Ikaztegietan ere atez atekoaren inguruko informazio bulegoa ireki dugu

Hala, atez ateko bilketa sistema Ikaztegietan nola garatu lantzen hasi ziren Ikaztegietako Udala, Tolosaldeko Mankomunitatea eta teknikariak. Irizpide tekniko eta ekonomikoak oinarritzat hartuz, herriarentzat kudeaketa egokiena diseinatu zuten elkarlanean, eta orain, hau herritarrei azaltzeko lanetan hasi dira. Batetik, gizarteratze prozesua deitu zaien batzar informatiboak izan dira pasa den ostiral eta larunbatean. Gainera, aste honetatik aurrera,  herritarrei zuzenduta egongo den informazio bulegoa ere irekita izango da.

Batzar hauetan, Iker Otamendi alkateak Udalak erabaki hau hartzeko izan dituen arrazoi desberdinak azaldu zituen, hala, ingurumenarekiko errespetua, herritarren ongizatea, bideragarritasun arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak azaldu zituelarik.

Teknikariek euren aldetik, atez ateko hondakin bilketa proposamenaren  berri eman zuten, aspektu teknikoak azalduz. Herria, bitan banatutzen da; landa ingurua eta herriko nukleoa. Bi hauetan, sistemak aldaera batzuk izango dituelarik. Hondakinen bilketa efizienteagoa izan dadin, landa ingurukoentzat 2 ekarpen gune izango dira, eta bertara eramango dituzte euren hondakinak, gaika sailkatuta. Gune hauetan sartu ahal izateko, giltza izango dute herritar hauek, eta nahi dutenean erabili ahalko dituzte.

Herriko gunekoek, berriz, portal edo ate ondoan kuboa utziz funtzionatuko dute. Egun bakoitzean, iluntzean, dagokion hondakina aterako dutelarik. Herritar hauek, emergentziaren bat dutenean edo hondakin kopuru handiak dituzten egunetan, landa eremukoen erabilekoak diren ekarpen gune horiek erabiltzeko aukera ere izango dute.

Alegiarekin duen gertutasunarengatik eta bilketa lanak errazago egiteko, bertako egutegi bera izango du Ikaztegietak ere. Kubo motak ere bai eta orokorrean, sistema bera izango da.

Ikaztegietaren kasuan, eta teknikariek azaldu bezala, edifikazio ez oso altuak izatean, kuboak zutabeetan zintzilikatu ordez, lurrean uzteko aukera eman diete herritarrei gehien bat. Hala, egunean zehar ez da ezer egongo kalean. Teknikari taldeak, euren proposamena egin dute, kuboak non utzi adieraziz, argazki muntai batekin. Argazki hauek, portal bakoitzean egongo dira ikusgai, eta azaroaren 5 arte izango dute herritarrek, euren aldaketak edo egiteko.

Paperaren edukiontzi komunitarioa nahi duten etxebizitzek, egun horretararte izango dute beta, honen eskaera egiteko.

Alegazioak eta eskaerak egiteko zein edozein galdera edo informazio  eskuratzeko, informazio bulego bat izango da irekita, urriaren 22tik aurrera Ikaztegietako Udalean. Astearteetan goizeko 9:00etatik 11:00etara eta asteazkenetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da irekita. Bertan, hezitzaile bat egongo da, eta atez atekoaren inguruko azalpen guztiak emateko prest izango da. Bertara ezin dutenek, ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus edota honako zenbaki honetara deituta egin dezakete: 661559757.

Azkenik, behar bereziak dituzten herritarrekin, Udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan adierazi nahi dugu.

 

Informazio bulegoa, Udaletxean:

Astearteetan, 9:00-11:00

Asteazkenetan, 18:00-20:00

ikaztegieta@tolosaldekomankomunitatea.eus

661559757

Atez ateko bilketa nola izango den informatzeko gizarteratze prozesua Ikaztegietan

 

Azterketa teknikoen arabera eta inguruko herrietan ikusi dena­ren arabera, atez-ateko zabor bilketa da gehien birziklatzen duen eredua. Aukera honekin, ikaztegietar guztien artean zaborren kudeaketa egokia egin ahalko dute.

Atez-atekoaz gain, bada organikoa kudeatzeko beste modu bat; konpostajea. Aspaldidanik, herritar batzuk euren materia or­ganikoa konposta bidez lantzen hasi ziren. Emaitza oso positiboa izan da eta norberak bere hondakin organikoak kudeatu eta bara­tzerako konposta lortzeko era egokiena da. Aurrekoaren emaitzak ikusirik jada eman dute beste 25 pertsonek izena bigarren ikastaro baterako. Beraz, konposta egitera animatu nahi ditugu herritarrak.

Gure helburu nagusia, ahalik eta gehien birziklatuz, errefusa, hau da, material ez birziklagarria kopuru oso txikietara eramatea da. Tolosaldean, %34ko birziklapen tasa baxua dugu, %80ra iritsiko gara bilketa berriarekin. Lehengaien neurrigabeko ustiaketaren aurrean, birziklatuz, lehengai horiek bueltan jarriaz euren be­rrerabilpenerako.

Hala, atez atekoa jada martxan duten herrietan, kopuru horiek gainditu direla ikusi ahal izan dugu azken hilabeteetan. Alegia, Irura, Anoeta, Zizurkil eta Villabonan, birziklapen datuak irauli egin dira, eta aurrez emandako datuetatik, irailean %83a birziklatzera iritsi dira. Hau da, %17a soilik bideratu dute herri horietan zabortegira. Aurrez zen %66arekin, aldea handia da oso.

Ikaztegietarentzat eta eskualde osoarentzat hoberena egitera goazenaren segurtasuna dugu, eta herritarrei euren konfiantzarekin jarrai dezatela eskatu nahi diegu. Informazioa eman eta beharrezko zalantza guztien azalpenak egiteko, gizarteratze prozesuan parte hartzera dei egin nahi diegu herritarrei. Bilera hauek, urriaren 18an, iluntzeko 20:00etan eta urriaren 9an goizeko 11etan izango dira.

Bertaratu ezin dutenek, aukera izango dute  hurrengo astetik aurrera Udaletxean egongo den informazio bulegoan beharrezko informazio guztia eskuratzeko.

Aipatu nahi dugu ere,  behar bereziak edo menpekotasuna duten herritarrekin, Udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan.

GIZARTERATZE PROZESUA: Urriaren 18an, 20:00etan edo Urriaren 19an, 11:00etan

Andoaingo garbigunea ireki dugu

Hilabeteak pasa ditugu lanean, eta azkenean, gaurkoan poz handiz, gune hau martxan jartzeko eguna iritsi zaigu.
 
Eskualdean bigarren Garbigunea dugu, eta Tolosakoak bezala, herritarren erabilera handia izatea espero dugu honek ere. Garbigune batek, hondakinak zabor bihurtu baino, hauei balioa ematean du funtsa. Hondakinak sailkatzean, beharrezko tratamentua egiteko aukera zabaltzen baita.

 
Hala, guztira 12 hondakin multzo sailkatzeko aukera ematen da bai edukiontzi handi hauen bidez, eta baita teilatupe horretako gunearen bidez ere. Bertan gainera, 14 hondakin arriskutsu sailkatu ahalko dira.
 
Tolosaldeko Mankomunitatearen helburua, ahalik eta aukera zabalena ematea da, horrela, gehiago sailkatzea eta beraz, zabortegietara gutxiago eramatea lortuko baita. Eskualdeko herritar guztientzat eskaini nahi den zerbitzu bat da, eta Tolosakoa bezalaxe, doakoa.
 
Garbigune honetan, Tolosakoan bezala, berrerabilgunearen zerbitzua ere emango da. Horrela, norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektriko etabar, ekarri daitezke gune honetara, eta bertan egongo diren antzeko gauzak ere hartzeko aukera izango da. Erabiltzen dugun edozerk izan dezake bizi berri bat, beste norbaiten eskuetan, eta asmo horrekin sortua dago berrerabilgunea.
 
Irekitze ekitaldi honetan, lankidetza bat ere azpimarratu nahi dugu. Izan ere, San Markoko mankomunitatearekin lankidetza bat martxan dugu, eta horri esker, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriez gain, Urnietako herritarrek ere erabili ahalko dute Andoaingo Garbigune hau.
 
Eskualdean helburu garbiak ditugu markatuta, eta gaurko honetan ere noranzko horretan kokatzen gaituen pauso bat ematen ari gara. Tolosakoarekin batera, Andoaingo garbigune honek, orduan eta gehiago sailkatzea bideratzen lagunduko digu eta beraz, zabortegietara ahalik eta gutxien eramatea lortuko dugu.
 
Lehengaien ustiaketa mugagabe baten aurrean, hondakinak errekurtso bezala kudeatzea da helburua. Ingurumenaren eta bideragarritasunaren alde batez ere, baina baita eskualde garbi, txukun eta osasuntsuago bat eraiki nahi dugulako ere. Herritarron ongizatea guztion esku dago; bide horretan gaude, eta ziur, denon artean eta garbigune hau bezalako aurrerapausoekin, bidea errazago egingo dugula.
 

Urriaren 8tik aurrera, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriek eta Urnietarrek ere erabili ahalko dute. Izan ere, San Markoko Mankomunitatearekin duen lankidetzari esker, Urnietaren gertutasun geografikoa izanik, bertako herritarrei ere doako zerbitzu hau eskaintzeko aukeran izango da Tolosaldeko Mankomunitatea.
 
Inaugurazio ekitaldian, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herriteako hainbat ordezkari izan dira, eta Andoaingo Udaleko hainbat politikari ere bertaratu dira.
 
Hitza hartzen, Ainhoa Ugalde Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakaria, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Diputatua den Iñaki Errazkin izan dira.
 
 
 
 
 
 

Hondakinen kudeaketa egoki baten alde, ordenantza bete dezagun

Mankomunitatetik, lanketa berezi bat egiten hasiko gara, hondakinak gaizki sailkatu eta leku desegokietan uzten dituzten  herritarrekin, benetan emaitza onak ematen dituela demostratzen duen sisteman parte hartu dezaten.

Mankomunitateak eskualdeko hondakinen kudeaketa egiteko eta arautzeko betebeharra duenez, Abuztuaren 26an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezala, hondakinen kudeaketaren inguruko ordenantza aplikatzen hasiko gara.  Horrela, ordenantza horretan Mankomunitatea zerbitzua ematera behartzen den moduan, herritarrei ere euren ardurak esleitzen zaizkie; bakoitzak bere hondakinak Mankomunitateak adierazitako ordutegi, egutegi eta baldintzetan ateratzeko zehazten delarik.

Mankomunitateak, arazoa konpontzeko asmoarekin hurrengo pausoak emango ditu: Lehenik eta behin, gaika sailkatu gabe eta ezlekuetan uzten diren zabor poltsa horiek identifikatuko dira (pegatina bidez) irailaren 26tik aurrera eta hurrengo pausoa, praktika txar hori egiten duten herritarrak identifikatzea izango da.

Ez sailkatzeak eta hondakinak kalean uzteak kalte egiten die herriei, herritarrei eta orohar, eskualde osoari. Horregatik, herritar guztiak gauzak ongi egitera gonbidatu nahi ditugu, denon ardura da eta guztion erantzunkizuna. 

Praktika desegokiek jarriatzen  badute, Ordenantzaren 40. artikuluan jasotzen den moduan, arau hausteak gertatuz gero 90 eurotik gorako zigorrak jarri beharko dira.

Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitatearen ordenantzak II. kapituluan jasotzen dituen hainbat arau hauste aipatuko ditugu: Hondakinak kontrolik gabe uztea, Mankomunitateko bilketa-bitartekoei zein hondakinen tratamenduari nahita kalte egitea edota uko egitea sortzen dituen hondakinak bilketa zerbitzuaren esku jartzeari.

Baina kasu honetan, batez ere 40.3.a artikuluan fokatu nahiko genuke: “hondakinak edukiontzietatik kanpo edo Mankomunitateak hondakinak uzteko adierazitako lekuetatik kanpo uztea, edo zerbitzuaren egutegitik edo ezarritako ordutegitik kanpo uztea”. Arau hauste hau da oraingoz herrietan jazotzen ari dena, eta ahal bezain pronto soluzio eman nahi dioguna.

Gainera, ordenantzak dioen moduan, dagozkien zigorrak kontuan izan gabe ere, arau-hausleak behartuta daude utzitako hondakinak kentzera eta zikindu duten ingurua garbitzera.

Hondakinen kudeaketari eta bilketa sistema berriari ez ezik, bizilagunei ere kalte egiten die kaleko poltsa horiek. Gainera, ongi sailkatu eta sisteman parte hartzen saiatzen ari diren herritarrenganako errespetu falta ere bada ezbairik gabe.

Beraz, herritarrei dei egiten diegu ordenantzako arauak bete ditzatela eta beraz, euren herrirako erabakitako bilketa ereduan parte hartu dezatela. Herriak txukun izatea guztien ardura da, eta ez dezagun axolagabetasunez jokatu. 

Hilabetean, birziklapen datuak irauli dira atez atekoaren bitartez

Hitz eman moduan, lau herri hauetan, atez atekoaren bitartez birziklapen datuak iraultzen ari gara lehen egunetik. Eta hori, argi dugu, herritarren parte hartzeari esker soilik lortu dela.
 
Alegia, Irura, Anoeta eta Zizurkil, Amasa-Villabona bezala, zero zabor norabidean martxan dira. Eta emaitzak jasotzen hasiak gara dagoeneko. Ahalik eta gehien birziklatzean, beraz, ahalik eta gutxien zabortegira eramatean jarri dugu helburua beti, eta dagoeneko lortzen ari gara.
 
Bilketa eredu berriarekin hilabete bete duten lau herri hauetan, datuak oso esanguratsuak izaten ari dira, hurrengo taulan ikus daitekeenez:
 
hilabeteko datuak atez ate
                                                                                                 *atez ate bildutakoa bakarrik hartzen du taulak
 
Azpimarratzekoa da, portzentaia altuena duen frakzioa, hau da, materia organikoa lehen aldiz orain hasi garela biltzen, eta ikus daitekeen moduan, sortzen dugunaren ia erdia da. Beraz, garbi dago, orain artean bezala, gai hau zabortegira eramatea, akats handia dela. Etxeetan sailkatu ondoren, ongarria egiteko erabiltzen da, eta ez da zabortegietan usteltzen uzten.
 
Bestetik, orokorrean birziklatze datuen iraultzea ikus daiteke datu hauetan. Eskualdeko datuetan, %30aren azpitik kokatu izan dugu birziklatze tasa, baina atez atekoa martxan den herri hauetan, irauli egin da guztiz, eta errefusa, kopuru oso txikia dela ikusi ahal da.
 
Atez ateko bilketak, benetan etxeetan sortzen duguna sailkatuarazten digu herritarroi, eta horregatik lortzen dira berehala halako datu esanguratsuak. Benetan sortzen duguna, atalka agertzen diren datu horietan islatzen baita.
 
Aurrera begira, parte hartzea handitzea eta beraz, datu horiek geroz eta altuagoak izatea dugu helburu. Ziur gaude, herritar guztion artean, ongi egiten jarraituko dugula. Herri hauen onerako zein eskualde guztiaren onerako.
 
Beraz, dei egiten diegu oraindik eredu berriari heldu ez dieten herritarrei, alde batetik, euren hondakinak kubo bidez eta sailkatuta ateratzeko, horrela, datu hauen arrakastan ere parte izanez. Eta bestetik, gure herriak txukun mantentzeko eskaera egin nahi dugu; herritar guztienganako errespetuan oinarrituz.
 
Amaitzeko, eta datu hauek hala eskatzen duten aitzakian, herritarrei eskerrak eman beharrean gara. Hartutako bidean, herritarrak sujetu garrantzitsuenak izan dira orain arte, eta izango dira aurrerantzean ere. Herritarrei esker, oso ondo egiten ari gara, eta jarrai dezagun horrela. Zorionak benetan guztioi!
 
* Taulako datuek, atez ate biltzen dena bakarrik barnebiltzen dute, beraz, beira hontatik kanpo geratuko da. Baita, eredu berriari uko egiten dioten herritarrek kalean uzten dituzten zabor poltsak ere. Beraz, atez ate biltzen diren kantitateak hartu dira kontutan, komertzioenak ere bai, eta ekarpen guneetara eramandakoak ere bai.
 
Kiloka, honakoak dira datuak:
Ontzi arinak: 11.830
Organikoa 34.180
Papera eta kartoia: 14.420
Errefusa:10.920
Guztira: 71.350

Amasa-Villabonan ere atez ateko bilketa martxan

Uztailaren 7 gauean atera dute Villabonako herritarrek organikoarekin euren lehen kuboa. Hurrengo goizean, bilketako langileek, kuboak jaso dituzte, eta gustora agertu dira guztiak ere, jasotakoarekin.

Eskualdean atez ateko bilketarekin batera hasi da organikoaren bilketa zerbitzua, eta honen garrantzia azpimarratzekoa da, etxeetan sortzen dugunaren %40a osatzen baitu materia honek. Herri askotan, eta Villabonan ere bai, asko dira konpostajearen bidez euren organikoa kudeatzen dutenak, eta beraz zabortegira ez dutenak bidaltzen. Atez atekoarekin, hori lortzen ari gara eskualdean, horrela, Amasa-Villabonatarren materia organikoak, beharrezko tratamentua jasoko duelarik eta ez zabortegira eramanda. Ondorioz, kostuak ere jaitsi egingo direlarik gainera.

Amasa-Villabonako atez ateko bilketa eredua, orainarte eskualdean izan ditugun ereduetatik desberdindu egin da. Izan ere, gizarteratze prozesuan jasotako ekarpenei kasu eginez, papera eta kartoiaren edukiontzia kalean mantenduko da, arropa, beira eta pilena bezala. Horrela, larunbatetan ez da hondakinik aterako zintzilikarioetara.

Tolosaldeko Mankomunitateak, eskerrak eman nahi dizkie Villabonatar guztiei, bai gizarteratze prozesuan izandako parte hartzearengatik, bai kubo banaketan izandako arrakastagatik eta baita erakutsitako jarrera baikorrarengatik.

Eskualde hobe baten bidean, Villabonak egiten duen aurrerapausoak ere eragin handia izan dezake, eta hori zoriontzekoa da.

Zero zabor norabidea hartu genuen, eta horretan pausoak ematen goaz herriz herri. Eskualde jasangarriago baten helburua gertuago dugu, eta hori, guztion artean lortu dezakegu. Hasieran aipatu moduan, dagoneneko 8 herri dira zero zabor norabidean jarrita daudenak. Eta hurrengo hilabeteetan, geroz eta gehiago batzen joango dira, etorkizuna den honetara.

Hasi gara atez ateko bilketarekin Anoeta, Irura, Alegia eta Zizurkilen

Pozik gaude, hainbat hilabetetako lanaren ondoren, azkenean atez ateko bilketarekin hasi baikara Anoeta, Alegia, Irura eta Zzirukilen. Atzokoa, egun handia izan zen. Orain arte, %25 inguru birziklatzen genuen gure etxeetan, eta hemendik aurrera, sistema berri honekin, %80 inguru birziklatzea izango da helburua. Eta emaitza hau noski, herritarren ahaleginari esker izango da.

Birziklatzearen inguruan ezin da izan intsumiso eta horregatik, orain arte herritarrek izandako parte hartze aktiboa eskertu eta berarekin jarraitzeko eskatzen diegu.

Atez atekoaren aldeko hautua egin dute herri hauek, birziklapenaren alde gaudelako, eta herritarrengan sinesten dugulako. Ohitura aldaketak zailak izaten dira beti hasieran, baina emaitzak azkar ikusiko ditugu eta guztion artean, eskualde jasangarriago bat egingo dugu ziur. Hasierako egunak, guztiontzat izango dira berriak, bai bilketako langileentzat eta baita herritarrontzat ere. Beraz, denok beharko dugu pazientzia pixka bat.

Aro berri bati ekin diote eskualdeko 4 herri hauek eta horregatik, Tolosaldeko Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie atez ateko bilketarekin hasi diren Zizurkil, Anoeta, Irura eta Alegiako udal eta herritarrei. Herri hauek egingo duten aurrerapausoarekin, birziklapen datuak iraultzeko bidean izugarrizko pausoa ematera baikoaz eskualdean.

Pozgarria da oso, ederra izango baita eskualdearen etorkizunean egingo dugun aldea. Harrotasunez diogu Zero zabor eskualdea geroz eta gertuago dugula, eta hori, herritarrei esker izango da.

Izan ere, Tolosaldean lehen aldiz ekingo zaio materia organikoaren bilketari. Herri asko dira organikoa konpostajearen bidez kudeatzen dutenak, baina gure hondakinen %40 den organikoa zabortegietatik atera eta beharrezko tratamendura eramatea, aurrerapauso handia da.

Eskualdearentzat aurrerapauso handia izango dela esaten dugu, lau herri hauen datuekin, birziklapen datuak iraultzera baigoaz. Horrela, herritarren ongizatea eta jasangarritasun ekonomikoa ere bermatze bidean.

Guztion artean, eskualdean alde ederra egingo dugu!

Tolosaldeko Mankomunitateak hartutako bidea eraginkorrena eta ekonomikoki bideragarriena da

Mankomunitateak bide “eraginkorra” hartu du from 28 Kanala on Vimeo.

Zero zabor eskualdea egiteko helburua du Mankomunitateak, eta horren gakoa, ahalik eta zabor gutxien sortzean dagoela azpimarratu dute. “Helburua, zabortegira ahalik eta hondakin gutxien eramatea da eta horretarako, hondakinak ongi sailkatzea da oinarria. Horrela, egungo ereduak mantentzen dituen zabortegietatik urrun egongo den eskenatokian kokatuz” adierazi du Eneko Maiozek.

Zero zabor bideari heldu diotela esan dute, ingurumenarekiko errespetua, oraingo eta etorkizuneko herritarren ongizatea, jasangarritasuna eta eredu merkeago baterantz kokatzek dutelako eskualde osoa.

Urteetan gaizki egin den kudeaketa ez arduratsuaren ondorioz, hainbat erabaki hartu behar izan dituztela azaldu du Maiozek.

Udalek orainarte Mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak ez du izan igoerarik, nahiz eta aurrekontua igo. Ondorioz, remanentetik hartzen da 2009az geroztik herriek Mankomunitateari ordaindu beharrekoaren zati bat. Honekin, ulertu daitekeena da, herriak euren posibilitateen gainetik bizi izan direla. Mankomunitatearen helburua, hau aldatu eta Udal bakoitzak jasotzen duen zerbitzua bere osotasunean ordaintzea izango da.

Norabide aldaketaren beste zergaiti batk herritarrei eragin ekonomiko ahalik eta txikiena egitea ere bada; izan ere, ia udal guztientzat defizitarioa den zerbitzu baten aurrean gaude.                              

Azken lau urteetan herriei ez zaie inongo igoerarik ezarri Mankomunitatetik, eta herri bakoitzaren gastua kubrituko ez bada ere, herriek Mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak %6 igoko dira. Hau ere, “orainarteko gestio desegokiaren ondorioa” dela argudiatu dute Mankomunitateko ordezkariek. Urte askoan zehar ez dira aplikatu igo beharreko kostuak, hala nola, GHK-koa, eta beraz, orain hau ere egin beharra dagokiela azaldu dute. “Igoera hau, ez da Mankomunitatearen  gastuak igo direlako edo bestelako arrazoiengatik. Azaldu bezala, herriek orainarte ordaindu duten kuota ez da erreala izan, eta horrek Mankomunitatean eragin zuzena izan du; remanentean zein aurrekontuetan”.

Mankomunitatea autofinantzatu behar den erakunde bat dela adierazi dute, eta helburu horrekin, herriei orain esfortzu hau eskatzen zaiela, kudeaketa desegoki hau errotik aldatu dadin.

Argi adierazi dute remanenteak, inbertsioetarako izan behar duela eta ez herrien kuotak ordaintzeko, hori ez baita gestio egokia. Herriek asumitutako gastua  baino zerbitzu  garestiagoa jasotzen baitute.

Horrela adierazita Udalei euren kostuak igoko zaizkiela esaten ari direla badirudi ere, ez duela hala izan beharrik adierazi dute. Izan ere, Mankomunitateak hartu duen ibilbidearekin, organikoa ahal den neurrian herrietan kudeatuz, eta bestetik, gaika ongi sailkatu ondoren birziklatze datuen biderkatzearekin lortuko diren emaitzek, orain arteko sistema baina jasangarriago eta merkeagoa izatea ekarriko dute. Herritarrek ahalik eta gastu gutxiena asumitzea lortu behar da, eta hori, guztion ahaleginarekin lortu daitekeela nabarmendu dute.

Amaia Azkuek adierazi moduan, “Mankomunitateak hartutako bide hau, eraginkorrena eta ekonomikoki bideragarriena da. Sistemen gainetik kokatzen gara, helburua, ahalik eta gutxien sortu, berrerabili eta ahal den guztia birziklatzea da, horrek kudeaketa kostuetan zuzeneko eragina duelako”. Herrien izaeraren arabera, eredu bat edo beste bat eramango dute aurrera:

Begi bistan ditugu orainarte eskualdean egiten ari diren aurrerapausoen guneak: Orendain, lehen zero zabor herria izan zen, horren ondoren, Elduain eta Orexa ere batu zirelarik izendapen horretara. Hauen atzetik, Altzo, Amezketa eta Berastegi ere euren pausoak ematen ari dira euren materia organikoa herrian kudeatu eta errefusa kontrolatuz, birziklapen tasak ahalik eta altuenak izan daitezen.

Bestetik, atez ateko bilketaren aldeko apustua egin duten herriak ditugu Alegia, Irura, Anoeta, Zizurkil eta Amasa-Villabona. Aste gutxiren buruan, herri hauen ahaleginak bere fruituak ematen dituela ikusiko dugu ziur.

Azkenik, Mankomunitatearen ibilbidean oinarrizko bihurtu den Konpostaje kanpaina dugu. Lehen aipatutakoek eta Aduna eta Lizartza bezelako herriek duten konpostajearen plangintzak eskualdeko gainerako herrietara zabaldu behar direla esan du Azkuek.

Herri guzti hauek, Tolosaldeko Mankomunitatearekin batera ibilbide baten lehen pausoak ematen ari dira, eta ziur agertu dira herritarrentzat fruitua emango duten pausoak izango direla.

Aurrera begira, Tolosaldeko Mankomunitateak ibilbide berean eskualdeko mapan puntu berde gehiago markatzeko lanean jarraituko duela adierazi dute ordezkariek. Hala, Garbigune berri bat irekitzeko lanak amaitzen ari dira Andoainen. Garbiguneek, birziklapena sustatzea dute helburu; ohiko birziklapen zirkuituetatik kanpo geratzen diren hondakinak birziklatzeko beharrezko guneak dira, eta honekin, eskualdean bigarrena osatuko dute, Tolosako San Blas garbigunearekin batera. Garbigunearena, esan bezala, beste pauso bat izango da, birziklapena, berrerabilpena eta murrizketaren helburuak betetzeko bidean.

 “Mankomunitateko kontuak orain arte ez bezala, gardentasunez eta arduraz” eramateko hartutako erabakien berri eman nahi izan dute, beti ere, herritarren interesak direlako benetan garrantzitsuenak. Herritarrei, konpromisoa eskatzen zaie aldi oro, hondakinen kudeaketan eurak direlako sujetu garrantzitsuenak, baina aldi berean, Tolosaldearentzako, herrientzako eta norbanakoentzat ere guztiok egiten ari garen ahalegina dela ikusi behar dugula azpimarratu dute.

Eskualdean dauden adibideekin ikusi ahal izan den moduan, guztien ahalegin txiki batekin, asko aurreratu daitekeela nabarmendu dute, eta horretara doazela adierazi.