Etengabeko hazkundea eta ekonomia linealean oinarritutako gaur egungo kontsumo ereduak sortzen dituen hondakinen kudeaketa gizartearen funtsezko kezkatako bat bilakatu da: horien artean, elikagaiak xahutzearena.
Jana bazterrean uztea eta botatzea elikagaien prozesuaren etapa guztietan gertatzen da: ekoizteko orduan, kontsumitzerakoan, banatzerakoan, saltzerakoan eta sukaldatzerakoan. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) jotzen du gure kontsumorako ekoiztutako elikagaien heren bat ez dela inoiz kontsumitzen, galdu edo xahutu egiten da: Tolosaldean guztira, 8.500 tona (179 kg urtean pertsonako).
Datu hauei erantzunez Tolosaldea Garatzenek, Tolosa Gourmet, Tolosaldeko turismo enogastronomikoko klubeko kide diren jatetxe eta tabernekin “ON EGIN eta EGIN ON” ekimena martxan jarri du, Tolosaldeko Mankomunitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.
Helburua, Tolosaldeko jatetxe eta tabernak nahiz Tolosaldeko herritarrak janari hondakinen inguruan hausnartzea eta ekimenera igarotzeko baliabideak eskaintzea da, zerbitzuen sektoretik hasi eta etxeetaraino elikagaien xahutzean eragina izateko. 2030erako, pertsonako eta urteko xahutzen den elikagai kopurua erdira jaistea bilatzen da.
“Ez utzi ezer platerean”
Alde batetik, oraingoz “ON EGIN eta EGIN ON” ekimenera atxiki diren 16 jatetxetan ontzi biodegradagarriak banatuko dira, bezeroak platerean uzten duen bere janaria etxera eramateko aukera izateaz gain, janaria eramate hori plastikorik gabe egin dadin. Dagoeneko hainbat lurralde eta hirietan ohikoa da praktika hau, baina Euskal Herrian ez dago horren zabaldua.
Jatetxeak inplikatuko diren modura, herritarrak keinu txiki hau egin eta soberakinak etxera ematera animatu nahi da: otordua amaitzerakoan etxera eramateko jartzeko eskatzea nahikoa izango da.
Jatetxe eta taberna parte hartzaileak ondorengoak dira: Aburuza sagardotegia, Alkizako Ostatua, Astelena, Beti alai, Botarri, Iriarte, Larraitz gain, Orexako Ostatua, Route 33, Casa Julian, Casa Nicolas, Burruntzi, Ama, Ikatza, Orbela eta Lur-lan.
Establezimendu hauek, formazio bat eta hainbat material izango dituzte eskura, bezeroei modu proaktiboan janari soberakinak etxera eramatea proposa diezaien.
Ontzi hauek plastiko arrunta diruditen arren, PLA material %100 konpostagarriarekin eta %100 biodegradagarriarekin eginda daude. Landaketa jasangarrietan eta errekurtso berriztagarriekin ekoitzitako landareetatik (artoa, azukre kanabera…) eratorritako materiala da.
Ikastaroak
Beste alde batetik formazio saioak eskainiko dira: jatetxe eta tabernentzat, sortzen dituzten jan soberakinekin kalitatezko plater berriak egiten ikasteko tailerra; eta herritarrentzat, etxeko jan soberakinak errezeta berrietan nola berrerabili ezagutzeko ikastaroa.
Izen-ematea
Tailerrak talde txikietan egingo direnez, plazak mugatuak dira. Irakaslea Imanol Zubelzu izango da bi kasuetan.
Jatetxe eta tabernei bideratutako formazioa non izango den zehazteko dago, baina herritarrentzako tailerra Tolosako Solana kaleko Sukal-talka espazioan izango da, urriaren 30ean, 18:00etatik 19:30etara. Izena emateko 688 840 776ra deitu edo ugalde@tolosaldea.eus helbidera idatzi beharko da. Tailer honen prezioa 5 eurokoa izango da.