Edukiontzi bidezko gaikako bilketa sistemara itzuli dira Amasa-Villabonan, organikoa eta errefusaren irekiera txip bidez kontrolatuta.

  • Ira
    7

    Udal korporazioa osatzen duten EAJ-PNV, EH Bilbu eta PSE-EE alderdietako bozeramaileek akordio bat sinatu zuten joan zen otsailaren 19an, herriko hiri hondakinak gaika biltzeko sistema iraunkor bati buruz. Gaikako bilketa portzentajea gradualki igotzeko konpromisoa hartu zuten sinatzaileek, %70era iritxi arte.

    Gaika biltzen diren frakzio bakoitzarentzat (beira, papera eta kartoia, ontzi arinak, organikoa eta errefusa) edukiontzi bana izango dituen sistema izango da. Beira, papera eta ontzi arinak biltzeko edukiontziak irekiak izango dira eta hondakin organikoak eta errefusa jasotzeko edukiontziak zabaltzeko txartela beharko dute herritarrek. Behin txartela jasota, nahi adina alditan zabaldu ahal izango dituzte bi edukiontzi horiek. Astelehenetik aurrera, familia bakoitzak bere txartela eskuratu ahal izango du zehaztutako puntuetan. Hondakin organikoak konpostagarriak diren poltsetan utzi beharko dira. Laster batean liburutegiko azpialdean jarriko den makina batean eskuratu ahal izango dira poltsa hauek, eta berau irekitzeko edukiontzientzako banatu den txartel berdina erabili beharko da.

    Irailaren 12tik aurrera herriko 17 puntutan jarriko dituzte edukiontziak eta bakoitzak 2.200 litroko edukiera izango du.

    Auzo-konpostaren planak bere horretan jarraituko du aldaketarik gabe.

    Ostalaritza eta komertziotako kartoia eta errefusa, atez ate bilduko zaizkie ezarrita dauden ordutegietan. Arraindegitako hondakin organikoa ere euren ataritik bilduko zaie egunero astelehenetik larunbatera.

Albiste guztiak ikusi »