HARRO EGOTEKO ARRAZOI BAT

  • Mai
    4

     

    Tolosaldeko mankomunitateak, Hondakin organikoen bilketa bereiziaren apustuan, aurrera pauso bat emateko abian da. Villabona eta Tolosako merkataritzari, ostalaritzari, ikastetxeei, zahar egoitzei eta azken finean hondakin organikoa kopuru handietan sortzaile diren establezimenduei, laguntza berezia eskainiko die: hondakin organikoa establezimenduaren atarian bilduko duen zerbitzu berezia.

    Maiatzaren 5 ean martxan jarriko den kanpaina baten bidez ahalik eta atxikimendu gehienak jaso nahi dira lau astetan zehar, eta horretarako hezitzaile pare baten bisitak jasoko dituzte bi herri hauetako establezimenduek. Era berean mankomunitateko web orrian, https://tolosaldekomankomunitatea.eus/ zalantzak argitzeko, eskaera egiteko eta informazio gehiago jasotzeko atala izango da prest.

    Beste udalerri batzuetan egiten den moduan, sistema honek, erosotasuna eskainiko dio erabiltzaileari, Mankomunitateak doanik banatuko baitizkio bere beharren araberako kubo tamaina eta poltsa konpostagarriak eta hondakinen poltsa, asteko 3 egunetan goizeko 9:30etan jasoko baitzaio establezimenduko atarian. Bisitatuko diren establezimenduetan triptiko bat banatuko da, non herri bakoitzerako bilketa egunak adierazteaz gain, organikora bota daitekeenaren informazioa eta hondakinak horrela biltzeak suposatzen dituen onurak aipatuko diren.

    Organikoa behar bezala banatu eta biltzearekin gainera, birziklatzen ez den hondakin kopurua gutxituko dugu, horrek gure ingurumenean eta baita ekonomian ere suposatzen duen abantailarekin. Egun batez fruta azalak, kafe -hondarrak edo lore xorta zimelak izan zirenak, konpost moduan bueltatuko dizkiogu lurrari produktuak ekoizteko behar dituen ongarri gisa. Ekonomia zirkularraren aldeko keinu errazenetako bat.

     

    *Atxikituta banatuko den esku-orria eta programan sartzen diren establezimenduei banatuko zaien adierazgarria

    ESKU-ORRIA

    KARTELA

Albiste guztiak ikusi »