izango dute bertan egongo den hezitzailearen laguntzaz.
Informazio bilera horietan besteak beste, kuboak kalera ateratzean non eta nola kokatu erakusten zuten Udalek eta teknikariek egindako proposamenak erakutsi ziren. Horien inguruan, herritarrek informazio gehiago nahi badute, euren iritzia eman nahi badute edota alegazioak aurkezteko, apirilaren 12rarte izango dute tartea. Epe horretara arte ere, paperaren edukiontzi komunitarioa jartzea erabakitzen dutenek adierazi egin beharko dute informazio bulegoan.
Informazio bulegoak, herriz herri ireki dira. Hala nola, pasa den asteartean Alegia eta Irurako bulegoak ireki ziren, ostiralean Villabonakoa inauguratu zen, astelehenean martxoak 25, Anoetakoa ireki zen eta azkenik, hilaren 26an ireki dute Zizurkilgo informazio bulegoa ere.
Bertan, aipatutako alegazioak aurkezteaz gain, hezitzaile batekin hitz egiteko eta informatzeko aukera izango dute herritarrek. Eta Mankomunitatetik eta Udaletatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu bertara, informazioa jaso eta bilketa sistema berria gertutik ezagutzeko aukera ematen baitute bulego hauek.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
PSCko Hector Gonzalezek Villabonan ematekoa zuen hitzaldia bertan behera
Gure herrietarako sistema egokiena nahi dugunez, beste herrialde askotako ereduak ezagutzeko ahalegina egiten ari gara, eredu eraginkorrena bilatzeko asmoz. Helburua, ahalik eta gehien birziklatzea eta eredu ekonomikoena topatzea dugu.
“Hondakinen kudeaketa Katalunian” hitzaldiak antolatzearen arrazoia, ezagutza lortzea izan da, beste toki askotan aurrera eramandako proiektuetatik elikatzea. Kataluniako kasua bereziki interesgarria iruditzen zaigu, jada urte askotako esperientzia baitute bilketa eredu berritzaileagoekin. Gainera, kulturalki ere antzekotasun handiak ditugu eta ekonomikoki ere kezka berdinak, egungo sistemaren gastua geroz eta altuagoa baita.
Martxoaren 1ean Tolosan egin zen hitzaldian, CIUko Lluis Verdaguer izan zen, La Plana Mankomunitateko lehendakaria, eta bertako bilketa ereduaren berri eman zuen. Larunbateko hitzaldira berriz, Hector Gonzalez PSCko kidea zen etortzekoa, Tianako Ingurumen zinegotzia bera. Kasu hau bereziki interesgarria izango zen, Tiana izan baitzen Katalunia osoan lehen herria atez atekoa ezarri zuena. Jada 13 urteko esperientzia dute eredu honekin bertan, eta beraz, kasu honen ezagutza jasotzea oso esperientzia polita izango zelakoan gaude.
Hitzaldi hauen bidez, informazioa jaso eta ematea lortu nahi genuen, bai eskualdeko Udal desberdinei eta baita bertaratuko ziren herritarrei ere. Esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera izanez antolatu genituen hitzaldi hauek. Bertan entzundakoetatik gure herrietarako gehien birziklatzen duen eta eraginkorrena den ereduak garatu ahal izateko.
Horregatik, ez dugu ulertzen zergatik jarri nahi izan zaion ezagutzari oztopoa. Arduratu egiten gaitu herritarrei eta Mankomunitateari eredu desberdinen inguruan ikasteko aukera ukatzearen arrazoia zein ote den.
PSCko Hector Gonzalezen hitzaldia Kataluniako hondakinen kudeaketaz
Mankomunitateko bost herrik atez atekoa martxan jarriko dutela adierazi zuten, eta herritarren kezka eta mamuak uxatze aldera, interesgarri ikusten dugu kanpora begiratu eta Kataluniaren kasuan ere birziklapen tasa altuneak ematen dituelako atez atekoaren aldeko apustua egin dutela ikustea.
Gainera, Kataluniako kasua ekartzearen beste puntu garrantzitsua, aniztasun politikoan oinarritzen da. Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan ematen ari den politizazioaren aurrean, Katalunian, edozein alderdi politikok atez atekoa aurrera eraman dute, helburua, birziklapen tasan jartzen baitute eta ez interes politikoetan. Hondakinen kudeaketaren gaia, guztiaren gainetik egon beharko bait luke.
Horrela, martxoaren 1an izandako hitzaldira CIUko kide bat etorri bazen, larunbat honetako hitzaldia ematera PSCko kide bat etorriko da.
Hector Gonzalez, Tianako Ingurumen zinegotzia da eta Kataluniako Alderdi Sozialistako kidea. Tianan, 2000. urtean ezarri zen atez ateko bilketa sistema, Kataluniako lehen herria izan zen bilketa eredu hau jartzen eta euren datuek asko esaten dute: 1999an %6 birziklatzen zen eta 2006an %85.
Hitzaldiaren aurretik, 10:30etan harrera egingo diote Tolosaldeko Mankomunitateko kideek eta Amasa-Villabonako alkate eta zinegotziek.
- Hitzaldia: “Hondakinen kudeaketa Katalunian”
- Hizlaria: Hector Gonzalez, Tianako Ingurumen zinegotzia
- Non: Villabonako Gurea Zineman
- Noiz: Martxoaren 23an
- Ordua: 11:30etan