Europar Batasuneko gidalerroak markatutakoa gaindituz, %62,8 birziklatzera iritsi da Tolosaldea

 

2014 urtean, Mankomunitatearekin herrietan emandako aldaketak hauek izan dira:  urtarrilean, ikaztegietan atez ateko bilketa jarri zen, apirilean, Ibarran eta azaroan Tolosako edukiontzi bilketa eraginkorrago bat jarri zen martxan. Gainera, dagoeneko landa eremuko herri guztiek euren organikoa herrian bertan kudeatzeko lanak aurrera eramanak dituzte. Industrian, berriz,  bilketa zerbitzua zabaldu dugu, eta plastiko industrialaren bilketa ere eskaintzen da gaur egun.

 

2014an emandako pausoek aldaketa nabaria eragin dute eskualde honen hondakin kudeaketa datuetan. Hala, aipatutako aldaketa guztiak burutuak zeudela, 2014urteko abenduko datuak azalduko dizkizuegu. 

 

Abenduan, eskualdeko etxeetan %62,8-ko birziklapen datu bikaina lortu dugu. Herritarrak zoriondu eta txalotzekoa zalantzarik gabe.

 

Pausoka pausoka, bidea egiten joan gara azken urteetan, eta alde ederra egin dugu! Aldaketa nabarmenak eman dira, eta aldian aldiko jauzi kualitatiboak bereizi ditzakegu. Azkena, Tolosak eman duena izan da, bere biztanleria handiaren ondorioz, eskualdean eragin nabaria izan duena.

 

Jarraian, Gemma Eceiza teknikariak datuak desglosatu ditu:

 

Mankomunitatea, osatzen duten 28 herriek duten bilketa zerbitzuaren arabera sailkatzen ditugu: Atez ateko bilketa duten herriak alde batetik, eta edukiontzi bidezko bilketa dutenak bestetik. Guztietan, etxeetako hondakinak, arropa eta olioaren edukiontziak, kale garbiketa eta sortzaile berezien hondakinak daude kontabilizatuta.

 

-Atez ateko bilketa duten herriak 7 dira eskualdean, eta 2014an %76,9eko media lortu dute.

 

-Edukiontzi bidezko bilketan, gainontzeko herri guztiak elkartzen dira. Baina hemen, landa eremua, Andoain eta Tolosa arteko desberdintasunak egingo ditugu.

 

-Tolosaren kasuan, azarotik organikoa biltzen da, eta edukiontzien irekiera kopuruak erregulatuta daude bilketa sistemaren eraginkortasuna bilatuz. Hala, %76,5 birziklatzea lortu dute abenduan tolosarrek.

 

-Landa eremuan, 19 udalerri ditugu eta organikoa herrian bertan kudeatzeko ahalegina egiten dute. Herri bakoitzak bere erara ditu moldaketak eginda eta bilketa bateratua dutenez, emaitza ere bai, landa eremuan hondakinen %58,5-a birziklatzera bideratzen da.

 

Baina kopuru horri, aurrez aipatu bezala, herrian bertan kudeatzen duten organikoa ere gehitu behar zaio, bertan birziklatzen baitute. 2778 familia konpostatzaile daude, 600 mila kilo urtean konposta bidez kudeatzen dituztelarik. Kilo guzti horiek sistematik kanpo geratzen dira, beraz kostuak ere murriztu egiten dituzte udalerri horiek. Kilo asko dira modu honetara kudeatuak, baina eskualdeko datu orokorretan ez daude sartuak, hala balitz, eragin handia izango lukete.

 

Azken hilabeteetako beste lan bat, karakterizazioena da, eta bereziki landa eremuko herriei lagunduko die honek. Euren errefusean zer doan karakterizatzen dute lan hauek, eta beraz, kudeaketaren balorazioa egiteko ahalmena izaten ari da herri bakoitza. Egoera ezagutu ondoren, hobekuntzak egiteko aukera izanez. Karakterizazio hauen ondorioak ikustean, herrien arteko desberdintasunak sumatzen dira. Izan ere, errefusean organiko gutxiago edo gehiago agertzen da, eta hori, bilketa sistemaren ezaugarrien araberakoa izaten da. Hala, errefusaren edukiontzia mugatuta duten herri batean, organikoaren kudeaketa egokiago bat egiten da. Errefusean organiko kopuru txikia eta finean, benetan birziklatu ezin diren hondakinek osatutako errefusa izaten da.

 

Hemendik aurrerako, lanketa desberdinak eremu honetan zentratuko dira, bilketa sistema hauek oraindik margena ematen baitute emaitza hobeak lortzeko aukera izanez.

 

-Azkenik edukiontzi bidezko bilketan Andoain dugu. Andoainen ez da organikoa bereizita jasotzen, eta abenduan, Andoaingo hondakinen %32,8-a izan zen birziklatua.

 

-Industriaguneetan ere hobekuntza lanak egin ditugu azken hilabeteetan. Enpresa bakoitzaren beharren araberako bilketa eskaintzen zaielarik gaur egun. Hala, egurra, papera eta kartoia, errefusa eta plastiko industriala biltzeko zerbitzua eskaintzen zaie. Era honetara, industriaguneetako birziklapen datua %55,7 izan zen abenduan.

 

-Eta azaltzeko geratzen zaigun beste adarra, garbiguneko datuena dugu. 2013ko urrian Andoaingo garbigunea ere martxan jarri genuenetik, bi gune ditugu eskualdeko biztanleek euren hondakin berezi horiek eramateko. Bi garbiguneen bidez, 2014ko abenduan %52,8 birziklatzea lortu dugu. Erabilera datuei begiratuta, gremio eta herritarren artean, 20.000 bisita inguru jaso dituzte garbiguneek urte osoan zehar. Garbiguneak erabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, berezko bilketan sartzen ez diren hondakinek kudeaketa egokiena jasotzeko bidean, herritarren parte hartzea oso garrantzitsua baita gbertara eramanez hondakinak.

 

Amaia Azkuek adierazi bezala,  datuetan nabaria da azken urte honetan ere aldaketa egiten jarraitu dugula. %62,8 birziklatzera bideratu dugu eskualdean, Europako Zuzentarauak 2016rako jarritako helburuak dagoeneko beteta ditugu Tolosaldean. Beraz, eskerrik asko herritar guztioi! Gipuzkoako lehen postuetan kokatu gara, eta hori herritarrei esker bakarrik lortzen da.

 

Baina 2014an bakarrik ez dira eman aurrerapausoak. Gure eskualdean, azken urteak oso garrantzitsuak izan dira hondakinen bilketa eta kudeaketa hobe baten bidean, eta horrek, emaitzak ematen dituela nabaria da.

 

Azken lau urteetako datuak konparatzen baditugu, alde ederra egin dugula nabari da. 2011, 2012, 2013 eta 2014ko datuak hartu, eta ondo egiten ari garela ikusten da. Etxeetako hondakinak hartuta kontuan, 2011an, %24a bideratzen zen birziklatzera, eta urtean, biztanleko 353kiloko hondakin sorrera zegoen. 2012an, %26ko birziklatze datua, eta biztanleko urtean 345 kiloko sorrera. 2013an, %32ra igo zen birziklatzen genuena eta biztanleko 315 kilo hondakin sortzen genituen urtean. Iazkoan, %45eko birziklatze media dugu, eta biztanle bakoitzak 300 kiloko hondakin sorrera izan dugu.

 

Birziklapen datuari begiratuta, 2011koarekin konparatuta, portzentaiak %87ko igoera izan du.

 

Kilo kopuruari dagokionez, %15 gutxiago sortzen dugu. Zoriontzekoa hau ere, era honetara, bilketa maiztasuna jaitsi baita eta gutxiago sortzean, tratamentu gastuak ere murriztu baitira.

 

Hondakinen sorrerak izandako jaitsiera hau, ezpairik gabe, prebentzio neurrie esker gertatu da, konpostajea izanik protagonista nagusi. Baina prebentzion kokatze ditugu ere, martxan dagoen tupper kanpaina zein aurten egitekoa dugun ur pitxarren kanpainak.

 

Datozen hilabeteetan baita ere, hondakin arriskutsuen bilketa herri guztietara zabaltzea aurreikusita dugu. Herritarrengandik gertuago kokatuz gabirguneetako zerbitzua.

 

Hasieran aipatu bezala, iazkoan emandako aurrerapauso guztiekin, gaur hemen azaldu dizuegun 2014 urte amaiera hori izango da 2015erako abiapuntua. Abiapuntua, goranzko joera izatea baita aurreikuspen hoberena. Horregatik, lehen Tolosari eskua luzatzen genion bezala, gaur Andoaini luzatu nahi diogu, euren organikoaren bilketari ekin eta hondakinen kudeaketa egokiago batekin, bertako zein eskualdeko datuok iraultzen jarrai dezagun. Orain artean bezala, Mankomunitatetik bidelagun izango gaituztela adierazi nahi dugu, hondakinen gestio hobeago bateranzko bidean.

 

Izan ere, eskualdeko herri guztiek, euren herri programetan aipatzen zuten bezala, hondakinen kudeaketa egokiranzko bidea hartu dute azken urteetan. Hasieratik, eskualde bezala, herrietatik eta herritar arduratsuekin batera eman den aldaketa izan da. Argi baikenuen, beste batzuen eskutan, beste azpiegitura mota batzuen bidez, arduragabe jokatuta, ez genuela halako emaitza onik lortzerik, eta gainera, gure ingurumena, osasuna zein ekonomia hipotekatuko baitziren hala egin ezkero.

 

Azken emaitza hauekin, eskualdetik eta arduraz jokatzeak izan dituen onurak berresten ditugu. Gure ondorengoentzako eskualde eta Gipuzkoa osasuntsuago bat eraikitze bidean pauso handia eman dugu eta beraz, herritarrei zorionak eta eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu. Eurei esker ari baikara eskualdea aldatzen, ingurumenarekin errespetua duen eskualdea garela erakusten ari gara, ohiturak aldatu ditugu eta hobeak hartu ditugu. Harro egoteko moduko datuak ditugu, eta hemendik aurrera, sistema bakoitzaren eraginkortasuna bilatzea izango da bidea.

 

Pausoka, pausoka bidea egiten joan gara, eta eskualde berde berde batean bizitzea lortzen ari gara. Arduraz jokatzen duten biztanleok osatzen dugu eskualde hau, eta guztion artean alde ederra egin dugu! Bejondeigula!

 

Hemen, 2014ko datu guztiak ikusteko aukera.

 

 

Ontziratu zaitez! kanpainako lehen zozketa

Jarraian, arrandegi bakoitzeko zenbaki irabazleak:

Amaitzeko, zerrenda honetara azken asteetan batu den beste arrandegi baten berri eman nahi dugu, Anoetako Arantxa arrandegia. Abenduko zozketatik aurrera parte hartuko du arrandegi honek, eta beraz, dagoeneko hasia da tupper erabiltzaileei zozketan parte hartzeko boletoak banatzen.

Erabili tupperra eta zorte on guztioi!

Ontziratu zaitez! kanpaina Tolosaldean

Datozen egunotan Tolosaldeako hainbat saltoki ontziratuko dira Kutxa Ekoguneak bultzatutako kanpainaren bidez eta Tolosaldeko Mankomunitatearen elkarlanari esker. Izan ere, udalerriko arrandegietan tupper berdea erabiltzen hasiko dira paper eta plastikozko bilgarriak ekiditeko asmoz.

Ontzi berrerabilgarriak, ONTZIRATU ZAITEZ! lelopean

Ontziratu zaitez kanpainarekin produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”, azaldu du Amaia Otazok, Kutxa Ekoguneko kontsumo jasangarri sailetik.

 

Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute Tolosaldeko Mankomunitateak eta Kutxa Ekoguneak: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. “Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera”.

 

Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.  “Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da”, gaineratu da.

 

“Hondakinen sorrera gutxitzeko gure helburuarekin bat egiten du Ontziratu Zaitez! kanpainak eta Mankomunitatetik erraztasun guztiak jartzen arraituko dugu orangoan ere.” adierazi du Amaia Azkue, Tolosadeko Mankomunitateko ordezkariak.

Tolosaldeko Mankomunitatea azken urteetan zero zabor ibilbidean ari da ematen bere pausoak. Hala, hondakinen kudeaketa ahalik eta egokiena egitea duelarik Mankomunitateak helburutzat. Mankomunitatea osatzen duten herri gehienek dagoeneko eginak dituzte hondakinen kudeaketa egokiago baterako aldaketak. Honi esker, eskukaldeko birziklapen datuetan aldaketa nabaria eman delarik. Baina datuetatik at, Mankomunitatearentzat berebiziko garrantzia du "lortzen ari garen kontzeientziazioak ere. Hala, ontziratu zaitez kanpaina hau, ere bide berean kokatzen dugu."

Azkueren hitzetan, "pozgarria da orain artean herritarrekin batera egindako aurrerapena, eta ziur aurrez eginiko kanpainekin bezala, berri honen bidez ere emaitza paregabeak lortuko ditugula"

 

30€ko erosketa sariak

Ontzi berrerabilgarria erabiltzen duten erosleen artean, 30€ko erosketa sari bat banatuko da hilero Tolosaldeako arrandegi partehartzaile bakoitzean, saltokietan gastatzeko. Zozketak 9 hilabetean zehar egingo dira herri bakoitzean, beraz, hilabete bakoitzean 27 erosketa-sari banatuko dira Tolosaldean.

 

Nola eskuratu ontzi berrerabilgarria?

Azaroaren 1etik aurrera eskualdeko herritarrek ontzi berrerabilgarria jasotzeko aukera izango dute 0,50€ ren truke. Guztira, 4250 ontzi berrerabilgarri jarriko dira salgai honako arrandegi kolaboratzaileetan:

 

 

ADUNA

– Todo Todo

ANDOAIN

–          Saldias

–          Bitoria

–          Begoña

–          Carrefour

–          BM La Salle

–          Eroski

–          Super Amara

 

IBARRA

–          Bikoitz

–          Loyara

IRURA

–          Nerea

TOLOSA

–          Artola

–          BM

–          Todo Todo

–          San Sebastian

–          Eroski

–          Itsaskide (Merk&to)

–          Pescadería del Cantábrico

–          Arantxa

–          Kaia

–          Belen

VILLABONA

–          Mutio

–          Itsaskide

–          Miguel Ruiz de Amiano

–          BM Supermerkatua

ZIZURKIL

– Zubeldia

 

 

 

ONTZIRATU ZAITEZ! ZENBAKITAN

Kutxa Ekoguneak ekimen hau Gipuzkoako hainbat udalerritan martxan jarri zuenetik, saltokietako jabeei proiektu honek abantailak besterik ez dizkie ematen. Izan ere, talde honen adostasun eta lankidetzarik gabe proiektuaren garapen egokia bermatzea oso zaila litzateke.

Gaur egun tupperraren kanpaina Gipuzkoako 30 udalerritan dago martxan eta horretarako 70.000 ontzi berrerabilgarri banatu dira Ontziratu zaitez! lelopean.

Kanpainaren ondorioz, batez beste 26.000 erosketa egiten dira hilero ontzi berrerabilgarria erabiliz. Honek hilean 145kg paper eta 15.600 plastikozko poltsen aurrezpena suposatu du.

Birziklapen mailak handituz doaz, eskualdean ditugun eredu desberdinei esker

Mankomunitatea osatzen duten herri guztiek dute dagoeneko aurrera daramaten edo eramango duten proeiktua esku artean. Herri bakoitzaren izaera edota ezaugarriak direlata, bakoitzak bere eredua garatu du.

Eskualdean gauzak hain garatuak izateak, eredu desberdinen araberako bilketak egitea ahalbidetzen digu. Hala, orain artean ez bezala, orain bilketa sistemeka banatuta, herrien datu errealagoak eskuratzeko aukeran gara.

Mankomunitatearen lan ildoak prebentzioari pixu handia eman izan dio azken urteetan. Hala, materia organikoa konpostajearen bidez kudeatu eta bilketa sistematik at jartzea izan da gakoa.

Prebentzioari ematen diogun garrantzi hori, emaitzak ematen hasia da dagoeneko: Iazko lehen 5 hilabeteak hartu eta aurtengo lehen bost hilabeteekin konparatzen badugu, 650 tona hondakin gutxiago sortu ditugu eskualdeko etxeetan; pertsonako 80 gramo egunean. Hori, konpostajeari esker, krisiaren ondoriozko kontsumo jaitsierari eta kontsumo arduratsuagoko ohiturak ditugulako izan dela uste dugu.

Konpostajean jarri dugu orain arte indar handiena, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Eskualdean, banakako, bizilagunen arteko zein auzo konpostajea egiten duten 1800 familia inguru baitaude. Horretarako, Mankomunitateik 1200 konpostagailu banatu ditugu.

Mankomunitateak eskaintzen dien zerbitzuaren arabera, gaur gaurkoz 3 taldetan banatzen ditugu eskualdeko udalerriak:

Alde batetik, landa eremuko herriak ditugu. Eskualdeko 19 udalerrik osatzen dute lehen multzo hau. Herri hauen bilketa, bateratua da dagoeneko eta Zero zabor izaeran lanean ari dira, euren organikoa herrian bertan kudeatuz eta errefusa ere kontrolpean izanez.  Dagoeneko 15ek hartu dute bide hau eta aurreratzean, gainerako herriek ere bide bera hartuko dute.

 Azken hilabeteetako datuak ikusita, %55,7an kokatzen da euren birziklapen tasa. Baina materia organikoa guztia herrian bertan kudeatzen dutenez konpostajearen bidez, birziklatzen den kopuru horri gehitu beharko genioke zabortegira bideratzen ez den kopuru hori ere. Era xume batean, azpiegitura handirik gabe eta herritarren arduraz egindako lana da hau, eta benetan eskertu eta zoriontzekoa dela deritzogu. Eskualde osoko biztanleriaren %14,3a izanagatik ere, 19 udalerri dira eta beraz, eskualdearen parte garrantzitsua osatzen dute.

Konparaketa interesgarria, landa eremuko herrietan konpostajearen lanketa egin aurretik eta egin ondoreneko datuena. Karakterizazio horretan, errefusaren edukiontzien edukia biltzen da astebetean zehar, eta bertan dauden hondakinen sailkapena egiten da. Argi denez, Larraulgo kasuan, oraindik lanketa egiteke zutenean, errefusa ez da beharko lukeena soilik. Birziklatu ahal zitekeen hainbat hondakin ere agertzen baitira. Aldiz, Berastegin jada lanketa egin ondoren egin zen karakterizazio bera, eta ikus daitekeenez, oraindik inpropio batzuk egonagatik ere, errefusera bideratzen den zati handiena, benetan errefusa da. Badago oraindik zer hobeturik (laurdena) baina aldaketa nabaria da ezbairik gabe.

Bestetik, atez ateko bilketa duten herriak ditugu: eskualdean dagoeneko 7 dira atez ateko bilketa eredua dutenak. Eta beraz, euren bilketa bereizia dute.

Alegia, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkil izan ziren orain dela urtebete eskualdean bilketa berri hau jartzen zuten lehenak. Ondoren, urte hasierarekin Ikaztegieta hasi zen, eta apirilean Ibarra ere gehitu zen eredu berera. Daramaten denbora tarteak desberdinak izanagatik ere, guztiak zoriondu beharreko lana egin dute, eta herritarren lan txalogarriari esker, emaitza paregabeak lortzen ari dira 7 herri hauek.  Azken hilabeteetan (Ibarrak ere parte hartzen duenetik), % 77,7an kokatu direlarik batazbestekoa eginda. Sistema berria ezartzean genituen aurreikuspenak betetzen ari gara, eta markatutako helburuak eskuratzen.

Errefusa, kopuru oso txikira igaro dela nabari dezakegu, lehengo %30aren ingurutik, %22ra jaistea lortu da sistema honen bidez. Organikoa biltzearen garrantzia ere nabaria da, etxeetan sortzen dugun hondakinik gehiena berau baita. Gainera, datu hauek jasotzen ez dituzten kopuruak ere kontutan hartu behar dira; atez ateko bilketa duten herrietako landa eremuan, organikoa norbanakoak konpostajearen bidez kudeatzen du, eta herriguneetan ere asko dira auzo zein banakako konpostagailuak erabiltzen dituztenak.

Aipatzekoa ere, paperaren portzentaia zerbait altuagoa izan beharko lukeela, Villabonako papera eta kartoia ez baitaude jasota datuotan.

Eskualdeko biztanleriaren %31ak, hartzen du parte atez ateko hondakinen bilketa ereduetan, eta aurrerago ikusiko dugun moduan, eskualdeko datuetan eragina du.

Azkenik, bi herri urbano ditugu: Tolosa eta Andoain. Gaur gaurkoz, oraindik hondakinen kudeaketan aldaketa ez dutenez egin, euren bilketa bateratuta dugu eta emaitzek ez dute azken hilabeteetan aldaketa nabaririk izan hauen kasuan; %30,2ko birziklapen tasa dutelarik. Horrek, datu globaletan eragin handia izaten du, eskualdeko biztanleriaren %54a osatzen baitute bi hiri hauek.

Bi hiriekin lanean ari gara eta gure baliabide guztiak euren eskura jarrita ditugu, eurek ere aurrerapenak egin eta hondakinak hobeto kudeatzen hasteko. Tolosaren kasuan, lanak aurreratuak ditugula esan daiteke, eta ikasturte berriarekin sistema egokiago bat martxan jartzeko aukeran izango gara.

Mankomunitateak zerbitzu ematen duen beste eremuak, herriguneetako bilketetatik at geratzen diren industriaguneak eta garbiguneen zerbitzua ditugu.

Industriagune eta enpresetan, birziklapen maila %47,8koa izan dugu urteko lehen hilabete hauetan. Zerbitzu hau, errefusa, kartoia eta egurraren bilketak osatzen dute.

Eta azkenik, Garbiguneek ematen dizkiguten emaitzak ditugu. Andoaingo garbigunea irailean irekita, aurtengo lehen hilabete hauetako datuak iazkoak baina altuagoak izan dira. %41a birziklatzen delarik garbiguneen bidez. Erabiltzaileen datuak ere baditugu; azken 5 hilabete hauetan, 2075 enpresak eta 3300 partikularrek erabili dituzte ditugun Tolosako eta Andoaingo garbiguneak. Bietan dugun berrerabilguneak berriz, 272 lagunek erabili dituzte.

Beraz, orain artean azaldutako datuak hartuta, eskualdean dugun birziklapen maila %42an kokatzen dugu aurtengo urtarriletik maiatzerako tartean. Iazko tarte berarekin konparatuta, diferentzia nabarmena ikus daiteke, orduan, eskualdean sortutako hondakin %35,5a birziklatzen baitzen.

 

ETROKIZUNA:

 Urtea amaitzerako, sistema desberdinak egonkortuago egongo dira eta Andoain eta Tolosak ere euren bilketa eredua eraginkortuko dutenez, urte amaierarako aldaketa gehiago aurreikusten ditugu. Tolosak, ikasturte hasierarekin batera, aurrerapausoa emango du bere bilketa sistema berriarekin, eta bere 18.500 biztanleek, ziur gaude eragin handia egiteko aukera izango dutela egun ditugun birziklapen zenbatekoetan.

Hurrengo ikasturteari begira jarrita, hainbat proiektu ditugu eskuartean:

Alde batetik, industriaguneei ematen zaien zerbitzua zabaldu eta hobetzeko pausoak emango ditugu. Euren eskaerei erantzunez, plastiko desberdinak biltzeko aukera zabalduko baitugu. Bilgarriak, flejeak, porexa eta plastiko zurrunak biltzeko zerbitzua martxan jartzea aurreikusten dugu udazkenean.

Orain artean bezala, prebentzioari eskutik helduta jarraituko dugu. Hala, konpostajea ezarpen eta jarraipen lanek aurrera jarraituko dute eskualdean. Materia organikoa herrietan bertan kudeatzeak duen garrantzia zabaltzen jarriatu nahi dugu, hondakinen sorrera prebentzioa gakoa baita.

Datorren ikastutean ere, herritarrekin eta herritarrentzat lanean jarraitzea izango dugu helburu. Hondakinen sortzaileak herritarrak geu garenez, erraztasunak eta laguntza eskaintzea gure lana izango da oraingoan ere.  Hala, hondakinen sorrera murriztea eta kontsumo ohitura arduratsuak izateak duen garrantzitsua zabaltzen jarraituko dugu. Tupperren kanpaina, pixoihal berrerabilgarriena zein pitxarren kanpainak garatuz, sentsibilizazioa eta informazioa zabaltzea izango ditugu helburu.

Orain artean bezala, herritarren parte hartzeari emango diogu indarra. Hondakinen sortzaileak direnez, hondakinen kudeaketa egokiak egiteko protagonistak eurak baitira. Herritarrengandik gertu jarraituko dugu, gure baliabideak eskura jarriaz eta laguntza emanez.

Guztion betebeharra da gauzak ongi egitea, eta Tolosaldeak baditu dagoeneko urte pare bat, bide horretatik doala. Hobetze lana besterik ez zaigu geratzen eskualde honetan, perfezkionatzea. Ezarketa gehienak eginak ditugu dagoeneko eta beraz, hauek txukundu zein eraginkorrago bihurtzea izango dugu gakoa. Guztion artean, orain arte bezala, ondo egiten jarraituko dugu.

 Ondo ari gara, eta hobeto egingo dugu. Konfidantza guztia dugu euren kudeaketa hobetu duten eta hobetuko duten herriengan. Aldaketak, ez dira goizetik gauera egiten, esfortzu txiki zein handiak eskatzen dituzte maiz, baina emaitzak balioko digu. Eskualde jasangarriago baterantz goaz, kudeaketa hobea duten herrietarantz, eta guztiok, Tolosaldea zein Gipuzkoa osasuntsuago bat egiten lagunduko dugu. Ingurumenari eta oraingo zein ondorengo gure herritarrei zor diegulako, jarrai dezagun bide eredugarri honetatik.

Elkarrekin, alde ederra egiten ari gara!

Eskualdeko eredu desberdinak azaldu dituzte Madrilgo eskualdean Tolosaldeko ordezkariek

Madrilgo eskualdean, Guadarrama mendilerroan kokatuta, El Boalo, Cerceda eta Mataelpino herriek osatzen duten Udaletxean izan ziren eskualdeko ordezkaritza. Amaia Azkue Berastegiko zinegotzia eta Mankomunitateko ordezkaria, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Jexux Peñagarikano, Ibarrako alkatea.
 
7100 biztanle inguru osatzen dituzte hiru herrixkek, eta euren udaletxea, El Boalo herrian kokatzen da. Bertan izan ziren, eskualdeko hondakinen sistema desberdinak azaltzen. Ingurugiro azoka bat ospatu zuten asteburuan zehar herritarrek, eta Tolosaldeko hondakinen esperientzia ezagutu nahi izan zuten, antolatuta zituzten ekimenen artean.
 
Adunako herriak Conama saria irabazi zuenean Granadan, Josu Amilibia alkateak hainbat pertsona ezagutu zituen, eta horietako bat, El Boalo, Cerceda eta Mataepinoko alkatea izan zen. Honi oso interesgarria iruditu zitzaion eskualdean aurrera eramaten ari garen proiektua, eta beraz, honen berri euren herritarrei ere emateko asmoz, gonbita luzatu zuen.
 
Egitarauaren barruan, larunbat goizean, hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia antolatu zen beraz, eta bertan, Amaia Azkuek, Jexux Peñagarikanok eta Josu Amilibiak hartu zuten parte.
 
Bertan, udal ordezkaritza, teknikoak, batzorde buruak eta herritarrak izan ziren Tolosaldekoek esateko zutena. Hala, Amaia Azkuek Mankomunitatearen lan jardueraz azaldu zuen, eta Berastegiko eredua ere bai. Bilketa eredu desberdinak azaldu asmoz, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak atez ateko bilketaren berri eman zuen eta azkenik Josu Amilibiak, Azkuek Berastegiko kasuarekin egin bezala, landa eremuko herrien ereduetako bat azaldu zuen.
 
Bertaratuek, interes handia erakutsi zuten eskualdean aurrera eramandako lanaren inguruan eta eskualdeko ordezkaritzak haien egoera ezagutu eta iritzi eta ideiak trukatzeko aukera izan zuten.
 
Eskualdean herritarrekin batera egiten ari garen lanak geroz eta interes gehiago zabaltzen ari da, izan ere, azken urtean emandako aldaketei esker izaten ari garen
emaitzen iraultzak, merezi du.

Hondakin arriskutsu eta bereziak biltzeko etxolak jarri dira Tolosa, Villabona eta Andoainen

Orain arte, Andoainen, Villabonan eta Tolosan, egutegi bati jarraituz furgoneta bat egoten zen hondakin arriskutsu eta berezi hauek batzeko edota Garbigunera eraman behar izaten zituzten herritarrek. Etxola hauek jartzearekin, furgonetaren zerbitzua kendu egingo da, baina herritarrei erraztasun gehiago eskaintzea izan dugu helburu, hala,  hondakin arriskutsuen kudeaketa ere hobetzea lortuko dugularik.

Herritarrek eskuragarriago izango dute hondakin mota hauek eramateko gunea, eta horrek erabilera handituko duela aurreikusten da. Era honetara, gehiago izango dira jaso beharreko tratamendu egokia jasoko duten hondakin arriskutsuak.

Hurrengo kokalekuetan aurkituko dituzte herritarrek etxolak:

Andoain: Apeaderoan, Taxi geltokiaren alboan

Villabona: Mintzola eraikinaren alboan

Tolosa: Emeterio arresen

Lehendik ere halako adibiderik badugu eskualdean. Izan ere, olio begetala edukiontzietan biltzen hasi aurretik eskualdeko herri guztietara furgoneta bat joaten zen egun eta ordutegi zehatz batzuetan. Olioaren kudeaketan pauso kualitatibo handi bat ematea lortu zen, eskualdeko herri guztietan olio begetala eramateko edukiontziak jarri zirenean. Hasieran jauzi handia eman zen edukiontziak jartzearekin, eta geroz, goranzko konstantean dugu eskualdean landare olioaren birziklatze tasa ere.

Adibide horrek, kudeaketa egokira eraman gintuen moduan, orain etxolak jartzeak ere bere emaitzak emango dituela aurreikusten dugu. Hondakin mota honi arriskutsu deitzeak adierazten duen moduan, kudeaketa egoki bat gabe, ingurugiroarentzat zein osasunarentzat oso kaltegarri izan daitezkeen hondakinei beharrezko tratamendua ematea dugu helburu, eta ziur gaude etxola hauen bidez geroz eta gutxiago izango direla zabortegietara bideratzen diren hondakin arriskutsuak.

 

Honakoak dira etxola hauen bidez bilduko diren hondakin berezi eta arriskutsuak:

  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak,  patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak…
  • Kotxeko bateriak
  • CDak eta DVDak
  • VHS bideo zintak eta musika kaseteak
  • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)
  • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak
  • Erradiografiak
  • Aerosol beteak edo erdi beteak
  • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk egon ez dadin)
  • Tinta eta toner kartutxoak
  • Margoak eta brotxak (ondo itxita)
  • Motore olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)
  • Fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

 

Etxolak, zulo desberdinak izango ditu herritarrek dagokion lekura botako dituztelarik  hondakin arriskutsuak. Horretarako, zulo bakoitzak forma desberdina du eta irudi zein testu bidez lagundurik egongo dira guztiak. Biltzaileak etortzean dagoeneko kaxetan sailkatze lana egina izango da eta ondoren, gai bakoitzari dagokion tratamendua ematera bideratuko ditu kudeatzaileak

Tolosan San Blasen dagoen Garbigunea eta Andoaingo Leizotz industriaguneko Garbigunearen bidez ere kudeatzeko aukera badago aipatutako hondakin arriskutsuak baina etxola hauen bidez, zerbitzua eskuragarriagoa jartzea dugu helburu.

Mankomunitatea osatzen duten gainerako udalerrietan, oraingoz etxolarik ez dugu jarri, baina Udaletxe gehienetan dago aukera Garbigunera eraman beharreko tamaina txikiko hondakin arriskutsu hauek uzteko. Hondakin mota hauei herritarrek tratamendu egokia emateko aukera zabaltzea da Udaletxeetan jarritako kaxa horien helburua.

Herritarrei adierazi nahi diegu, oso garrantzitsua dela guk sortzen ditugun hondakinei kudeaketa egokiago bat emateko aukera badugu, ematea. Ohiko edukiontzi berdera botatzearekin, arriskuan jartzen da ingurumena eta biztanleen osasuna. Herritarrei aukerak zabaltzea da helburua, guztion artean ahalik eta kudeaketa egokiena emateko hondakin mota hauei ere. 

Mankomunitateak bide jasangarri eta eraginkorrenaren bidetik jarraituko du lanean

Lehengo astean Mankomunitatea osatzen duten herrietako ordezkariekin eginiko batzarrean, hainbat gai onartu  ziren, aurtengoan ere kudeaketa egoki bat egiteko beharrezkoak izango ditugunak.

Hala, hondakinen bilketa zerbitzua ematen digun enpresarekin kontrato aldaketa bat egin dugu, eta honi esker, Mankomunitateak ematen duen zerbitzuak  hobekuntzak izango ditu.

Onuretako bat, kartoi komertzialaren bilketa zerbitzua izango da.  Bilketa gehigarri honen bidez, gaikako bilketa egiteko zerbitzua zabaldu nahi dugu. Era honetara, komertzio eta sortzaile bereziei asteazken eta larunbatetan euren komertzioen kanpoan bilketa egingo zaie, gaikako bilketa handituz.

Kontratuaren aldaketaren parte izango da, Ibarraren bilketa eredu berria ere. Ibarrak ere atez ateko bilketa sistemaren alde egin du, eta ostiralean hasi zen eredu berriarekin. Mankomunitateko batzarrak, osotasunean onartu zituen zerbitzuaren aldaketak.

Eskualdeak hartu duen noranzkoa, geldiezina da dagoeneko. Herriek, lanketa eta plangintza sakonak egin dituzte euren herrietan, eta hori txalotzekoa da. Gauzak ondo egitearen alde ari gara lanean, eta aurrerapausoak herrietan bakarrik ez, mankomunitate osoan ere nabaritzen hasiak gara.

Herriek, hondakinen kudeaketa egoki eta jasangarri baten alde lanketa handiak egin dituzte. Hala, landa eremuan kokatuta ditugun 19 udalerriek euren hondakinak egoki kudeatzeko bidea hartua dute aspalditik. Herri hauen ardura eta nortasuna direlata, sortzen duten materia organikoa herrian bertan kudeatzen dute. Dagoeneko 14 herri dira eskualdean, eta urte hau amaitzerako,  beste 5ek ere bide bera hartuko dutela aurreikusten dugu.  

Eskualdean baditugu bestelako eredu egokiak aurrera eraman dituzten herriak ere. Ostiralean Ibarra ere batu zen, eta guztira, 7 herri ditugu eskualdean atez ateko bilketa eraginkorra egiten dutenak.

Herritarrak euren arduraren jabe jokatzen ari dira, eta sistemak hala bideratzen duenez, hondakinak oso ondo bereizten dituzte euren etxeetan.

Lanketa guzti hauei esker, birziklapen tasa %43ra eraman dugu eskualdean. Geroz eta gertuago dugu beraz, Europatik arautzen den  %60 birziklatze tasa  eta Gipuzkoar asko bezala, aipatutako zifrak lortzen jarraituko dugu tolosaldean ere.

Mankomunitatean gauden egunetik, helburu argia izan dugu fiskalitate ereduari dagokionez. Hain zuzen ere, sortsez besteko ordainketa dela justuena deritzogu. Orain arteko fiskalitate ereduarekin eskualdeko herritar guztiengatik ekarpen kopuru bakarra geneukan finkatuta  eta beraz  ez z en isladatzen herriek herritarrekin batera egindako lanketa, hori aldatu beharra zegoela ikusi genuen hasieratik. Hala, fiskalitate eredu aldaketa onartu dugu azken batzarrean.

Herri bakoitzari ematen zaion bilketa zerbitzuaren arabera eta sortzen duen hondakinen arabera egingo dio ekarpena Mankomunitateari. Ondorioz, argia edo urarekin gertatzen den moduan, errefusa gutxiago sortzen dutenek gutxiago ordainduko dute, eta gehiago sortzen dutenek, aldiz, gehiago.

Batzarrean onartu genuen beste gaia, prebentzioaren inguruan aurrera eramango den beste proiektu berri bat dugu. Hondakinen prebentzioari garrantzi handia ematen diogu, eta  Aldundiaren diru laguntzen bidez, konpostajearen laguntzaz prebentzio proiektuak aurrera eramaten jarraituko dugu.

Prebentzioa oinarri hartuta, bigarren konpostaje kanpaina bat eramaten ari gara egun,  eta 1200 konpostagailu gehiagoren ezarketa egiten ari gara eskualdean. Konpostajearen bidez, materia organikoa zabortegira ez bideratzeaz gain, sistematik ateratzen dugu; kosturik eragin gabe eta ongarria emanez herritarrei. Halako lanketei esker, 2013an, %11,5 gutxiago bideratu zen zabortegira. Beraz, ezin kendu garrantziarik herritarrok konpostajearen bidez egiten duzuen prebentzio lanari.

Proiektu berriaren gakoa, konpostajearen ezarketa berrietan oinarritzen da, horien jarraipena ere barneratuko delarik. Eta gainera, herri bakoitzean errefusaren karakterizazioa ere egingo da. Honek, garrantzi handia izango dugu, informazio baliagarri asko ematen baitu hobekuntzak egin ahal izateko. Plangintza guzti hau, bi proiektutan bereiziko da; alde batetik landa eremuan eta bestetik, urbanoetan (atez ateko bilketa sistema ezarrita dagoen  herrietan, Andoainen eta Tolosan).

Ekonomiari dagokionez, 2014ko aurrekontua onartu da. 6.388.700€koa hain zuzen ere.

2013ko likidazioari dagokionez, Mankomunitatea osasuntsu eta zorpetu gabe dagoela lasai esan dezakegu. Ekonomikoki gogorrak izaten ari diren garai hauetan, aurrez egindako kudeaketa desegokiak zuzendu eta ekonomikoki bideragarriagoa izango den kudeaketa ari gara aurrera eramaten. Herri bakoitzak jasotzen duen zerbitzua osotasunean ordainduz eta Mankomunitatea zorpetu gabe, gerakina inbertsioetarako erabiliko dugularik.  Helburutzat  ditugun prebentzioa, eta bilketa selektiboaren goratzea egikarituko dituzten plangintzak aurrera eramateko inbertsioak izango dira hauek.

Hala, Tolosa eta Andoaini eskua luzatzen diegu, euren hondakinak egokiago kudeatzeko lanketa egin dezaten. Bi herri hauen artean, eskualdeko biztanleriaren %55a osatzen dute, eta oso garrantzitsua da, eskualdean gainerako herriek egin moduan, hondakinekin arduraz jokatu eta kudeaketa eraginkorrago baten alde egiteko.

Eredu desberdinen gainetik, helburuak bermatzea da oinarria. Eta gu, helburuak, bete eta aurrerago iristen ari gara eskualdean ditugun eredu desberdinekin. Ez baitago errezeta bakarra, egiteko modua baizik. Herritarrek, ingurumenarekiko eta ondorengoekiko arduraz jokatzea da gakoa, herritarren parte hartzearekin soilik lortzen baitira, egun lortzen ari garen datuak.

Horregatik, gure eskualdeko herritarrei zorionak eman nahi dizkiegu. Datuek esaten duten moduan ondo ari baikara, eta oraindik ere hobeto egingo baitugu.

(argazkia: Ataria)

Ekin diote atez ateko bilketari Ibarran

Herritarrek organikoaren lehen kuboak atera dituzte eta ordezkari politikoek, euren poza erakutsi dute Ibarrak atez ateko bilketa hasten den egunean. Jesus Peñagarikano alkateak, esker hitzak izan ditu herritarrenganako. Herritarren jarrera ireki eta baikorra aipatzeaz gain, euren parte hartzea ere eskertu du, bai aurrez egindako bileretan eta baita kubo banaketan izandako jarrera aktiboarengatik. Izan ere, kuboen %95etik gora banatu da, hainbat etxe hutsen faltan.

Alkateak adierazi duen bezala, eskualdean dagoeneko eredu hau martxan duten herrien bidez frogatu ahal izan du, hondakinak maila altuagoan sailkatzeko gai dela, eta beraz, birziklapen datuak iraultzera doala Ibarra ere esan du.

Ohitura aldaketak hasieran zailak izaten direla onartu du, baina herritarrengan konfidantza osoa agertu du: “Konfidantza osoa dut, ibartarrok, gure ardurekin koerentzian, gauzak ondo egingo ditugula”.

Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkari den Amaia Azkueri eman dio hitza, eta honek, eskualdearentzat zein garrantzitsua izango den Ibarraren parte hartzea azaldu du. Eskualdean 7. herria da Ibarra atez ateko bilketari ekin diona, eta horrela, 19.000 lagunek parte hartzen dute eskualdean sistema honetan. Kudeaketa egoki baten alde egiteagatik txalotu behar dela adierazi du.

Eskualdean, orainarte martxan dauden beste 6 herriekin nabaritu den moduan, Ibarrak duen herritar kopuruari esker, aldea nabaria izango dela adierazi du Azkuek. Eta gehitu du: “Eskualde jasangarri eta osasuntsu batean bizitzeko hautua egin genuen, eta Ibarra ere bide horretan doa“.

Azken hilabeteetan, %43a bideratu da eskualdean birziklatzera, eta zenbateko hori Ibarrari esker hazi egingo dugula baieztatu du. “%60a dugu helburu eskualdean, eta herri bakoitza egiten ari den lanketei esker, geroz eta gertuago dugu”.  Bide horretan, garrantzi berezia eman dio, oraindik kudeaketa egoki baten lanketari ekin ez dioten herriei eskua luzatzean. Tolosa eta Andoain bezelako bi herri handik, eskualdeko biztanleriaren erdia baina gehiago osatzen dutenez, horiek ere kudeaketa egoki bati heltzeko ahalegina egin behar dela adierazi du, eta Mankomunitatetik, orain artean bezala, beharrezko baliabide guztiak jarri ditu euren eskura.

Baina aldaketa guzti hauek, herritarren parte hartzearekin lotuta daude guztiz. Herritarrak dira euren etxeetan arduraz jokatzen dutenak, eta beraz, herritarrak dira eskualdean ematen ari garen aurrerapenaren protagonistak. Euren ardurari esker, helburuetara iristen ari garela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie herritar guztiei.

 “Eskualde jasangarriago, osasuntsuago eta arduratsuago bateruntz goaz, eta poz handia da ibartarrak ere aldaketaren parte izatea” hitz baikorrak esan ditu Amaia Azkuek, bere hitzartzearen amaieran.

Hitzartzeekin amaitzeko, Iñaki Errazkin, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Diputatuak hitz egin du. Honek, Ibarra zoriondu du, Gipuzkoan %60aren helburuarekin hartutako bidean beste pauso garrantzitxu bat izango delako herri hau ere, eta dagoeneko Gipuzkoan dauden 22 herriekin batera, eragin handia egiten joango baita. 23 herri beraz, birziklatzea betebehar dutenak eta Gipuzkoan beste 17 herri (Tolosaldean 14) organikoa herrian kudeatuz. %70atik goruntz birizklatzen kokatzen dira herri guzti horiek, eta horrek, Gipuzkoa erreferente bihutzen du Europan.

Tolosaldeko eskualdea goraipatu du ere, lanean ondo ari dela adieraziz, eta aurrera begira, eredu izango dela esan duelarik. Gipuzkoako birziklatzen rankinean goiko postuetan kokatu du eskualdea, eta txalotzekoak direla adierazi du, ditugun eredu desberdinak.

Ibarra bezalako herriengatik, Gipuzkoako birziklapen tasa bikoiztea lortu dela adierazi du, eta garrantzitsua dela adierazi du, egin den modu lasai eta paketsua. Herritarrak, naturalki atez atekoarekin bizitzen ariko dira Ibarran ere, eta hori poztekoa dela adierazi du.

Amaitzeko, ingurumenari egiten ari diren onuraz gain, atez atekoak ekonomikoki ere onurak dituela azpimarratu du Errazkinek. Lanpostu berdeak sortzen baitira. Herritarren esfortzu txiki batekin, ingurumena errespetatu eta lanpostuak sortzen dituen sistema da, eta beste herriak ere animatu egin nahi izan ditu euren hondakinak era arduratsu batean kudeatzera. 

Gaurtik aurrera, Ibarran ere atez atekoa martxan

Eskualdean beste sei herrik egin bezala, euren herrian ahalik eta gehien birziklatzeko aukera jarri nahi izan dute martxan Ibarran ere. Ingurumen, ongizate eta arrazoi ekonomikoak medio, hondakinen kudeaketan aldaketa kualitatibo bat eman, eta etxe guztietan hondakinak ahalik eta gehien sailatzeko baliabideak ematea izan da helburua.

Dagoeneko dena prest dago, eta herritarrak ere bai. Ibarrako familia guztiek dute euren etxeetan beharrezko material guztia eta baita sortzaile bereziek ere (komertzio, edaritegi, instalakuntza publikoak…), beraz, guztiak bilketa berriarekin hasteko prest gaude.

Iluntzeko 20:00tik 22:00ra atera beharko dituzte kuboak herritarrek, gaurkoan, materia organikoarekin hasiko garelarik.

Herriguneko biztanleek izango duten funtzionamentutik at, landa ingurukoek, konpostajearen bidez eta ekarpen guneen bidez bideratuko dituzte euren hondakinak birziklatzera, aurrez etxean, sailkatu ondoren. Hala, Ibarrako kasuan bi ekarpen gune prestatu dira, kasu zehatzetan, larrialdi gune bezala ere erabiltzeko aukera izango delarik. Bata Izaskunen eta bestea Egialde auzoan kokatu direlarik:

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, edozein arazoren aurrean infomazio bulegoarekin harremanetan jartzea izango dela hoberena. Bertan, kasuz kasuko soluzioak emango baitira.