Kalean dira hondakinen bilketarako kamioi berriak

Tolosaldeko Mankomunitateak kontratatu berri du eskualdeko 28 herrietarako hiri hondakinen bilketa eta garraio zerbitzua. Udalerrietan ezarrita dauden hondakinen bilketa sistemetara egokitzen da, herrigunean zein industrigunean sortzen diren hiri hondakin frakzioak biltzeko.

Esleipenduna FCC eta Serbitzu Elkarteak osatutako aldi baterako enpresen elkartea (ABEE) izan da. Kontratuak 4 urtetako iraupena izango du, 3.275.000€tako urteko kostuan.

Guztira 16 kamioi eta ekipo ausiliarrek osatzen dute Tolosaldeko Mankomunitateko flota berria, hondakinen bilketaz gain edukiontzien garbiketa eta mantenimenduaz arduratuko dira.

Continue reading “Kalean dira hondakinen bilketarako kamioi berriak”

ON EGIN eta EGIN ON. Tolosaldean sortzen diren elikagai xahuketaren aurkako ekimena

Etengabeko hazkundea eta ekonomia linealean oinarritutako gaur egungo kontsumo ereduak sortzen dituen hondakinen kudeaketa gizartearen funtsezko kezkatako bat bilakatu da: horien artean, elikagaiak xahutzearena.

Jana bazterrean uztea eta botatzea elikagaien prozesuaren etapa guztietan gertatzen da: ekoizteko orduan, kontsumitzerakoan, banatzerakoan, saltzerakoan eta sukaldatzerakoan. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) jotzen du gure kontsumorako ekoiztutako elikagaien heren bat ez dela inoiz kontsumitzen, galdu edo xahutu egiten da: Tolosaldean guztira, 8.500 tona (179 kg urtean pertsonako).

Datu hauei erantzunez Tolosaldea Garatzenek, Tolosa Gourmet, Tolosaldeko turismo enogastronomikoko klubeko kide diren jatetxe eta tabernekin “ON EGIN eta EGIN ON” ekimena martxan jarri du, Tolosaldeko Mankomunitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.

Helburua, Tolosaldeko jatetxe eta tabernak nahiz Tolosaldeko herritarrak janari hondakinen inguruan hausnartzea eta ekimenera igarotzeko baliabideak eskaintzea da, zerbitzuen sektoretik hasi eta etxeetaraino elikagaien xahutzean eragina izateko. 2030erako, pertsonako eta urteko xahutzen den elikagai kopurua erdira jaistea bilatzen da.

“Ez utzi ezer platerean”

Alde batetik, oraingoz “ON EGIN eta EGIN ON” ekimenera atxiki diren 16 jatetxetan ontzi biodegradagarriak banatuko dira, bezeroak platerean uzten duen bere janaria etxera eramateko aukera izateaz gain, janaria eramate hori plastikorik gabe egin dadin. Dagoeneko hainbat lurralde eta hirietan ohikoa da praktika hau, baina Euskal Herrian ez dago horren zabaldua.

Jatetxeak inplikatuko diren modura, herritarrak keinu txiki hau egin eta soberakinak etxera ematera animatu nahi da: otordua amaitzerakoan etxera eramateko jartzeko eskatzea nahikoa izango da.

Jatetxe eta taberna parte hartzaileak ondorengoak dira: Aburuza sagardotegia, Alkizako Ostatua, Astelena, Beti alai, Botarri, Iriarte, Larraitz gain, Orexako Ostatua, Route 33, Casa Julian, Casa Nicolas, Burruntzi, Ama, Ikatza, Orbela eta Lur-lan.

Establezimendu hauek, formazio bat eta hainbat material izango dituzte eskura, bezeroei modu proaktiboan janari soberakinak etxera eramatea proposa diezaien.

Ontzi hauek plastiko arrunta diruditen arren, PLA material %100 konpostagarriarekin eta %100 biodegradagarriarekin eginda daude. Landaketa jasangarrietan eta errekurtso berriztagarriekin ekoitzitako landareetatik (artoa, azukre kanabera…) eratorritako materiala da.

Ikastaroak

Beste alde batetik formazio saioak eskainiko dira: jatetxe eta tabernentzat, sortzen dituzten jan soberakinekin kalitatezko plater berriak egiten ikasteko tailerra; eta herritarrentzat, etxeko jan soberakinak errezeta berrietan nola berrerabili ezagutzeko ikastaroa.

Izen-ematea

Tailerrak talde txikietan egingo direnez, plazak mugatuak dira. Irakaslea Imanol Zubelzu izango da bi kasuetan.

Jatetxe eta tabernei bideratutako formazioa non izango den zehazteko dago, baina herritarrentzako tailerra Tolosako Solana kaleko Sukal-talka espazioan izango da, urriaren 30ean, 18:00etatik 19:30etara. Izena emateko 688 840 776ra deitu edo ugalde@tolosaldea.eus helbidera idatzi beharko da. Tailer honen prezioa 5 eurokoa izango da.

HONDAKINAK BILTZEKO SISTEMA ALDAKETA ALTZON

Uztailaren 8tik aurrera hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarriko da Altzon. Hemendik aurrera, edukiontzi grixa eta marroia txartelaren bidez ireki beharko dituzte herritarrek.

Errefusa , astean bi alditan ireki ahal izango da, nahi den ordutegian eta egunetan. Behar bereziak dituzten familiei gehiagotan irekitzeko aukera eskainiko zaie (pardelak,…). Horretarako, udaletxetik pasa beharko dute txartela aktibatzera.

Organikoaren kasuan, bi aukera izango dituzte herritarrek. Lehenengoa lehen bezela auzo edo auto konpostarekin jarraitzea eta bestea jarri dituzten edukiontzi marroiak erabiltzea Edukiontzi hauek nahi den egunen eta ordutegian ireki daitezke; aukera hau izateko, udeletxetik pasa behar da txartela aktibatzera eta poltsa konpostagarriak jasotzera.

Ontzi arinen eta papera eta kartoiaren edukiontziak lehen bezela zabalik egongo dira.

Edukiontzi grisa eta marroia txartelarekin Asteasun

Urtarrilaren 21etik aurrera hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarriko da Asteasun. Gaikako bilketa igotzeko helburuarekin hemendik aurrera edukiontziak txartel bidez irekiko dira.

Organikoaren kasuan, probarako bi edukiontzi marroi jarri ditu Udalak Ibarrazpin eta Kale Berrian. Edukiontzi hauek nahi den egunen eta ordutegian ireki daitezke; aukera hau izateko, bulegotik pasa behar da txartela aktibatzera. Gehienbat etxean konposta egiten ez dutenei zuzenduta dago.

Errefusa berriz, astean lau aldiz atera ahal izango da, nahi den ordutegian eta egunetan. Behar bereziak dituzten familiei gehiagotan irekitzeko aukera eskainiko zaie (pardelak,…). Horretarako, informazio bulegotik pasa beharko dute txartela aktibatzera.

Ontzi arinen eta papera eta kartoiaren edukiontziak lehen bezela zabalik egongo dira.

Hondakinen informazio bulegoa irekita egongo da herritarrei informatzeko, bulego hau Kale Nagusia 6an dago kokatua. Sistema berria martxan hastean, sei hilabetez egongo dira bertan. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik.

Informazio gehiago asteasu@tolosaldekomankomunitatea.eus posta elektronikoan edo 672 654 506 telefono zenbakian.