Minigarbigune berriak instalatuko dira landa eremuko beste sei udalerrietan
-
Mai22
Aste honetan 6 minigarbigune jarriko dira Abaltzisketa, Alkiza, Albiztur, Belauntza, Hernialde eta Leaburun. Minigarbigune horietan hondakin espezifikoak bota ahal izango dira, Tolosan eta Andoainen herritarrei zerbitzua ematen dieten 2 garbiguneetako edozeinetara joan beharrik gabe.
Ekimen hau Tolosaldeko Mankomunitateak sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren laguntzarekin. Zerbitzu berri honekin, udalerri horietako herritarren irisgarritasuna hobetzen da 10 hondakin mota modu egokian bereizteko, hondakin horiek errefusarekin nahastu edo kalean utzi ez daitezen. Helburu nagusia hondakinen kudeaketa hobetzea eta gaikako bilketa indartzea da.
Zer hondakin bota daitezke?
Minigarbiguneetan zer hondakin mota utzi ahal izango diren argiago izateko, informazio-liburuxkak inprimatu dira, eta jarriko diren 6 udalerrietako etxe guztietara helaraziko dira. Oro har, hondakin hauek utzi ahal izango ditugu:
- Informatika- eta telekomunikazio-aparatuak.
- Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak.
- Brotxak.
- Tinta- eta toner-kartutxoak.
- Kazolak, zartaginak eta mahai-tresnak.
- Pilak.
- Pinturak, barnizak eta disolbatzaileak.
- Bonbillak eta fluoreszenteak.
- Erradiografiak.
Tolosaldeko Mankomunitatetik pertsona guztiak animatzen ditugu zerbitzu berri hau zuzen erabiltzera, ingurumena babesten eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko. Gogoratu behar da erreferentziazko bi garbiguneen zerbitzuak indarrean jarraitzen dutela minigarbiguneetako ahoetan sartu ezin diren hondakin guztiak biltzeko.

