Hondakin arriskutsu eta bereziak biltzeko etxolak jarri dira Tolosa, Villabona eta Andoainen

  • Mai
    15

    Orain arte, Andoainen, Villabonan eta Tolosan, egutegi bati jarraituz furgoneta bat egoten zen hondakin arriskutsu eta berezi hauek batzeko edota Garbigunera eraman behar izaten zituzten herritarrek. Etxola hauek jartzearekin, furgonetaren zerbitzua kendu egingo da, baina herritarrei erraztasun gehiago eskaintzea izan dugu helburu, hala,  hondakin arriskutsuen kudeaketa ere hobetzea lortuko dugularik.

    Herritarrek eskuragarriago izango dute hondakin mota hauek eramateko gunea, eta horrek erabilera handituko duela aurreikusten da. Era honetara, gehiago izango dira jaso beharreko tratamendu egokia jasoko duten hondakin arriskutsuak.

    Hurrengo kokalekuetan aurkituko dituzte herritarrek etxolak:

    Andoain: Apeaderoan, Taxi geltokiaren alboan

    Villabona: Mintzola eraikinaren alboan

    Tolosa: Emeterio arresen

    Lehendik ere halako adibiderik badugu eskualdean. Izan ere, olio begetala edukiontzietan biltzen hasi aurretik eskualdeko herri guztietara furgoneta bat joaten zen egun eta ordutegi zehatz batzuetan. Olioaren kudeaketan pauso kualitatibo handi bat ematea lortu zen, eskualdeko herri guztietan olio begetala eramateko edukiontziak jarri zirenean. Hasieran jauzi handia eman zen edukiontziak jartzearekin, eta geroz, goranzko konstantean dugu eskualdean landare olioaren birziklatze tasa ere.

    Adibide horrek, kudeaketa egokira eraman gintuen moduan, orain etxolak jartzeak ere bere emaitzak emango dituela aurreikusten dugu. Hondakin mota honi arriskutsu deitzeak adierazten duen moduan, kudeaketa egoki bat gabe, ingurugiroarentzat zein osasunarentzat oso kaltegarri izan daitezkeen hondakinei beharrezko tratamendua ematea dugu helburu, eta ziur gaude etxola hauen bidez geroz eta gutxiago izango direla zabortegietara bideratzen diren hondakin arriskutsuak.

     

    Honakoak dira etxola hauen bidez bilduko diren hondakin berezi eta arriskutsuak:

    • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak,  patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak…
    • Kotxeko bateriak
    • CDak eta DVDak
    • VHS bideo zintak eta musika kaseteak
    • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)
    • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak
    • Erradiografiak
    • Aerosol beteak edo erdi beteak
    • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk egon ez dadin)
    • Tinta eta toner kartutxoak
    • Margoak eta brotxak (ondo itxita)
    • Motore olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)
    • Fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

     

    Etxolak, zulo desberdinak izango ditu herritarrek dagokion lekura botako dituztelarik  hondakin arriskutsuak. Horretarako, zulo bakoitzak forma desberdina du eta irudi zein testu bidez lagundurik egongo dira guztiak. Biltzaileak etortzean dagoeneko kaxetan sailkatze lana egina izango da eta ondoren, gai bakoitzari dagokion tratamendua ematera bideratuko ditu kudeatzaileak

    Tolosan San Blasen dagoen Garbigunea eta Andoaingo Leizotz industriaguneko Garbigunearen bidez ere kudeatzeko aukera badago aipatutako hondakin arriskutsuak baina etxola hauen bidez, zerbitzua eskuragarriagoa jartzea dugu helburu.

    Mankomunitatea osatzen duten gainerako udalerrietan, oraingoz etxolarik ez dugu jarri, baina Udaletxe gehienetan dago aukera Garbigunera eraman beharreko tamaina txikiko hondakin arriskutsu hauek uzteko. Hondakin mota hauei herritarrek tratamendu egokia emateko aukera zabaltzea da Udaletxeetan jarritako kaxa horien helburua.

    Herritarrei adierazi nahi diegu, oso garrantzitsua dela guk sortzen ditugun hondakinei kudeaketa egokiago bat emateko aukera badugu, ematea. Ohiko edukiontzi berdera botatzearekin, arriskuan jartzen da ingurumena eta biztanleen osasuna. Herritarrei aukerak zabaltzea da helburua, guztion artean ahalik eta kudeaketa egokiena emateko hondakin mota hauei ere. 

Albiste guztiak ikusi »