Tolosako hondakin arriskutsuen etxola berritu da material birziklatuekin
-
Eka4
Hondakin arriskutsuen etxolak oso erabiliak izan dira azken urteotan kaleko edukiontzietara bota ezin diren hondakinak kudeatzeko, garbigunera joan behar izanik gabe. Etxola hauek behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa da bertan egokiak diren materialak soilik uztea. Ohikoenak aparatu elektriko eta elektroniko txikiak (patrikako telefonoak, teklatuak…), pilak eta bateriak, erradiografiak, tinta eta toner kartutxoak, margoak, brotxak, eta fluoreszenteak dira.
Urteetako erabileraren ondorioz, mantenu lan batzuk egin behar izan dira etxoletan, funtzionamendu egokia bermatzeko. Gaur izango da berriz erabilgarri Tolosan ohiko tokian, Emeterio Arrese kalean, eta berrikuntza berezi batekin gainera. Oraingoan, birziklatutako kafe kapsulekin egindako estaldura bat erabiliz konpondu da etxola. Estaldura hau herrian bertan kapsulak biltzeko dauden edukiontzietan jasotako materialarekin egin da.
Ekimen honi esker, ekonomia zirkularraren aldeko konpromisoa indartzen da, birziklapenaren bidez jasotako materialak berriro sisteman integratzen baitira. Jarduera honek erakusten du soluzio jasangarriak aplika daitezkeela hondakinen kudeaketaren fase guztietan.
Zuen laguntzari esker, gero eta herri garbiago eta jasangarriago bat eraikitzen ari gara. Eskerrik asko!