Hondakin arriskutsu eta bereziak biltzeko etxola Anoetan

  • Eka
    13

    Tolosaldeko Mankomunitateak hondakin arriskutsuen bilketarako etxola jarri du Anoetako Iturtxulo kalean, liburutegiaren ondoan. Gaurtik aurrera beraz Anoetan sortutako hondakin arriskutsuak aipatutako etxolan utzi ahal izango dira, orain arte Ikastolako gune berezian utzi beharrean.

     

    Garbigunera eraman behar izaten diren hondakin mota hauen kudeaketa herritarrei gerturatzea eta erosoago egitea du helburu jarri berria den etxolak. Hondakin mota honi arriskutsu deitzeak adierazten duen moduan, kudeaketa egoki bat gabe, ingurugiroarentzat oso kaltegarri izan daitezkeen hondakinei beharrezko tratamentua ematea dugu helburu, eta etxola hauen bidez geroz eta gutxiago dira zabortegietara bideratzen diren mota hontako hondakin arriskutsuak.

     

    Etxolaren leiho desberdinen bitartez herritarrek dagokion lekura botako ditu hondakin arriskutsuak. Irudi eta testu bidez adierazten da hondakin arriskutsu bakoitza zein leihotan utzi behar den, kaxetaren barruan behar bezala hondakinak sailkatuak geratuko direlarik. Etxolan jasotako hondakin bakoitzari dagokion tratamentua ematera bideratuko da baimendutako kudeatzaileen bitartez.

     

    Honakoak dira etxola hauen bidez biltzen diren hondakin berezi eta arriskutsuak:

     

    • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak, patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak…

    • Kotxeko bateriak

    • CDak eta DVDak

    • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)

    • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak

    • Erradiografiak

    • Aerosol beteak edo erdi beteak

    • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk egon ez dadin)

    • Tinta eta toner kartutxoak

    • Margoak eta brotxak (ondo itxita)

    • Motore olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)

    • Fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

     

    Beste herrietako etxolak

     

    Tolosaldeko Mankomunitateak dagoeneko jarriak ditu era hontako etxolak eskualdeko beste herrietan, hala nola:

    • Alegia, Kultur etxean

    • Andoain, taxien geltokian

    • Asteasu, Farmazia ondoan

    • Berastegi, Eliza ondoko aparkalekuan

    • Ibarra, San Inazio auzoan

    • Irura, Kultur gunean

    • Tolosa, Emeterio Arrese plazan

    • Villabona, Mintzola ondoan

    • Zizurkil, Joxe Arregi plazan

    • Tolosako (San Blas auzoan) eta Andoaingo (Leizotz industrigunean) garbiguneetan ere jasotzen dira hondakin arriskutsuak

     

    Tolosaldeko gainerako herrietako udal eraikinetan ere jarriak daude ontzi bereziak etxean sortutako tamaina txikiko hondakin arriskutsuak era egokian uzteko.

     

Albiste guztiak ikusi »