Tolosaldeko Mankomunitateak ‘Eman aurpegia’ aurkeztu du hondakinen gaikako bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina berria
-
Urr4
Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du gaur goizean, ‘Eman Aurpegia!’, Ikaztegietan, honako hauekin:
- Alaitz Labaien Tolosa, Mankomunitateko lehendakaria (Amezketako alkateordea)
- Gurutze Etxezabal Iturrioz, Mankomunitateko lehendakariordea (Orexako alkatea)
- Alba Garmendia Castaños, Ikaztegietako alkatea.
Alaitz Labaienen hitzetan, «asmo handiko lan-plan baten aurrean gaude, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako herritarrek gehiago eta hobeto birziklatu dezaten. Hiri-hondakinen gaikako bilketaren tasa % 66,98koa da (2022. urtea), Europako Zuzentarauak 2025erako ezarritako helburua gaindituz (%55,0). Hala ere, gure konpromisoa ezarritako helburuak lortzea ez ezik (% 5eko igoera 2030erako eta % 10ekoa 2035erako), horiek gainditzea ere bada».
Testuinguru horretan, Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako biztanleria osoari erantzuteko beharrak errealitate heterogeneoari egin behar dio aurre, bai biztanleriaren banaketari dagokionez, bai bilketa-ehunekoen parte-hartzeari dagokionez:
Lau udalerri jendetsuenek Mankomunitateko biztanleriaren % 70 biltzen dute (Tolosa, Andoain, Amasa-Villabona eta Ibarra). Horietatik, Tolosa eta Andoain biztanleria osoaren % 54 dira. Horrek erakusten du gainerako udalerrietan 500 biztanletik beherako kasuistikari egin behar diogula aurre.
Gaur goizean aurkeztutako kanpainak hizpide dugun heterogeneotasun hori hartzen du kontuan, eta, horregatik, jarduera nagusia hondakinen gaikako bilketa izango bada ere, ekonomia zirkularrarekin lotutako beste alderdi batzuek hartuko dira kontuan, hala nola kontsumoaren murrizketa, berrerabilera, etab. Herri bakoitzean dagoen bilketa-sisteman dauden aldeak ahaztu gabe.
Kanpainaren helburuak
Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarritako lan-plan honek helburu orokor batzuk eta espezifikoagoak ditu. Lehenengoen artean, honako hauek ditugu helburu: tartean dauden 28 udalerrietako hondakinak kudeatzeko ildo estrategikoen berri ematea herritarrei, Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuei balioa ematea eta hondakinak kudeatzeko hiri-altzariak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta zaintzeko ohiturak aregotzea.
Helburu espezifikoei dagokienez, ekonomia zirkularra deiturikoan eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan txertatzen dira ekintzak, ingurumenari buruzko legerian jasotakoa betetzeko. Gainera, elementu eta instalazioen berri emango da, hala nola edukiontziak, hondakinen ekarpen-puntuak, garbiguneak, zalantzak argituko dira eta erabiltzaileek eskubideak eta betebeharrak ezagutzen lagunduko da. Hori guztia bildutako hondakinen kantitatea eta kalitatea hobetzeko asmoz.
Kanpainaren ekintzak
Kanpainaren leloa, ‘Eman Aurpegia!’, beste ekintza bat da. Titulu horrek modu positiboan eragin nahi du hondakinen gaikako bilketaren arloan ohiturak aldatzea. Ardatz horren gainean egingo dira gainerako ekintzak, besteak beste:
- Mankomunitatearen webgunetik bertatik konektatutako webgune bat, dagozkion online komunikazio-estrategiekin
- Kanpainaren berezko sare sozialak, birziklatzeari buruzko mezu zuzen eta errazak emango dituztenak
- Mankomunitateak eskaintzen dituen bilketa-sistema guztiak zehatz-mehatz bilduko dituen gida bat argitaratzea, bilketa-lerro bakoitzean bota behar diren hondakinak gogoraziz.
- Kanpaina bat kalean bertan, herritarrekiko harremana bilatzeko eta mezua hurbiletik zabaltzeko, zalantzak argitzeko informazio-puntu baten bidez.
Tolosaldeko Mankomunitateak birziklatzearen inguruan sentsibilizatzeko aurkeztutako ‘Eman aurpegia’ kanpainak lau hilabeteko iraupena izangu du eta 3 fase izango ditu 28 udalerriak bisitatzeko. Azken fase horretan HORECA sektorea ere sartuko da.