Hasi gara atez ateko bilketarekin Anoeta, Irura, Alegia eta Zizurkilen

  • Jun
    18

    Pozik gaude, hainbat hilabetetako lanaren ondoren, azkenean atez ateko bilketarekin hasi baikara Anoeta, Alegia, Irura eta Zzirukilen. Atzokoa, egun handia izan zen. Orain arte, %25 inguru birziklatzen genuen gure etxeetan, eta hemendik aurrera, sistema berri honekin, %80 inguru birziklatzea izango da helburua. Eta emaitza hau noski, herritarren ahaleginari esker izango da.

    Birziklatzearen inguruan ezin da izan intsumiso eta horregatik, orain arte herritarrek izandako parte hartze aktiboa eskertu eta berarekin jarraitzeko eskatzen diegu.

    Atez atekoaren aldeko hautua egin dute herri hauek, birziklapenaren alde gaudelako, eta herritarrengan sinesten dugulako. Ohitura aldaketak zailak izaten dira beti hasieran, baina emaitzak azkar ikusiko ditugu eta guztion artean, eskualde jasangarriago bat egingo dugu ziur. Hasierako egunak, guztiontzat izango dira berriak, bai bilketako langileentzat eta baita herritarrontzat ere. Beraz, denok beharko dugu pazientzia pixka bat.

    Aro berri bati ekin diote eskualdeko 4 herri hauek eta horregatik, Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie atez ateko bilketarekin hasi diren Zizurkil, Anoeta, Irura eta Alegiako udal eta herritarrei. Herri hauek egingo duten aurrerapausoarekin, birziklapen datuak iraultzeko bidean izugarrizko pausoa ematera baikoaz eskualdean.

    Pozgarria da oso, ederra izango baita eskualdearen etorkizunean egingo dugun aldea. Harrotasunez diogu Zero zabor eskualdea geroz eta gertuago dugula, eta hori, herritarrei esker izango da.

    Izan ere, Tolosaldean lehen aldiz ekingo zaio materia organikoaren bilketari. Herri asko dira organikoa konpostajearen bidez kudeatzen dutenak, baina gure hondakinen %40 den organikoa zabortegietatik atera eta beharrezko tratamendura eramatea, aurrerapauso handia da.

    Eskualdearentzat aurrerapauso handia izango dela esaten dugu, lau herri hauen datuekin, birziklapen datuak iraultzera baigoaz. Horrela, herritarren ongizatea eta jasangarritasun ekonomikoa ere bermatze bidean.

    Guztion artean, eskualdean alde ederra egingo dugu!

Ver todas las noticias »