Gizarteratze prozesu jendetsuak atez atekoa martxan jarriko den herrietan

  • Abr
    11

    Gizarteratze prozesu honetan, atez ateko bilketa eredua aukeratzearen arrazoiak azaldu dira; hala nola, ingurumenean duen garrantzia, etorkizunean zabortegiek orain arteko sistemekin jarraituz gero izango luketen eragina, egun Udalentzat defizitarioa den eredu honekin jarraitzeak suposatzen duena, baita hondakinak ongi sailkatu ezkero ekarriko lukeen onura bai ekonomiko eta baita ingurumenekoa ere, etab. Arrazoien ondoren, atez ateko bilketa ereduaren azalpenak eman dira eta amaitzeko, herritarren txanda izan da, euren kezka eta zalantzak argitzeko.

    Bileretan izandako herritarren parte hartzeaz oso balorazio positiboa egiten da, herritarrek informatzeko nahia eta hondakinen gaiarekiko ardura erakutsi baitute.

    Eredu berriak funtzionatzeko, herritarren parte hartzea eta inplikazioa behar dira eta hori ere argi ikusi da informazio bilera hauetan ere. Herritarrak birziklatzera bultzatzen ditu sistema honek, eta bileretan herritarrekin ondorioztatu den bezala, guztiok nahi dugu gehiago birziklatzea.

    Herritarrek, eredu berriarekin euren kezka eta zalantzak argitzeko balio izan dute bilera hauek. Aspektu tekniko eta ekonomikoen azalpenak eman dira bileretan eta herritarrek, zein aldaketa suposatuko dien ere ikusi ahal izan dute. Oro har, herritarren partetik bilketa eredu berriarekiko ardura eta konpromisoa azpimarratzen dira. Alde eta aurkako ideiak egon badaude, baina herritarrak egungo egoerak suposatzen duen erronkari eutsi nahi diote, egungo eredua aldatu beharra baitago.

    Herritarrek eduki dezaketen informazio faltagatik, atez ateko ereduaren inguruan herriz herri hainbat kezka errepikatu direnez, Mankomunitatetik, eta Udaletatik azpimarratu nahi da, alde batetik, ez dela multarik jarriko sailkapena gaizki egiten bada eta ondo egin ahal izateko bitarteko guztiak jarriko direla. Bestetik, arlo ekonomikoak ere kezkak sortzen ditu; esan behar da, atez ateko sistema merkeena delako jarri nahi dela. Egun Udalek hondakinen inguruan duten zama ekonomikoa murrizteko, bere bilketa emaitza onengatik, ezagutzen den sistemarik eraginkorrena eta sostengarriena delako aukeratu da atez ateko bilketa eredua.

    Bileretan oro har, herritarrek gustura egon direla eta emandako informazioarekin asetu direla esan dute. Informazio guztia mahai gainean jartzearekin, herritarrek zituzten kezkak uxatu dira. Saioek aurrera egin ahala giroa baretzen joan dela ikusi izan da bileretan eta herritarren kezka eta ardurek erantzuna izan dute beti eta hori herritarrek oso ondo baloratu dute. Beraz, herritarrek bileren balorazio positiboa egiten duten moduan, Udalek eta Mankomunitateak ere hala egiten dute.

    Gizarteratze Prozesua behin amaituta, bilera horietara joaterik izan ez dutenentzat eta informazio gehiago nahi dutenentzat informazio bulegoak ireki dira herritarrentzat. Bertan, herrien azterketak egiten aritu diren taldeko hezitzaileak egongo dira, beharrezko azalpenak emateko.

Ver todas las noticias »