Geroz eta herri gehiago organikoa herrian kudeatzen konpostajearen bidez

  • Mar
    18

    Horrela, zaborren kopurua jaitsiz, berarekin kostuak ere jaitsiz eta gainera, ongarria lortuaz.

    Tolosaldean etxe askotan ikusi ahal dira konpostagailuak etxe kanpoetan. Baina geroz eta gehiago ikusteko aukera dago oraindik ere. Izan ere, gaur egun ezarpen gehiago egiten ari baikara.

    Aipatzekoak dira, jada ezagunak diren Orendain, Orexa eta Elduaingo kasuak. Herri hauetan, euren organiko guztia %100ean herrian tratatzen da. Horrela, tratamendu gastuak zein eramate gastuak jaitsi direlarik.

    Amezketa, Altzo eta Berastegiren kasuan ere, pareko pausoak ematen ari dira, horrela, euren organiko guztia herrian tratatzeko moduan izango dira hurrengo hilabeteetan. Gainera, birziklapenaren aldeko apustua ere egiten ari direnez, zaborra, edo frakzio ez birziklagarria, benetan kopuru txikitan aterako da herri hauetatik.

    Tolosaldeko Mankomunitatetik eskualde mailan konpostajea aurrera eramateko aukeren ezagutzeko azterketa bat egin zen, eta eskualdearen izaerarengatik potentzial handia dagoenez, garbi ikusi da konpostajea dela sortzen diren hondakinak prebenitzeko lehen urratsa.

    Bide horretan, eskualdeko herritar guztiek konpostajea egiteko aukera dute. Alde batetik, autokonposta egongo da, bakoitzak bere lur zati batean egingo duena. Edota bestetik, auzo konposta egiteko aukera ere ematen dute hainbat Udalek.

    Horrela, interesa duten guztiei ikastaroa bera eta beharrezko material guztia ere ematen zaie.

    Ikastaroei dagokienez, azken asteetan hainbat ikastaro egin dira, Lizartzan, Ikaztegietan, Amasa-Villabonan, Berrobin, Alegian, Adunan eta Zizurkilen. Bataz beste, 15-20 familiak hartu dute parte ikastaro hauetan, eta oso positibotzat hartzen dira halako aurrerapausoak, benetan hondakinen kudeaketa herritarren inplikazioarekin hobea izan daitekeela erakusten baitute.

    Lizartza, Zizurkil eta Adunaren kasuan auzo konpostajea jada martxan da, eta familia ugarik tratatzen dute euren organikoa era honetara. Aste honetan zehar, Ibarra eta Tolosan ere ikastaroak izango dira auzo konpostajearen bide honetan.

    Herritarrek konpostajearen inguruan informazio gehiago edota konpostajea egiten hasi nahi badute, horretarako dugun blogean Mankomunitatean edota Udaletan topatuko dute.

    Mankomunitateak markatu zuen bidean beraz, argi dago indargune handia dela konpostajearen bidez organikoa herrietan kudeatzearena. Baina bestetik, birziklatzeari ere garrantzia ematen zaio. Birziklatzea ez luke aukera izan behar, herritar guztiok inplikatu eta birziklatu beharko genuke, ingurumenari eta gizartearen ongizateari zor zaio.

    Apustu argia egina dago Mankomunitatea osatzen duten herri gehienen aldetik, birziklapen tasak ahalik eta gorenera eramatekoa. Horrela, zabortegira edo erraustegira joango den sailkapen ez birziklagarria ahalik eta txikiena bilduz, eta beraz, ahalik eta kalte txikiena egiteko helburuarekin.

    Mankomunitateak eta hainbat Udalek azterketa teknikoak egin dituzte eta herri bakoitzaren kasuan, proposamen bat egin da.

Albiste guztiak ikusi »