Ostalaritzan beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina abiarazi du Tolosaldeko Mankomunitateak

  • Mai
    25

    Beirazko ontziak birziklatzearen inguruko sentsibilizazio-ekintzak indartuko ditu kanpainak, ostalaritza-establezimenduei zuzenduta, udalerrietan bildutako beira-kopurua handitzea helburu izanik.

    Tolosaldeko Mankomunitateak beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina berria abiaraziko du maitzaren 24tik aurrera Alegia, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil eta Andoaingo ostalaritza-establezimenduetan.

    Kanpaina berriaren helburua Mankomunitatean gaika bildutako beira-ontzien kopurua handitzea da eta edukiontzietan jasotzen den material inpropio kopurua ahalik eta txikiena izatea, kalitatezko sailkapena eta birziklapena egiteko. Horretarako landa-lana egitea aurreikusi da, hau da ostalaritzara bisitak. Beirazko ontzien birziklatzeari buruzko argibide gehiago emanez eta birziklatzeak Tolosaldeko Mankomunitateari dakarzkion ingurumen-onurei buruzko sentsibilizazioa bultzatuz.

    Horrela, maiatzaren 24tik ekainaren 14 bitartean, langile kualifikatuak hurbilduko dira establezimenduetara. Lehen fasean, argibideak eman eta beharrizanak antzemango dira; establezimendu bakoitzak sortutako hondakin-bolumenaren arabera, edukiera handiagoko ala txikiagoko ontziak banatuko zaizkie ostalariei (behar izanez gero), beirazko hondakinak birzikla ditzaten, eta, oro har, birziklatzeko erraztasunak emango zaizkie. Arrazoizko epe bat igarota, langileak establezimenduetara joango dira berriro, bereizketa behar bezala egiten ari direla ziurtatzeko.

    Tolosaldeko Mankomunitateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela ostalarien lankidetza, gaika bildutako beira-kopuruak gora egiten jarrai dezan. Izan ere, ostalaritzan sortzen da erabilera bakarreko beira-hondakinen % 50, eta, beraz, ostalaritza funtsezko sektorea da birziklatze-helburuak lortzeko: alor horretan egindako edozein aurrerapenak hobekuntza esanguratsua ekarriko du, klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Albiste guztiak ikusi »