Atez ateko gaikako bilketa utzi eta edukiontzi bidezko bilketara itzuliko da Ibarra

  • Mai
    17

    Udal korporazioa osatzen duten alderdiek joan zen abenduan sinatutako akordioari jarraiki, hiri hondakinak gaika biltzeko sistema aldatuko dute Ibarran. Gaikako bilketaren portzentajeak %80tik gora mantentzea da helburua.

    Orain arte atez ateko sistema erabili dute hondakinak gaika bildu ahal izateko, baina maiatzaren 22tik aurrera edukiontzi bidez egingo dute. Beiraren iglua eta ontzi arinak eta papera zein kartoia jasotzeko edukiontziak horia eta urdina beti egongo dira irekita, baina organikoaren eta errefusaren edukiontziak itxita egongo dira, eta txip bidez ireki beharko dira.

    Organikoaren edukiontzia (marroia) txartelarekin egunero irekitzea posible izango da 18:00etatik 23:00etara. Gogoratu hondakin organikoa botatzeko poltsa konpostagarriak txartelaren bitartez eskuratu ahal izango direla bi hilabetez behin, Euskal Herria 18an dagoen makinan.

    Errefusaren edukiontzia (grisa) txartelarekin astean behin (nahi den egunean) irekitzea posible da 18:00etatik 23:00etara.

    Arrazoi ezberdinengatik pixoihalak erabiltzen dituztenentzat, hauek egunero bota ahal izango dituzte errefusaren edukiontzira, horretarako Udalak txartelean egokitzapena egin ostean (interesatuak gerturatu zaitezte Udaleko ingurumen departamentura, 2. solairuan).

    Era berean, ezkaratzetan etxebizitza bakoitzari dagokion edukiontzi gunea ere zehaztuko dute. Guztira 22 bat gune aurreikusi dituzte.

    Landa eremuan, ekarpen guneen bidez jarraituko da bilketa egiten.

    Auzo konpostaren planak berdin jarraituko du, eta hondakin berezien (arropa, erabilitako olioa, pilak, bereziak..) gaikako bilketak ere bai.

    Merkataritza eta ostalaritzaren kasuan bi aukera dituztela ere esan du udalak. Organikoa, errefusa eta papera zein kartoia biltzeko atez ateko sistema erabiltzen jarrai dezakete. Horrela nahi izanez gero organikoa astearte, ostiral eta igande gauean atera beharko dute; errefusa larunbat gauean; eta papera zein kartoia egunero, astelehenetik ostiralera, gauean.

    Edukiontzi bidezko sistema erabili nahi badute aldiz, gainontzeko herritarrek bezala egin beharko dute.

     

Albiste guztiak ikusi »